Borrar
Festivaleros

Afterlife Tangerren

Angel Aldarondo

Asteazkena, 25 iraila 2024, 07:44

Comenta

Lerro hauek Zinemaldiko bulego ofizialetako batean idazten ditut: Tanger tabernan. Bertan idatziko dudan azken artikulua izango da, desagertzen ari den hiri kontserbadore honen aztarna koipetsu hau jaialdiarekin batera itxiko baita. SSIFFen inguruko tabernetan digeritzen dugu filmen mozkorraldia, kritikak eta artikuluak erditu, lankideekin ezinezko sinopsiak trukatu, proiektu bideraezinekin ekoizleei estutu, edo deliberatu epaimahai izatea dagokizunean. Guzti hau hormak apaintzen dituzten zine-izar hilen begiradapean, nire burua Karmelo C. Iribarren gisa irudikatuz barran aforismoak zizelkatzen. Ordena naturalari dagokio orain tabernetan zinemetan baino denbora gehiago ematea, ostalariek sortu baitzituzten zinemaldiak turismo-erakargarri gisa; haien komunak maizago bisitatzen ditut, ez erritual faranduleroa konplitzeko, prostataren gatibu baizik.

Baina pozten nau taberna ixteak, bere memorabilia errentistarekin batera. Nostalgia kanibalak irentsitako belaunaldia atzean utzi nahi dut, ikus-entzunezkoen sektoreak bere reboot eta remake-ekin birsortzen duena. Irrikitan nago Euskal Zinema gaseosotik alde egiteko, iraganaldian errodatzera emana baigaude. Burutik borratu nahi dut Zinemaldian sekula bizitako ikuspenik ikusgarriena, Koreedaren 'Afterlife' emanaldia desagertutako Astoria zineman. Bertan, linboan hildakoek beren oroitzapenik onena aukeratzen zuten film gisa eternitatean erreproduzitzeko. Prest nago Rebor gabeko jaialdi berri bat ezagutzeko, emakumezko jakintsu berriarekin, Garberan edo TikTok storieetan filmak ikusteko, edota Hong Sang-sooren majaderiak estimatzeko.

Bat-batean ahots ezagun batek eteten nau, ea zein den nire hurrengo proiektua: «luze baten gidoiarekin nabil» erantzun diot, «desagertutako Bellas Artes zinearen irudiarekin hasten den film batena». Agian oraindik ez nago guztiz prest eta, Karmeloren hitzetan, bizitza baten nostalgia disimulatzen ikasi beharko dut.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Afterlife Tangerren