Xabier Unanue eta Patxi Goikolearen milaka bertso, kontsultagai
Azken hamarkadetako Euskal Herriko bertsolaritza mugimendua ezagutu eta ikertzeko altxor baliotsua direla azpimarratu du Bertsozale Elkarteak
DV
Osteguna, 16 otsaila 2023, 14:15
Duela aste batzuk Xabier Unanuek milaka bertsoren bilduma dohaintzan eman zion Zestoako Udal Liburutegiari, urte luzez 42.000 transkribatu ostean, eta orain Patxi Goikolea arrasatearraren artxiboarekin batera Xenpelar Dokumentazio Zentroan kontsultagai dago. Hala bertsoak transkribatuta zein audioan kontsulta daitezke zentroak duen bertso bilketa sistema propioaren bitartez.
Xabier Unanue Zestoako bertsolaritza taldean ibili zen urte askoan. Berak egindako hainbat grabazio eta berari utzitako beste asko utzi ditu Xenpelarren. 42.000 bertso transkribatuta eta 400 ordu audioan. Asko Zestoan bertan egindako grabazioak, baina baita beste herrietako saio asko ere jasota zituen. Garai historikoari erreparatuta, garrantzia berezia dute 70. hamarkadako saioen audioek. Bildumak ere egin ditu Unanuek: Basarri, Uztapide eta Xalbadorren bilduma bana. Zezenketa eta bertsolaritzaren arteko harremanaren lan mardula ere bai. Bertsoa.eus Xabier Unanuerekin izan da eta datorren astean berak azalduko dizkigu bere lanaren eta dohaintzaren xehetasunak.
Patxi Goikolea Leintz bailarako Almen bertso eskolako sortzaileetakoa da, Xanti Iparragirre eta Joanito Akizurekin batean. Bizi osoa egin du bertsolaritza eragile gisa eta bere bertso bilduma osoa Xenpelar Dokumentazio Zentroaren esku utzi du. 1970 eta 1980ko hamarkadetako audio grabazioak dira batik bat, guztira 185 kasete. Bestalde, grabazio horietan jasotako 330 bertso sorta inguru transkribatu ditu Goikoleak, eta testu horien bilduma ere eskaini dio Xenpelar Dokumentazio Zentroari.
Bilduma hauek tokiko bertsolaritza ondarearen lekuko oparoa izateaz gain, azken hamarkadetako Euskal Herriko bertsolaritza mugimendua ezagutu eta ikertzeko altxor baliotsua direla azpimarratu du Bertsozale Elkarteak. «Urteetako lan mardul hau jasotzen duten bi funts hauek esker onez jasotzearekin batera, inbentarioa egin eta datozen hilabeteetan kontsultarako prest jarriko ditu XDZk bere egoitzan bertan».