«Trantsizioan, zentsuraren arazoa ahaztu eta estaltzea erabaki zuten»

Erdian, Torrealdai, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketako lagunez inguratuta/Sara Santos
Erdian, Torrealdai, Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikerketako lagunez inguratuta / Sara Santos

Euskal Herriko Unibertsitateko ikertalde batek Torrealdai omendu du, frankismoak literatura nola zentsuratu zuen aztertzeagatik

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldeak omenaldi egin dio Joan Mari Torrealdairi, literaturaren arloko zentsura ikertzen egindako lanagatik. Aitzindaritzat hartu dute. Ekitaldia Donostiako Miramar jauregian izan da, EHUren udako ikastaro baten harira: 'Zentsura eta literatura: memoria eztabaidatuak'.

Jakina denez, Joan Mari Torrealdaik (Forua, Bizkaia, 1942) gai horretaz burutu zuen soziologiako doktore tesia 1995ean: 'La censura gubernativa y el libro vasco (1936-1983). Análisis de los informes de lectorado'. Geroago, 2000. urtean, tesiko materialak birmoldatu eta publiko zabalarentzako moduko liburu bat plazaratu zuen, Susa etxearen bidez: 'Artaziak. Euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983'.

Alcalá de Henaresen dagoen Archivo General de la Administración delakoan gordetzen ziren zentsoreen txostenak, eta haien azterketa egin zuen Torrealdaik.

Mari Jose Olaziregi eta Lourdes Otaegi izan dira udako ikastaro horretako zuzendariak. Otaegi eta Torrealdairen arteko elkarrizketa batekin abiatu da ekitaldia. Honela definitu du zentsura: «Aginte publikoak obren edizio eta difusioan duen kontrola da. Baina likidoa da zentsura, era guztietako formak hartzen ditu, agintea nolakoa den. Birus mutantea ere bada»,

Torrealdaik gogorarazi du frankismoa bukatutakoan ere indarrean jarraitu zuela zentsuraren aparatuak, 1983ra arte, hain zuzen ere. «Azken urteetan oso lan gutxi egiten zuen, praktikan ia batere ez, eta txostenak oso xinpleak ziren, gai hauek zaintzen zirelarik: Espainiaren batasuna, monarkia, Estatuko indar armatuak eta pornografia».

Frankismo ondorengo trantsizioa etorri zenean, zentsuraren arazoa «ahaztu eta estaltzea» erabaki zuten indar politiko nagusiek. «Halaxe, gero errebisionismoa hasten da, eta gero negazionismoa».

Torrealdaik berak pairatu zuen zentsura. 1964tik 'Jakin' aldizkariko zuzendari ari zen eta, 1966an, bertako artikulu bat debekatu zioten, «komunisten alde» egiten zuelako. Okerrena, hala ere, 1969an etorri zen: 'Jakin'-i kaleratzeko baimena kendu zioten. Alcalá de Henareseko artxibo horretan gero ikusi ahal izan zuenez, txosten franko zeuden idatzita, ez zen bat-bateko erabakia izan. «Guk ez geneukan baimenik sozialismoaz hitz egiteko, baina Txillardegi eta Rikardo Arregi hor ibili zitzaizkigun kolaboratzen. Uste genuen erregimena zabaltzen ari zela, baina gero ikusi nuen Alcalá de Henaresen zentsore baten esaera guri buruz: 'Hay que darles cuerda para que se ahorquen'».

Frankismo garaian aldea zegoen katalan eta euskaldunen artean: «Katalanek negoziatu egiten zuten, gurean ez zegoen inor negoziatzeko». Hala ere, esaldi erabateko honi ñabardura bat gehitu dio gero Torrealdaik, aipatuz Itxaropena argitaletxeko Patxi Unzurrunzagak Pedro de Rocamoraren aurrean egindako gestioak. Gizon hau Madrilgo gobernuko Propaganda burua zen eta Zarautzen pasatzen zituen udak. Besteak beste, Orixeren 'Euskaldunak' publikatzea lortu zuen editore hark.

Idazleei dagokienez, Yon Etxaidek izan zuen arazo gehien zentsurarekin. 1950eko hamarkadan bi aldiz kartzelatu zuten, egonaldi laburrak izan zirelarik. Gabriel Arestik onartu egin zituen zentsoreen aginduak, bestela ez baitzegoen publikatzerik. «Susa etxeak Arestiren lan osoak publikatu zituenean, materialak pasatu nizkien Karmelo Landari eta, ikus zitzaten jatorrizko testua eta argitara emandakoaren artean zeuden aldaketak».

Zentsura, frankismo garaian –eta baita geroago ere– ezin zen aipatu. «Adibidez, zeure liburuan ezin zenuen esan parte batzuk zentsuratuak izan zirela».

Lehen momentutik, zentsurak autozentsura ekarri omen zuen berekin. «Zentsuraren eragina neurtzea oso zaila da. Idazlea zikiratu egiten du. Gainera, editorea bera ere zentsore bihurtzen zen, bazekielako bera ere kartzelara joan zitekeela».

Ekitaldiaren bukaera aldera, Andres Urrutia euskaltzainburuak Torrealdairen 'laudatioa' egin du, batez ere azpimarratu duelarik omenduak «jakintza eta ekintza elkartzeko» gai izan dela. Eta, ondoren, lagun batzuek Torrealdairen zenbait liburutako pasarteak irakurri dituzte: Mariasun Landa, Martxelo Otamendi, Lorea Agirre, Jon Zarate, Joseba Intxausti, Miren Azkarate eta Nerea Mujikak, hain zuzen ere.

Hauek izan dira Torrealdairen azken hitzak: «Guztiz gaindituta nago, eta lotsatua. Ikusi dut zentsuraren inguruan egindako lan hura ez zela izan burugabekeria hutsa –inoiz hala pentsatu nuen–. Segida izan du».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos