Asier Altuna eta Telmo Esnal: «Orain pelikula dezente egiten dira euskaraz, eta hori pozgarria da guretzat»
Zinemira Saria ·
Telmo Esnalek eta Asier Altunak zuzendu zuten lehen film luzea izan zen 'Aupa Etxebeste!', euskaraz egindako ekoizpenei ikusgarritasuna eman ziena. Pelikularen 20. urteurrenean, bi zinegileek merezitako aitorpena jasoko duteKameraren atzean gustura sentitzen dira; ez, ordea, aurrean. Argazkilariak non jarri proposatzen die errepotajea irudikatuko duen argazkia egiteko, eta bere esanak jarraitzen dituzte, irribartsu, haien artean txantxetan, protagonista izateak suposatzen dien deserosotasuna gainditzeko. «Asierrek badaki posatzen», dio Telmo Esnalek. «Zuk objektiboari adi-adi begiratu, zure burua ikusten duzun arte», erantzuten dio honek. Datozen egunotan fokuen aurrean gehiagotan jarri beharko dute; izan ere, irailaren 23an Zinemira Saria jasoko dute, Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteak ematen duten ohorezko saria, euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen duena. «Baina hau ez dadila ulertu gure jubilaziorako bultzada bezala...», argitzen dute. Istorioak kontatzen jarraitzeko gogoa badute oraindik.
Publicidad
«Harrituta» hasieran, baina orain «oso eskertuta» sentitzen dira aipamena jasotzeagatik. Aurten hogei urte beteko dira 'Aupa Etxebeste!', bien artean zuzendu zuten lehen film luzea, estreinatu zenetik, eta urteurrenaren harira jasoko dute saria. Pelikula mugarri bihurtu zen euskarazko zineman, lortutako arrakastak ikusgarritasuna eta zilegitasuna eman baitzizkien euskaraz egindako ekoizpenei. «Gure helburua beti izan da euskaraz pelikulak egitea, eta erabakia hartzeagatik errekonozimendua jasotzea oso polita da», aitortzen dute. Hala ere, «guri baino, euskaraz egiten den zineari errekonozimendu bezala ulertzen dugu, horregatik sentitzen dugu saria gurekin lan egin duten guztiena ere badela». 2005ko Zinemaldiko New Directors sailean aurkeztu zen filmea eta Gazteriaren Saria lortu zuen, «Anjelica Houstonek berak eman zigun, imajinatu zer izan zen guretzat!», gogoratzen dute biek. Goya sarietarako zuzendari berri onenaren izendapena ere izan zuten.
'Aupa Etxebeste!' filma oso esperientzia berezia izan zen bi zuzendarientzat. «Errespetu handiarekin egin genuen lana izan zen, lan handi bat zen. Lagun artean egin genuen, tekniko gehienak ezagutzen ginelako, gazteak ginen, eta denontzat erronka handi bat izan zen», azaltzen du Asier Altunak. «Madrilen lanean ibiliak ginen asko lehenago, eta bat-batean pelikula hemen egin ahal izatea, eta euskaraz, oso osagarria izan zen». Pelikularen arrakastak ezustean harrapatu zituen, «zortea» izan zutela ere onartzen dute: «momentua izan zen, jendea zinea euskaraz kontsumitzeko gosez zegoen, komedia zen, ikusteko erraza... ». Umoreak, hain zuen, garrantzia izan du haien ekoizpenetan, «geure buruari barre egiten saiatzen gara, eta, nire ustez, hortik datorkigu umorea», dio Esnalek.
Ibilbide oparoa
Zinemira Saria jasoko dutela jakiteak orain arte egindako guztian pentsatzera eraman ditu bi gidoilariak eta zuzendariak. «Gauza asko egin ditugu, nahi genituen istorioak kontatu ahal izan ditugu, jendeari gustatu zaizkionak, zorte hori izan dugu». Teknikari lanetan hasi ziren biak hainbat film laburretan, eta horrela ezagutu zuten elkar. «Betidanik oso ondo eraman gara», aitortzen dute. Honela, elkarrekin hasi zuten ibilbide zinematografikoa, 'Txotx' (1997) eta '40 ezetz' (1999) film laburrekin. Ondoren iritsi zen 'Aupa Etxebeste!' (2005), eta, geroztik, lan gehiagotan elkarlanean jardun dute; hala nola, 'Urte berri on, amona!' (2011) filmaren gidoian; 'Iraila' (2016) Kalebegiak lan kolektiboaren film laburrean, eta haien lehen film luzearen sekuelan, 'Agur, Etxebeste!' (2019). EITBko 'Brinkola' (2009) telesaila ere zuzendu zuten.
