Urteak utzitakoak errepasatuko ditu 'Hitzetik Hortzera' saioak

2018ko urteari zuzendua izango da saioa, eta beraz, unerik berezienak gogora ekarriko dituzte. Gainera, 1988an eman zen lehenengo saioaren irudiak ere izango dira ikusgai

Igandeko 'Hitzetik Hortzera' saioak urteak utzitakoak errepasatuko ditu bertso-doinuz eta neurri ezberdinetan. Hamabi bertsolarik bertso-jarri bana kantatuko digute eta urteko bertso onenak berreskuratuko ditugu.

Urteko azken igandera heldu gara eta programa berezi honetan 2018ak utzi digunari buruz kantatuko dugu. Zertaz oroituko gara? Zer ahaztu nahiko genuke? Plazaz plaza dabilen bertsolaria urtearen oroitzapen ibiltari bilakatzen da. Hori dela eta, hamabi bertsolariri bertso-jarri bana eskatu diegu; hurrenez hurren Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Iñaki Murua, Amets Arzallus, Aitor Servier, Sarai Robles, Oihana Bartra, Andere Arriolabengoa, Xabat Galletebeitia, Eneko Lazkoz eta Maialen Lujanbiori. Zeri kantatuko ote dio bakoitzak?

Igandeko programan 2018ak utzi dituen bertsoaldi onenak eskainiko dituzte. Besteak beste, Tolosan Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña; Alegian Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia; Zigoitian Oihana Iguaran eta Alaia Martin; Legazpin Aitor Sarriegi eta Unai Agirre; Iruñean Julio Soto; Zarautzen Amets Arzallus eta Iker Zubeldia; Anoetan Aitor Mendiluze eta Getxon Jon Maia, Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Jone Uria eta Fredi Paia.

Errepasoak errepaso, 1988ko abenduan eman zen 'Hitzetik Hortzera' telebista programaren lehen atala. 30 urte beteko ditu eta hori ospatzeko lehen saio hartako irudiak berreskuratuko dituzte igandeko programan.

'Hitzetik Hortzera' igandeetan izaten da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos