Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Unica Zürn, azken egunera arte bede bideari eutsi zion emakumea.

Urquiza zuen abizena, eta Unicaren laguna zen

Mundua ia-ia aldatu zuten izakien bila dabiltza aldatu ez zuten mundu honetako ertzetan dauden kreaturak. Munduaren ertzetan, oreka ezinezkoa mantendu nahian. Edo amildegira jauzi egiteko tentazioari (ez) eutsiz

Begoña del Teso

San Sebastián

Igandea, 2 urtarrila 2022, 13:13

Comenta

Apiriletik honuntza, Txalaparta argitaletxeak aspaldian bere baitan sortutako irakurle kritikoen komunitateari liburu bitxi, mikatz, sentsual, mingarri, mindu, erotiko, masokista eta, bere era gordinean, erromantiko bat eskaini dio: Pepitas de calabazak plazaraturiko Unica Zürnen 'Primavera sombría' ('Dunkler Frühling', jatorrizkoan). Bide batez, literatur klub horren inguruan informazio zabalagoa nahi izatera, ikus ezazue paperezko erroak Tafallan dituen etxe horretako web orria. Bertan, erraz asko antzemango duzue bai irakurle horiek, bai editore eta liburu saltzaile horiek ere beren konpromiso osoa aldarrikatzen dutela. Zerekiko? Edizio, itzulpen eta irakurketa independente batekiko. Horrexegatik, hasi baino egin ez duen urte honetan ere exijentzia horri heldu nahi diotelako, bandera hartu dituzte 50 orrialde doi-doi duten bizitza motz baten memoriak.

XXI. mendearen hastapenetan, Unica emakume paregabearen 'Udaberri ospela' ekarri zuen espainolera mugarik onartzen ez duen beste editorial batek, Siruelak. Agian, jakitun zirelako bertakoak Henry Michaux idazle muturrekoa sakon maite zuen emakume hori I. Gerra erdian jaio orduko, demonio guztiek hartu zituztela aterpe eta sehaska bere erraiak.

Aipaturiko bi edizioak dira ederrak, liburu biak dira desira-objektuak. Unica Zürn zorigaiztoko izaki hark ez zuen bestelakorik merezi. Berandu bada ere.

Unica Zürn Berlinen jaio zen 1916an. Beranduago horroreak eta herioak besarkatuko zuten goi mailako gizartekideak bizi ziren arbolek hartutako paradisu batean, Grünewalden. 1941etik 1945 arte, hango tren geltokitik, ganadua bailiren bezala 50.000 judu sartu zituzten naziek bagoietan, Dachau, Auschwitz eta bezalako herio-esparruak helmuga.

Emakumeak sorgintzen zituen militar, esploratzaile, negozio jaun baten alaba zen. Eta maitaleen bilduma egiten zuen emakume batena. Aitak eta Unicak elkar maite zuten. Amak eta alabak, ostera, gorrotatu. Gustukoagoak zituen Unicak aitaren amorante eleganteak amarenak baino. Agian Unica neskatoak aitak desiratzen zituen emakume horietako bat izateko nahi baitzuen handitu, emakumetu.

Hori guztia azaltzen du bere poema eta narrazioetan denboraldi luzean eroetxeetan pasa eta gero bere buruaz beste egin zuen Unicak. 1970ean egin zuen salto Pariseko bere etxeko balkoitik.

Elkarrekin daude hobiratuta bizirik zeudela harreman berezia izan duten Hans Bellmer eta Unica Zürn Parisko Père Lachaise hilerrian.

Patuak, jainkoek eta deabruek begiz jotako Hans Bellmer argazkilari eta poetarekin partekatzen zuen etxe hura. Surrealista guztien lagun, konplize, kide zen Hans elbarriturik zegoela egin zuen Unicak jauzi. Mendekua? Berak bakarrik daki. Ez ziren bien arteko harremanak arau guztiak zintzo betetzen dituen gizarteak onartzen dituenak. Sadismo, masokismoa, hondorik gabeko maitasuna nahasten ziren beren egunerokoan. Musa izan zuen Hansek 'La Poupée' izeneko argazki sorta batean non bere gorputzak, Man Rayk erretratutako gorputz hark berak, sokez loturiko haragi puska bat baino ez dirudien. Madrilgo Reina Sofia Museoak sail horietako bat du altxor eta zaila da oso, irudia aurrean duzula, minik sentitu gabe so egitea.

Muga guztietatik at, at eta haratago dauden, doazen beste izaki guztiek legez, larrutik pagatu zuen Unicak esanoneko munduak ezarritako bidesaria. Demonio guztien ondoan ibilia, sasi guztiak zapaldu zituen oinutsik eta zeru guztien azpitik pasa zen arima biluzik eta gorputza haragi bizitan zituela. Maite izan zuen eta maitatua izan zen. , Bere desirak, bere izuak, bere… ez ziren mundu honetakoak. Bere idazteko manerak ere ez.

Bada, jada, dagoeneko, bere izkribuetan murgiltzeko garaia. Barrenak (bai arimarenak, bai buruarenak, bai sexuarenak) aldrebestuko dizkizueten izkribu horietan amildu zaitezte.

Bide batez, Siruelako liburuaren 35 orrialdean Elisa Urquiza lagun minarekin partekaturiko jolasen berri ematen digu Unicak. Nor ote Grünewalden bizi zen euskal abizena zuen neskato hura? Elkarrekin antzezten zituzten leitutako liburuen pasarteak. Elkarren arteko adiskidetasuna bazen ere norgehiagoka gazi gozoa… Nor ote Elisa Urquiza hura?

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Urquiza zuen abizena, eta Unicaren laguna zen

Urquiza zuen abizena, eta Unicaren laguna zen