Xabi Ricok jantziko dio txapela 2024ko Arabako bertsolari txapeldunari
Duela 40 urte egin zen lehen lehian kantatu zuen bertsolarietako bat, 80ko hamarkadan Arabako lehen bertso eskolen sortzaile eta bultzaltzaile da
Iker Mendia
Asteazkena, 13 martxoa 2024, 14:24
Arabako Bertsozale Elkarteak orain 40 urte txapelketako plazari hasiera eman zion Xabi Rico Iturriotzi aitortza egin eta eskerrak emateko asmoz, martxoaren 16an jokatuko den finalean, 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlear jantziko dio txapela.
Euskara etxean jaso ez bazuen ere 26 urterekin euskaldundu zen eta 1981ean sortu zion bertsoak zirrara, Xabier Amurizaren gidaritzapean UEUko bertsolaritza ikastaroan parte hartu zuenean. Ikastarotik bueltan arabar gazte talde batek Abel Enbeitaren atera jo zuten bertsotan ikasteko asmoz.
1982an Abel Enbeita, Rikardo Gonzalez de Durana, Patxi Aizpurua eta beste batzuekin batera Gasteizko Bertso Eskola sortu zuten. 1980-1990 urteen bueltan, hamarkada oso bat eman zuen bertso eskolako irakasle modura eta Arabako hainbat sariketa eta txapelketetan parte hartu du bertsolari gisa gehien bat, baina baita epaile, gai jartzaile, biltzaile edota antolatzaile gisara ere.
Arabako Bertsolari Txapelketak XVI. edizioa jokatzen duen honetan, 40 urte pasa dira lehena jokatu zenetik. Lehen txapelketa eta gero etenaldia izan zen eta 1990etik 2001era bitartean Prudentzio Deuna Estibalizko Ama bertso Sariketa izan zen Arabako bertsolarien indarrak urtero neurtzeko plaza. 2002an berriz ere Arabako Bertsolari txapelketa bezala jardun zuen ekimenak, urtero 2009ra artean. Orduan erabaki baitzen, gaurdaino, bi urtetik behin heltzea lehiari.