Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalerako prest

Igandean, 'Hitzetik Hortzera'n, Anaitasunako giroa, bertsoaldiak, txapeldunaren hitzak eta eguneko une bereziak ekarriko dituzte pantailara

Larunbatean, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala eskainiko dute zuzenean ETB4k eta eitb.eus-ek, 17:00etan hasita. ETBn, azken txanpa ETB1en ikusi ahal izango da; 21:00etatik 22:00etara buruz burukotik aurrerakoak eskainiko dira. Emanaldiaren kontakizuna Ilaski Serrano kazetariak eta Jon Barberena adituak egingo dute.

Oholtza gainean izango dira Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Julen Zelaieta, Julio Soto, Xabat Illarregi, Xabi Maia eta Xabier Terreros. Fernando Anbustegik egingo ditu aurkezle lanak eta Alaitz Rekondok jarriko dizkie gaiak bertsolariei.

Igandean, 'Hitzetik Hortzera' berezia

Anaitasunako giroa, bertsoaldiak, txapeldunaren hitzak eta eguneko une bereziak ekarriko dituzte pantailara igandean 'Hitzetik Hortzera' saioan.

Tuteratik Urdazubira, Iruritatik Lizarrara, Lesakatik Atarrabiara eta Etxarri Aranaztik Iruñera, finalera. Aste honetan, 'Hitzetik Hortzera' saioak Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken hitzordu handiaren kontakizuna egingo du.

'Eta 2019ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapelduna da...' esaldiaren amaiera larunbatean jakingo dugu. Igandeko programan, txapeldunak saioan izandako bizipenak, sentsazioak eta iritziak entzungo ditugu. Nori eskainiko dio azken agurra txapela buruan duela? Zein unetan sentituko ote da txapelduna erosoen saioan zehar?

Joxema Leitzak (Arbizu, 1971) jantziko dio txapela irabazleari. Bertsolari, gai-jartzaile, epaile, bertso irakasle eta eragile... bertsolaritzari alderdi gehienetatik egin dio ekarpena. Txapela jartzeko keinu horren bitartez, bertsolaritzaren alde egindako lana aitortu nahi dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Igandean, 15:00etatik aurrera izango da ikusgai 'Hitzetik Hortzera' ETB1en eta eitb.eus-en; gerora, EiTB Nahieran webgunean.

Temas

Euskera