Luzia Goñiri gertutik, 'Hitzetik Hortzera'-n
Bertsolari basaburuarra ezagutuko dute igandeko programan. 91 urte ditu, eta bere bertsoak eta bizi esperientziak kontatu ditu Tirapuko bere etxetik. Gainera, Andoaingo, Irungo, Legazpiko eta Pasaiako saioak eskainiko dituzte
DV
Donostia
Larunbata, 21 martxoa 2020, 14:23
Tirapun bizi da Luzia Goñi bertsolaria. Basaburuko Aizarotz herrian sortu zen, duela 91 urte. Oso gaztetan hasi zen lanean, eta, berak esaten duen bezala, «hamalau ofizio eta hamabost miseri» pasatutakoa da. Txikitatik izan du bertsotarako zaletasuna: hainbat bertso kantatu eta idatzi ditu, eta oraindik ere badu horretarako grinarik. Hala erakutsiko du berarekin izan duten elkarrizketan, eta ikusgai izango da igandeko 'Hitzetik Hortzera'-n.
Aizarotzen sortu zen, baina bere jaioterria husten ikusi zuen artean umea zela, hiru aberatsek herriko lur guztiak erosi baitzituzten. Gai hori bertsotara eraman zuen Luziak, besteak beste, eta bere familiak eta herritarrek handik alde egin zuteneko une latza deskribatu zuen.
Halaber, Irungo Landetxa auzoan egindako bertso bazkarira eta Legazpiko bertso afarira eramango ditu ikusleak 'Hitzetik Hortzera' saioak; baita Andoainen Sahararen alde egindako bertso emanaldira eta Pasai Donibanen Emakumeen Nazioarteko Egunaren haritik izandako saiora.
Gainera, itzalean egondako emakume bertsolarien lanak ezagutzen jarraituko dute; Leoni Etxebarren, oraingoan. Senarra zuen Fernando Aire 'Xalbador' Odolaren Mintzoa liburua amaitzeko zorian zela, argitalpenerako bertso batzuk jartzeko enkargua jaso zuen Leonik.
Sorta eder-ederra egin zuen, Xalbadorren sorkuntza prozesua berak nola bizi izan zuen azalduz; ez ziren, ordea, liburuan sartu. 2016an liburua berrargitaratzearekin ekarri zituen Amets Arzallusek argitara, 40 urtez isilean egon eta gero. Oholtza eta ahotsa jarriko diete bertso horiei igandean. Igandean, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' ETB1en; eta gerora, EITB Nahieran atarian ikusgai.