Ingalaterratik bertsotan, 'Hitzetik Hortzera'-n
Pantaila bidezko bertso-eskola ikusiko dute: Aissa Intxaustik Lekeitiotik botatako bertsoei Dylan Inglisek erantzungo die Ingalaterratik
Ostirala, 9 urria 2020, 19:27
Bertso-eskola guztiek dituzte berezitasunak, baina ezohikoenetako bat ezagutuko dute larunbat honetan 'Hitzetik Hortzera' saioan. Aissa Intxausti bertsolaria Lekeitioko eta Markina-Xemeingo bertso-eskoletan aritzen da kantuan; Aissak, ordea, badu bertsokide berezi bat. Hilero pantailaren beste aldetik abesten dio Dylan Inglisek. Ingalaterrako 22 urteko gaztea da Inglis, bost hizkuntza menperatzen dituena, eta tartean da euskara.
Orain, bertsoaren hizkera ezagutzen ari da, Aissaren laguntzarekin. Lekeitioko portuan elkartuko da Eider Perez 'Hitzetik Hortzera' saioko aurkezlea Intxaustirekin, eta bideo dei bidez Bristolera egingo dute, han izango dutelako gure zain Dylan Inglis. Bertsolaritzak nola eta noiz txunditu zuen kontatuko digu, eta, ez hori bakarrik, bertsotan ere ikusiko dugu Inglis.
Horrez gain, larunbateko 'Hitzetik Hortzera' saioan Larraitz Trojaola bertsozale arrasatearra ezagutuko dugu. Larraitzek bertsoaldi jakin bat aurkeztuko ez badu ere, bertsolaritzan esanguratsua izan zen une batera eramango gaitu. Bestalde, azken asteetako bertso saioetatik hautaketa berezi bat ekarriko dute: Amezketan, Donostian, Iruran eta Galdakaon entzundakoak. 'Hitzetik Hortzera' saioa, larunbatean, 21:00etan izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.