Urriaren 4an hasi eta azaroaren 29an amaituko da lehia
Lehen aldiz finala Nafarroa Arenan izango da. «Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki dugu», azaldu du antolakuntzak.
Azaroaren 29ko finalean txapela janzteko asmoz 24 bertsolari lehiatuko dira urriaren 4tik aurrera 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Bidean zortzi saio izango dira beste hainbeste udalerritan eta, lehen aldiz, final handia Nafarroa Arenan izango da. «Bertsolaritza Nafarroan izaten ari den gorakadaren ondorioz, saltoa egitea erabaki dugu», azaldu du antolakuntzak. «Udazkena mugitua dator, baina zuhaitzetatik erortzen diren hosto idorrez gain, bertsolaritzak loreak ere ekarriko dizkigu urte amaiera aldean», gehitu dute.
Egutegia:
-
Urriak 4. Auritzeko Kultur Etxea (Auritz).
-
Urriak 11. Arangurengo Kultur Etxea (Mutiloa).
-
Urriak 18. Gizarte Bilgunea (Irurita).
-
Urriak 26. Kultur Etxea (Los Arcos).
-
Azaroak 1. Agoitzeko Kultur Etxea (Agoitz).
-
Azaroak 8. Leitzako Herri Aretoa (Leitza).
-
Azaroak 16. Tafallako Kulturgunea (Tafalla).
-
Azaroak 29. Nafarroako Arena (Iruñea).
Txapelketako araudiaren arabera, 2023ko txapelketan parte hartu zutenek jada bermatua dute txartela, guztira 18. 2025ekoan estreinatu direnek edota aurrekoetan parte hartu zutenek sailkatze-fasean lortu behar izan dute. Aurre-lehia horretan 12 bertsolari aritu ziren kantuan, maiatzaren 23an eta 30ean egindako saioetan, eta bestei sei sailkatu dira: Endika Legarra Nuin eta Xabi Maia Etxeberria saioetako garaile bezala eta puntuazioaren araberako hurrengo lauak: Kattin Madariaga Apaolaza (255,5), Amaia Elizagioen Varela (246,5), Aitor Irastortza Arrizubieta (237) eta Jabi Lezaun Landa (228,5).
Horiei batu zaizkie 2023tik lekua duten aipatutako 18ak. Besteak beste, jada txapeldun izan diren Julen Zelaieta, Julio Soto eta Saioa Alkaiza.
Guztiek 2023an Julio Sotok jantzitako txapela izango dute helburu. Hartarako, batetik, lehen fasea igaro beharko dute. Lau saio izango dira: estreinako urriaren 4an Auritzen, urriaren 11n Mutiloan, 18an Iruritan eta 26an Los Arcosen. Saio horietan kantatzen dutenetatik 18k egingo dute aurrera, finalaurrekoetara: azaroaren 1ean Agoitzen, azaroaren 8an Leitzan eta azaroaren 16an Tafallan.
Azkenik, zortzi bertsolari izango dira azaroaren 29an Nafarroa Arenan izango den finalera sailkatzen direnak. Orduan, ohi den bezala, puntuaziorik altuena lortzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute txapelduna hautatzeko.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.