Bakarka, elkarrekin duten komediarako joera alde batera utzi izan dute biek. «Elkarrekin lan egitea gozatu bat da, nahiz eta bi zuzendarik begirada berdina izatea ez den erraza izaten. Horregatik bakoitzak bere istorio pertsonala barrutik kontatzeko garaian, bakarrik egin dugu, baina hori ere polita da», dio Altunak. Gainera, «inkontzienteki», gertuko istorioak kontatu dituzte, «zerbait kontatzeko sentitu egin behar delako», azpimarratzen du Esnalek.
Publicidad
«Gure helburua izan da euskaraz pelikulak egitea, eta horregatik errekonozimendua jasotzea oso polita da»
«Nahi genituen istorioak kontatu ahal izan ditugu, jendeari gustatu zaizkionak, zorte hori izan dugu»
«Azken hogei urteotan egoera asko aldatu da. Orain, hemen, jende asko bizi da zinearen industriaren inguruan»
Honela, dantza tradizionalen bidez, euskal gizartearen erretratu poetikoa egiten duen 'Dantza' (2018) eta existentziari buruz hausnartzen duen 'Urtzen' lanak egin ditu Esnalek, besteak beste. Altunak, bestalde, beste lan batzuen artean, bat-bateko poesian barrena bidaia egiten duen 'Bertsolari' (2011), bizitza ulertzeko bi moduren arteko gatazka islatzen duen 'Amama' (2015), euskal gastronomiaren eboluzioa kontatzen duen 'ARZAK since 1897' (2020) eta Cristina Iglesias eskultorearen obra esploratzen duen 'Hondalea' (2021) zuzendu ditu. Zinemaldiaren aurtengo edizioan ere parte hartuko du, 'Karmele' filmea aurkeztuko baitu Sail Ofizialeko Emanaldi Berezietan, lehiaz kanpo. Txintxua Film ekoiztetxea sortu zuen Asier Altunak Marian Fernandezekin 'Bertsolari' laburmetraia egiteko, «nahi genuena askatasun osoarekin egiteko». Zuzendari bezala lanak erraztu dizkiola onartzen du, baita beste hainbat zinegileri ere.
Zinemaren munduan lehen urratsak ematen hasi zirenean «ez genuen imajinatzen nola joango zitzaigun etorkizunean, egunean bizi ginen, gustatzen zitzaiguna egiten; hau da, istorioak kontatzen, eta ahalik eta pelikula duinenak egiten, jendea pantailari pegatuta edukitzeko», aitortzen du Esnalek. Ordutik, euskal zinema «asko aldatu» dela uste dute, bai kantitatean, bai barietatean. «Orain, pelikula dezente egiten dira, eta hori guretzat oso pozgarria da».
Publicidad
Euskal zinearen momentu ona
Ekoizteko «momentu egokia» dela uste du orain Asier Altunak, baina bere kezkak ere baditu egoera honek «noiz arte iraungo duen». Kenkari fiskalek hainbat produkzio ekarri dituzte, hainbeste, teknikari falta dagoela. «Azken hogei urteotan egoera asko aldatu da. Orain, hemen, jende asko bizi da zinearen industriaren inguruan». Baina, horrek beste aldea ere badu Telmo Esnalen esanetan. «Uste dut gaur egun proiektuak sortzeko garaian ez garela horren independienteak, plataforma eta filtro asko daude, eta horrenbeste produkzio handiren artean ez dakit pelikula txikiek zer etorkizun izango duten. Eta, pena da; izan ere, gu proiektu txiki horietatik atera gara».
Azken urteotan, hainbat euskal zinegilek haien lanak Zinemaldian aurkezteko aukera izan dute, baita Esnalek eta Altunak, «bultzada handia da guretzat», aitortzen dute. Baina baita Zinemaldiaren inguruan sortu den guztia. Kimuak programaren garrantzia azpimarratzen dute bereziki, bertan aurkeztu baitituzte zenbait film labur, «lanak egiten jarraitzeko aitzakia izan da».
Suscríbete los 2 primeros meses gratis
¿Ya eres suscriptor? Inicia sesión