Borrar
'Mariposa' hitzak euskal jatorria duela uste du Oskar Alegriak. A.A.

Tximeleta, pitxilota...

Intsektu hegalari hori izendatzeko 41 izen aurkitu ditu bizirik Oskar Alegriak. Louis Lucien Bonapartek, berriz, 117 izen bildu zituen

Igandea, 28 urtarrila 2018, 12:32

Comenta

Oskar Alegriak zeresana eman zuen –onerako– 2012an 'La casa Emak Bakia Baita' filma plazaratu zuenean. Emaitza oso bitxia zen, bilaketa bat kontatzen zuena. Alegriak jakin zuen Man Ray artista surrealistak 1926an 'Emak Bakia' pelikula kriptikoa filmatu zuela, eta izenburu hori ipini ziola izen bereko etxean –Ipar Euskal Herrian– bizi izan zelako. Zinegile eta kazetari nafarrak ez zuen onik izan harik eta etxe hori topatu zuen arte, eta bilaketa hori erakutsi zigun filmean.

Gero, euskal dantzei buruzko lau film labur egin zituen, 'Soka' erakusketa erraldoian txertatuak izan zitezen. Baita ere abian jarri zuen 'Hitz Enea' erakusketa, Ipar Euskal Herriko etxe-izenei buruzkoa. Hain zuzen ere, Emak Bakia Baitaren bila zebilen garaian bildutako dokumentazioan oinarritutako erakusketa. Orain aski gertu daukagu ikusgai, Hendaiako Asporotsttipi etxean. Galdetu ziotenean zein izen zitzaion kitzikagarriena, Azkaingo bat hautatu zuen zinegileak: Zapata Txurienea. "Etxe-izen horrek adierazten digu herrian jendeak zapata beltzak ibiltzen zituela, eta bazegoela etxe horretan zapata txuriak janzten zituen bat. Nor ote zen? Dantzari bat? Paristik etorritako emakume dotore bat? Mezatara joaten ez zen alarguntsa bat?", adierazi zion kazetariari.

2013an, Ikuspuntu [Punto de Vista] Iruñeko zine dokumentalaren nazioarteko festibaleko zuzendari artistikoa izendatua izan zen. Baina iazko otsailean utzi egin zuen kargu hori eta harrezkero beste bilaketa batean ari da eta hitz gakoa 'tximeleta' da. Laburbilduz, herririk herri eta etxerik etxe ibili da Alegria, intsektu honi nola deitu izan zion jaso nahian. Noski, adineko pertsonengana jo du.

Oskar Alegria, etxe-izenei buruzko erakusketan F. DE LA HERA

Honela hasi zen proiektua gorpuzten: "Bonaparteren 1863ko mapa ezagun hori hartu nuen, eta saiatzen ari naiz frogatzen haren eta besteen antzinako zerrendetan agertzen diren ehundik gora tximeleta izenetatik zenbat bizi diren oraindik. Ez naiz filologoa. Entomologoa ere ez naiz, baina egin ditut entomologia-ikastaroak. Diziplina asko sartzen dira proiektu honetan: aipatu filologiaz eta entomologiaz gain, etnografia, geografia... Pentsa ezazu biologia eta filologia zeinen antzekoak diren, azken 'alea' eta azken 'elea' harrapatzea gauza bera dira gure hizkuntzan. Nik badut izen-zerrenda zahar bat eta badakit Madotzen, duela mende erdi bat, asandiloa esaten zitzaiola tximeletari, eta badakit nork eman zuen izen hori. Bada, pertsona hori bizi da oraindik, eta bisitan joan natzaio, koadernoarekin".

Bonapartek 117 izen bildu zituen, herriz herri 52 lagunek emanak. Alegriak 41 izen ditu jadanik jasoak. Hitz-emaileak, berriz, "denak 80 urtetik gorakoak, eta bat bera ere ez apaiz edo fraide. Bonapartek, aldiz, informatzaileen bi heren izan zituen halakoak. Badakizu zerk ematen didan poz berezia? Topatzen dudanean aldaeraren bat Bonaparte, Azkue edo Bahrek adierazitako eremutik kanpo, eta noski, inoiz aipatu gabeko aldaeraren bat entzun dudanetan; horrelakoak baditut bat edo beste".

Kanpo-lan koaderno bat egiten ari da, "ale eta ele guztiak sailkatzeko. Eta desagertzen ari den beste arte bat kaligrafia denez, hiztun bakoitzari tximeleta-izena bere kaligrafiarekin idazteko eskatzen diot. Eta entomologoak legez, alea non, noiz, nola hartua den apuntatzen dut. Elkarrizketa labur bat ere egiten diot hiztun bakoitzari. Filologoek hartzen ez dutena da interesatzen zaidana: nor da hitz jakin baten azken zaindaria? Zergatik gorde du orain arte? Zein baldintzatan? Zergatik erreka baten aldean erraiten dute hitz bat eta bertze aldeko baserrian bertze hitz bat? Gehien interesatzen zaidana da galderak topatzea, ez erantzunak, eta lan honetan dena galdera-ikurrean finitzen da".

Eta honela jarraitu du azalpenak ematen: "Bueno, intrusista bat naiz. Ez naiz ez filologo, ez entomologo. Baina baikorra naiz, hasi nintzelarik pentsatu nuen 15 edo xantzaz 25 hitz baino ez nituela kausituko, eta orain kasik koaderno-erdia bete egin dut eta jada pentsatzen ari naiz ea bigarren koadernoa beharko ez ote dudan. Nire asmoa da, koaderno hau betetakoan, bertako hitzak moztea eta orratz batekin jostea Bonaparteren mapara, entomologoen erara".

Alegriak uste du 'mariposa' ere euskal hitza dela: "Pentsa ezazu zenbat intsektu-izenek duten gurean hitz ama hori, 'mari': mariorratza, marisorgina... eta pentsa ezazu zergatik gaztelaniaz ez den hartu hitza latinetik, zergatik ez den 'papillona' edo 'farfala' erraiten. Beraz 'mari' hori izan daiteke gure jainkosa, eta hitzaren '-posa', berriz, pausa-tik datorrela uste dut".

Noski, segituan etortzen zaigu zalantza eta jakin-mina: zergatik euskaraz horrenbeste izen intsektu honentzat? Bistan da zergatik inuitek horrenbeste hitz duten tonu txuriak izendatzeko eta zergatik irlandarrek horrenbeste hitz euri-motak deskribatzeko. Euskaldunok zergatik tematu gara hainbeste animalia hegalari honekin?

Eta bilaketa honetatik zer eratako produktua aterako ote da? Gure protagonistak tankera oso desberdineko gauzak egin nahi lituzke. Hasteko, objektu-liburu zaindu bat, edizio murritzekoa. "Gero dokumentu bisuala ere sortzen ahal da, enkontru guziak altxorrak baitira eta hiztunak oso pertsonaia interesgarriak fortunatzen ari baitira. Noizko? Presarik gabe eta libertatez egin nahi dut, eta hori da gainera proiektuak eskatzen duena. Eperik gabe, beno, egia erran, hiztunen adinak markatzen du erritmoa. Ezin dut proiektua lotan utzi luzerako, maleruski hitz eta hiztun hauek urtez urte desagertzen baitira".

Alegria Iruñean jaioa da eta Ipar Euskal Herriko euskara darabil. Gerora ikasi zuen euskaraz, besteak beste Heletako (Nafarroa Beherea) egonaldiei esker.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Tximeleta, pitxilota...

Tximeleta, pitxilota...