«Umorearekin gauza asko esan daitezke, beste era batez esaten ausartuko ez ginatekeenak»
Zuzendari lanetan estreinatu berri da 'Kanpora sartzen' obrarekin, asteburuan Antzoki Zaharrean ikusgai izango dena
Itziar Altuna
Donostia
Asteazkena, 12 uztaila 2023
Profesionalki une «goxoa» bizitzen ari dela onartzen du Aitziber Garmendiak. Aktore zaldibiarrak azken bi hilabeteetan estreinatu diren bi filmetan parte hartu du, 'Como Dios manda' eta 'Manticora', eta 'Losers' eta 'Sexberdinak' antzezlanek arrakasta handia izan dute. Urte amaieran Tanttaka konpainiarekin 'Esnearen kolorekoa /Del color de la leche' estreinatuko du, eta bitartean, lehen aldiz, eszenatoki atzean dabil zuzendari lanetan. Txalo produkzioak 'Kanpora sartzen' antzezlana zuzentzeko aukera eskaini zion, berak gustu onez onartu zuena. Obra martxoan estreinatu zen eta asteburu honetan Donostiako Antzoki Zaharrean izango da ikugai, gaurtik igandera bitarte.
– Lehenengo aldiz zuzendari lanetan murgildu zara...
– Bai, pieza motzak zuzenduak nituen, baina antzezlan bat osorik ez, eta erronka handia izan da, batez ere GIB-aren inguruan komedia bat sortzea. Testua Xabin Fernandezek idatzia da, baina komedia gehiago atera nahi izan genuen hortik, berak eskatuta.
– Nola iritsi zitzaizun antzezlan bat zuzentzeko proposamena?
– Txalo konpainiako Xabier Agirrek deitu zidan, aspalditik ezagutzen dudana, eta eskuartean Xabin Fernandezen testu bat zuela esan zidan, GIB-aren inguruan hitz egiten zuena. Datu gehiagorik ez zidan eman, baina zuzentzeko nitan pentsatu zutela esan zidan. Testua bidaltzeko eskatu nion, eta irakurri eta gero pentsatu nuen: posible al da hau Xabinen historia izatea?. Xabier Agirreri deitu nion baiezko borobila emateko, eta jarraian Xabini zorionak emateko idatzi zuen testuagatik eta eskerrak emateko bere ausardiagatik.
–Inoiz pentsatu al zenuen zuzendari lanetan arituko zinela?
–Beti izan dut gogoa. Egia esan, Donostiako Antzerki Saria eta Antzerkiaren Nazioarteko Eguneko galak zuzendu ditut azken urteetan. Nik idazten ditut gidoiak eta zuzentzen. Beraz, pieza txikiak dira baina eskuhartzen ari nintzen hartan, eta beti esan dut asko gozatu dudala. Orduan, pieza luze bat zuzentzeko banituen gogoak. Ni idazten ari naizen testu bat zuzentzeko gogoekin ere banabil, baina iruditzen zitzaidan lehenengo lan bezala errazagoa izango zela beste batek idatzitako eta interpretatutako zerbait zuzentzea. Horregatik heldu nion honi.
–Zuzendari lanetan, zer izan da zailena?
–Erabaki guztiak nik hartu behar nituela kontziente izatea. Aktoreak berain lanetan oso ondo zeuden eta seguruenik hori izan da gehien gozatu dudan aldea, baina adibidez eszenografia erabaki, eszenografoarekin hitz egin, jantzien kontua... Ikusten ez den eta atzetik dagoen lan hori eta erabakiak hartzeko momentu horiek... orduan konturatu naiz zenbat esparru hartzen dituen zuzendari batek.
–Eta emaitzari buruz, zer deritzozu?
–Zer esango dizut! Niri asko gustatzen zait. Oso harro sentiarazten nau, asko hunkitzen nau, barre pila bat egiten dut aktoreekin. Oreka oso polita lortu dugula iruditzen zait, zegoenaren artean eta gerora sortu dugunaren artean. Lan teknikoari dagokionez, oso zorrotza da, soinu eta argi aldetik lan asko eskatzen duena.
–Nola aurkeztuko zenuke 'Kanpora sartzen' antzezlanaren argumentua?
–Historia autobiografikoa da, fantasiatik zerbait badu, baina gehien bat errealitatetik. GIB-a duen mutil baten historia kontatzen du, bere bizipenak seropositibo izate horretan, batez ere lehenengo urteetan. GIB-a zuela esan zioten dei hartatik hamar urte pasa dira funtzioa estrenatu den arte, eta nolabait une hau ziklo baten itxiera da.
–Baina guzti hau umorea erabiliz kontatzen da...
–Bai, dudarik gabe. Guk geuk umorea zalantzan jartzen genuen, zerbait proposatzen nuenen beti Xabini galdetzen nion ea beretzat mingarria zen, eta ezezkoa esan eta aurrera jarraitzeko esaten zidan. Nik ez dakit guztientzat mingarria izango ez den, edo agian bai, baina badakit Xabinentzat ez dela mingarria, eta umore hori erabiltzea berarentzat terapeutikoa izan dela.
–Zein garrantzitsua den umorearekin gauzak kontatzen jakitea, ezta?
–Bai dudarik gabe, umorearen bidez gauza asko esan daitezke, agian beste modu batez esaten ausartuko ez ginatekeenak edo jakingo ez genukeenak.
–Antzezlana euskaraz estreinatu da. Erdarako bertsiorik izango al du?
–Testua dagoeneko erdarara itzuli da baina oraindik ez da estreinatu. Gutako inorentzat ez da ama hizkuntza, baina Euskal Herritik kanpo goazenean ateak zabalduko dizkigu.Hala ere, niri gustatuko litzaidake hemen euskara soilean egitea, hori lortzea erraza ez dela jakinik.
–Azken hilabeteetan hainbat proiektutan zabiltza, 'Losers' edo 'Sexberdinak' antzerki lanekin, baina baita zinean. Nola bizi duzu mementua?
–Bai, une oso goxoa bizitzen ari naiz profesionalki, Euskal Herritik kanpo lan egiteko aukera izan dudalako. Hau ez dut inoiz salto bezala kontatzen, aldamenera pauso bat ematea bezala baizik, beste bide batzuk ezagutzeko. Ez zait iruditzen hemendik kanpo egiten denak hobea izan behar duenik, are eta hobeago iruditzen zait nire herrian eta hizkuntzan egiten dudana, kultura sortzeko gaitasuna duelako. Baina egia da azken urte hau oso aberasgarria izaten ari dela, beste eremu batzuk ezagutzen ari naizelako, Euskal Herritik kanpo lan egiteak zerotik hastea suposatzen didalako, eta hor asko ikasten dudalako.Eroso sentitu gabe denbora guztian zure burua estutzea ona da, profesionalki hazten asko laguntzen du.
–Antzerkirako testu bat idazten ari zara ere. Estreinatzeko itxaropenik baduzu?
–Bai, noski, baina gauza autobiografikoak edo zurekin lotura zuzenegia duten gauzak idazteak arriskua dauka, inoiz ez daukazu bukatu duzunaren sentsasiorik, beti duzu zer zuzendua, eta hori gertatzen ari zait, oso perfekzionista naiz nire lanarekin. Agian behar dudana norbaitek estreinurako data ezartzea da, dagoenarekin.
–Komedia bat izango da?
–Bai, gai nagusia suizidioa izango da, badago kulpa, osasun mentalaren karga, baina guzti hori komediaren bidez kontatuta. Hor dago erronka nagusia.
–Ikusleek komediarekin zerikusia duten paperekin identifikatzen zaituzte. Horrek zailtasunak ematen dizkizu beste lan mota batzuk egiteko?
–Ez, orain konturatu naiz ez dela horrela. Azken hilabete hauetan Euskal Herritik kanpo egin ditudan lanetan komediak egin ditut, baina baita paper dramatikoagoak, eta asko gozatzen dudala konturatu naiz. Egia da hemen nire aurpegia komedia edo umorearekin lotzen dela, baina beste alorretan lan egitea ere gustuko dut, jendeak beste gauza batzuk egin ditzakedala ere ikusteko.