Txema Larrea hil da, Axular maite zuen bizkaitar idazlea

Txema Larrea, artxiboko argazkian. /
Txema Larrea, artxiboko argazkian.

Gaztetan ETAko kide izan zen, gero EHUko irakaslea, eta 1994an 'Euskaldungoa erroizturik' publikatu zuen

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI DONOSTIA.

Txema Larrea Muxika idazlea (Basauri, 1954) hil zen igandean. Haren lanik ezagunena 1994an argitaratutako 'Euskaldungoa erroizturik' saiakera liburua izan zen. Bertan, euskararen erabileraren galera aztertzen du, baita euskaldunek XIX eta XX. mendeetan izan zuten kontzientzia linguistikoaren ahultze prozesua ere. Urte berean plazaraturiko 'Ele pneumatikoak' liburuak ere harrera ona izan zuen. Hau, berriz, antologia zen, euskal eta beste literaturako batzuetako pasarte bitxien bilduma. Bi literatur aldizkariren sortzaile izan zen, beste lagun batzuekin: 'Xaguxarra' (1980-81) eta 'Mazantini' (1991-93). Ogibidez Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izan zen.

Frankismo garaian ETA pm-ko kide izan zen. Gasteizen zegoela etxebizitza batean, Estatuaren indar armatuek tirokatu eta preso hartu zuten. Zauri haien ondorioz arazoa izan zuen hanka batean bizi osorako.

Kartzelarik irten eta hiruzpalau urtez 'Zeruko Argia' aldizkarirako jardun zuen, Nafarroako berri-emaile. Halaber, Hordago etxerako 'Documentos' editatzen jardun zuen, ETAko agirien bilduma, alegia. Iruñean bizi zela, harreman estua izan zuen Auzolan liburu-dendaren sortzaileekin.

'Xaguxarra' (1980-81) eta 'Mazantini' (1991-93) literatur aldizkarien sortzaileetakoa izan zen

Auzolaneko kide batzuk -Txema Aranaz eta- izan ziren 1983an Pamiela aldizkaria sortu zutenak, eta hurrengo urtean izen bereko argitaletxea abiarazi zutenak. Ahalegin hauetan, hasieratik izan zuten Larrearen laguntza.

1980ko hamarkadan hasita, Pamielaren 'Bizkaiko gizona' izan zen Larrea. Haren bidez inguratu ziren nafar argitaletxera Luigi Anselmi eta Jose Enrike Urrutia 'Capeau'.

Bizkaitarra zen jaiotzez, baina gazte-gaztetatik Axular eta lapurtera klasikoaren miresle. Lehenbiziko liburua 'Miranderen lan kritikoak' (1985) plazaratu zuen. Handik bi urtera, 'Nafarroako euskal idazleak (I)' antologia. Eta 1988an, 'Ixtorio-misterio andana bat', besteak beste Axularren inguruko istorioak zekartzana; eta baita euskal kosmogoniako kontakizun labur batzuk ere.

1994ko 'Ele neumatikoak' liburua emaitza deigarria suertatu zen. Han-hemenka, liburu eta aldizkarietan topatutako pasarte bitxien antologia izan zen hura. Eta urte berean bere libururik landuen eta pertsonalena plazaratu zuen, 'Euskaldungoa erroizturik' saiakera liburua. Honela azaldu zuen asmoa liburuko hitzaurrean: «Lan honetan azken bi mendeetako euskaldungoaren higatze, gutitze eta galtzearen prozesua ikertzen da. Bi lerrotan, letratu eta ez-letratuen baitan».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos