Txakur Gorria kolektiboak irabazi du III. Lanku Beka
Txakur Gorria Sormen Koletiboko Mariñe Arbeo eta Ane Labakaren 'Ez daitezela ahaztu' saritu du Lanku Kultur Zerbitzuak
Txakur Gorria Sormen Kolektiboak jaso du aurtengo Lanku Beka, 'Ez daitezela ahaztu' izeneko proiektuari esker. Beñat Gaztelurrutia Lanku Kultur Zerbitzuetako lehendakariaren eskutik jaso dute saria Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, Mariñe Arbeo eta Ane Labaka taldekideek. Bertsolaritzaren genealogia feministari begira, historia berridazteko edo berrirakurtzeko modu bat eskaintzea du helburu proiektuak.
Lanku Kultur Zerbitzuak enpresak bertso edukien sormenerako sortu duen bekaren hirugarren edizioa izan da aurtengoa. Bekaren helburuak bi dira: batetik, bertsolaritza muinean duten emanaldi berriak sortzea eta laguntzea eta, bestetik, sortzaileen eta Lankuren arteko elkarlana sustatzea.
Proiektu saridunak 3.000 €ko ordainsaria jaso du, eta 'Ez daitezela ahaztu' emanaldia urte bukaera baino lehen estreinatzeko ardura dute sortzaileek. Aipatu bekak SGAE Fundazioaren laguntza jaso du.
Aurreko bi edizioetan Erradikalak gara (Ane Labaka, bertsolaria eta Beatriz Egizabal, antzerkilaria) eta Gorria (Miren Amuriza, bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta, flamenko dantzaria) proiektuek jaso dute saria. Bi proiektu hauetatik sortutako emanaldiek hainbat eta hainbat emanaldi burutu dituzte eta programatuta ondorengo hilabeteetarako Euskal Herrian zehar.