«Utziguzue gazteoi gure buruaz hitz egiten, agian ikasiko duzue zerbait»

Iñigo Dierez idazlea/
Iñigo Dierez idazlea

«Irakurtzea eta idaztea eskutik doaz», dio. Orain arte irakurle amorratua zen. Lehen nobelarekin, umetako ametsa bete eta idazle bilakatu da

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDIDonostia

Nortasun agiriak dio azkoitiarra dela, 1993an jaio zela, eta Iñigo Antsorregi Dierez dituela izen–abizenak. Aktorea da, gidoigilea eta idazlea. Aurreneko nobela argitaratu berri dio Elkar-ek, 'Katu', gazteei zuzendutako Taupadak sailean. Bidean du bigarrena.

– Atariko literario handirik gabe heldu zara, ia zuzenean, nobelara. Nondik dator Iñaki Dierez idazlea?

– Txikitatik izan naiz oso irakurlea, aitonak transmititu zidan zaletasuna. Idazteko joera ere beti izan dut. Aktore izan nahi nuelako hasi nin­tzen antzerkian, baina konturatu nintzen an­tzerkirako idaztea ere gustatzen zi­tzaidala. Gero probatzen joan naiz, antzerkiko gidoiak, telebistan ere jardun dut gidoigin­tzan... Hala ere, idazle batek beti du gogoa nobela bat idazteko. Hori da sari handia eta, nire kasuan, beti izan dut egunen batean nobela bat idazteko ametsa.

– Azkenean gauzatu da. Aurren-aurreneko nobela duzu 'Katu'?

– Ez da idatzi dudan lehenengoa, ez, aurretik baneuzkan eginda pare bat saialdi. Nobela batek denbora asko eskatzen du, mikroantzerkiaren edo telebistarako gidoi baten aldean lan handia da... 'Katu' idazteak, esate baterako, bederatzi bat hilabete eskatu dizkit. Horrez gain, idazle bezala oso entrenatuta egon behar duzu nobelarako. Lehen nobela haiek idazten hasi nin­tzenean akaso ez nin­tzen oso errealista izan, pentsa­tzean amaitzeko gai izango nintzela... Oraindik ere ez daukat eskarmentu handirik baina, hala ere, diferentzia handia nabaritu dut. Uste dut aurreneko nobelak izan zirela hain zuzen behar nuen entrenamendua.

– Berreskuratuko dituzu inoiz bi eleberri horiek?

– Bat guztiz deskartatuta daukat. Besteak aktoreen mundua du gai nagusia, baina Isidoro Fernándezek gaiari buruzko nobela bikain bat idatzi du, 'Casting', oso erreala eta dibertigarria. Hortaz, tematika berdina izanda, eta Isidorok nik baino hobeto egin duela kontuan hartuta, nobela hori ere ia deskartatu egingo nuke. Gaiaren inguruan irakurri nahi duenak, hobe du Isidorena irakurtzea nirearen zain egotea baino.

– Liburuaren aurkezpenean aitona aipatu zenuen, oraintsu ere bai. Asko zor diozu irakurtzeko eta idazteko grina handia zuen aitonari?

– Bai aitonaren bai amonaren itzala handia da. Gurekin bizi ziren eta niretzat izan ziren bigarren aita eta ama. Aitonak, zehazki, irakurtzera eta idaztera bultzatu ninduen, eta niretzat irakurtzea eta idaztea eskutik helduta doaz. Beragatik ez balitz, ez dut uste gaur egun idazlea izango nintzenik.

– Zer irakurtzen zenuen txikitan?

– Bi irakurketa mota ditut gogoan. Eskolan zen 'irakurri liburu hau eta hurrengo astean azterketa'. Presio eta derrigortasun horrekin gaizki pasatzen nuen, nahiz eta liburu batzuk oso onak izan. Aitonak, aldiz, ez zidan liburu konkretu bat inposatzen, galdetu egiten zidan ea zer gusta­tzen zitzaidan, zer nahi nuen, eta ikusirik gustuko nuela irakurtzea, ateak irekitzen zizkidan... Adibidez, ni Harry Potterrak irakurtzen goiz hasi nintzen, LH1-en, aitonaren alboan.

–Irakurzalea zen, hortaz.

–Oso. Liburuak irentsi egiten zituen, eta ez bakarrik fikziozkoak. Entziklopediak goitik behera irakurtzen ere gogoratzen dut.

– Eta ikusten denetik ikasten da.

– Jakina. Lehengo batean horri buruzko biñeta bat ikusi nuen. Azal­tzen ziren bi guraso eta bi ume. Gurasoetako batek telefonoa zeukan eskuan, eta umeak ere bai. Beste gurasoak berriz, liburua zeukan. Umeak ere bai. Eta telefonoa zeukanak galdetzen zion liburua zeukanari: nola egiten duzu zure alabak liburuak irakurtzeko?

– Abizena ere amaren aldeko aitonarena hartu duzu. Aktore bezala Antsorregi zara, idazle gisa Dierez. Nola kudeatzen duzu bikoiztasun hori?

– Azken aldian aktore bezala ere Dierez sinatzen hasi naiz, bestela oso konplikatua zen, azalpen gehiegi eman behar nituen. Hortaz, bizitza errealean Iñigo Antsorregi izaten jarraituko dut, baina izen artistikoa–edo Iñigo Dierez izango dut. Aitari ez zaio axola...

Nobelara itzulita, nerabe eta gazteei zuzendua da. Hasiberria izan arren, publiko zailenetako bat aukeratu duzu. Zer dela eta?

– Ez dakit ondo nola azaldu, baina gazteoi askotan gertatzen zaigu beste batzuk hitz egitea guretzat eta guri buruz. Adibidez, 'millenial' jenerazioa eta bla, bla, bla... Hainbeste artikulu daude 'millenial' jenerazioari buruz, baina fijatzen zara zeintsuk idatzi dituzten eta batez besteko adina 55 urte ingurukoa izango da. Zein hobeto gazteei buruz hitz egiteko gazte bat baino? Utziguzue pixka bat gure buruz hitzegiten zuei, agian ikasiko duzue zerbait, guk zuengandik ikasiko dugun bezala. Literaturan gauza bera gertatzen zait, askotan gazteen pertsonaiak azaltzen baitira estereotipo merke batzuk bezala. Hor badago inkomunikazio moduko bat. Nik, beldurrezko generoa gustatzeaz eta bullyingaren gaia uki­tzeko gogoa izateaz gain, gazteen argazki errealagoa egin nahi nuen.

– Baduzu pistaren bat irakurleek liburuari egin dioten harreraz?

– Denbora gutxi darama merkatuan eta orain arte jaso ditudan iritziak helduenak dira. Ez dut astirik izan gaztetxoengana hurbiltzeko, baina gustatuko litzaidake bide hori egitea. Euskal Idazleen Elkartearen 'Idazleak eskolan' eta horrelakoak oso interesgarriak izan daitezke aipatutako inkomunikazio hori gainditizeko. Argitaletxeek idazle gazteei aukera ematea ere garrantzi­tsua izan daiteke.

– Ikastetxe batera bisitan joateko aukera izango bazenu, zer esango zenieke irakurtzearen garrantziaz konbentzitzeko?

– Esango nieke irakurtzea beharrezkoa dela pentsamendu kritikoa garatzeko. Ez naiz ari bakarrik nobelak irakurtzeaz, ahal den guztia irakurri behar da, horixe delako pentsamendu kritikoa lantzeko eta mantentzeko tresnarik egokiena. Gaur egun gauza asko gaizki baldin badoaz horrexegatik da, hain zuzen, ez dagoelako pentsamendu kritikorik, jendeak lehen bertsioa hartzen duelako eta horrekin konformatzen delako. Izugarria da ikustea zenbait jende dagoen kaka botatzen ahotik, eta zenbat pertsona dauden kaka hori irensteko prest. Ari dira pertsonen eta pertsonen eskubideen aurka, eta jendea txaloka.

– Pertsonen aurkako erasoa da, bete–betean, 'Katu'–n landu duzun eskola jazarpena. Modu nahiko berezian heldu diozu gaiari.

– Nik azaldu nahi nuena zen zuk pertsona baten aurka biolentzia erabiltzen baduzu agian pertsona horren erreakzioa izan daitekeela biolentziaz erantzutea. Ados nago bullyingaren inguruko diskurtsoarekin, borrokatu egin behar dela, jazar­tzaileari ezin zaiola ezer onartu, baina hobeto zetorkidan beste ikuspuntu bat. Jazarpena sufritzen duena ere badagoela biolentziari eutsi nahian, eta inguruan entzuten duena dela arazoari garrantzia kentzea, 'horiek umeen kontuak dira', 'denborak jarriko du bakoitza bere lekuan' eta horrelakoak entzutea. Hori ere errealitate bat da, eta uste dut bullyinga sufritzen ari den batek edo sufritu duen batek egia asko ikusiko duela liburuan.

– Baina ez zaie guztiei azalduko katu beltz bat.

– Katua da pertsonaje oso gaizto bat, oso inteligentea ere bai. Jendearen puntu ahulak aprobetxatzen dituen izaki gaizto hori da. Ematen du intentzio onekin datorrela, baina agian ez da horrela. Irakurleak deskubrituko du bere benetako aurpegia.

– Esan zenuen aurkezpenean bigarren nobela abian duzula.

– Idazteko gogoz nago, forman sentitzen naiz, badaukat ideia bat, eta pieza ia guztiak hasi dira enkajatzen.

– Bide beretik jarraitzeko asmoa?

– Publiko orokorrago batera heltzea da ideia, beldur toke bat izango duen thriller batekin.

– Generoari eutsita, beti ere.

– Gustatzen zait gizartearen parte batzuk irudikatzea. Bullyingaren kasuan uste dut ondo ikusi dela hori. Bigarren honetan, nola eraiki dudan ikusita, istorioak erakutsiko du onaren eta gaizkiaren arteko borroka konstante hori. Onak beti nahi du justizia, eta beti dago gaizkia dena izorra­tzeko prest.

– Stephen Kingen ildotik orain ere, gauzak muturreraino eramanda...

– Bai, gehien gustatzen zaidan idaz­leetakoa da Stephen King, eta uste dut gauzak muturreraino eramateak laguntzen duela hobeto ulertzen. Esajerazioan erortzeko arriskua badago, baina idazle eta irakurle bezala gustatzen zaizkit esajerazioak, gauzak argiago ikusten ditut modu horretan.

– Herri bat sortu duzu, Azkoiena, Azkoitian eta 'Stranger Things' telesaileko Hawkins-en inspiratua. Hurrengo eleberria ere hor gertatuko da?

– Beti nuen nobeletarako herri propio bat sortzeko ideia eta bai, eta Azkoiena sortu nuen. Aurreran­tzean ere nire herria, oso gogoko dudan 'Stranger Things'-ekoa bezala, leku ilun bat izango da jendearen alde txarra azaltzen denean. Bigarren nobela Azkoienan hasiko da, 'Katu'-ko gertakari batetik aurrera.

Temas

Euskera