
Secciones
Servicios
Destacamos
Lan guztiak jada eginak dira, azken aste hauetan finalistek «jardun» badira, batik bat, oreka bilatzeko izan dela iritzi dute Jon Martinek, Aitor Mendiluzek eta Jon Maiak. Azken egunei begira kontuan izan beharrekoei edo aholku posibleei buruz galdetuta «oreka» da kontsentsuzko hitza. Kanta daiteke, nekatu gabe; lan egin daiteke, burua estutu gabe; deskantsatu behar da, deskonektatu gabe. Eta, bide beretik, aurrelanketa edo bisualizazio lanei garrantzia handia ematen diete, gaur Illunbera heltzean, zaleen bultzada eta beroa nabaritzean eta, batik bat, oholtzan 7.000 zaletik goraren aurrean ikustean «olatuak gainetik» pasa ez ditzan. Hiruek esperientzia handia dute finaletan, luze jardun dira txapelketa eta plazan, eta gogo biziz hartuko dute arratsaldeko 17:00etatik aurrera Alaia Martin, Andoni Rekondo, Ane Labaka, Aner Peritz 'Euzkitze', Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran protagonista izango dituen saioa, «sorpresak» egon daitezkeelakoan.
Bertsolarien gorputzean jarrita, Jon Martinek argi du azken asteotan gertatu diren albisteak oso gertutik jarraitu dituztela zortzi finalistek. «Beldur handiena interesatzen ez zaizun gaiari bertsoak kantatzea egokitzea da. Horrelakoetan hortzak estutu eta ahalik eta puntu gutxien galdu behar dira», dio oiartzuarrak. Ez dago formula magikorik, argi du, irtenbide posible bezala ematen ditu «ahal den hitz joko dotoreena, formulazio elegante, errima jolasak» egitea, beti bakoitzaren bertsokeratik, «errekurtsoen barruan». Eta hanka sartuz gero, damutzea «alperrik» dela dio. «Ahalik eta azkarren hurrengo bertsora pasa behar da konpentsatu daitekeelako». Erronka, noski, ez da makala, guztia «30 segundotan» egin behar dituztelako, sarritan «oso modu inkontziente edo intuitiboan».
Hala, txapelketa honetan gai-jartzaile taldeak hartutako erabakia aipatzen du, hein batean «gaiak zabalago uzte» aldera. «Lehenengo bertsolariak gaia pentsatzeaz gain nor diren, gaiaren benetako gatazka zein den pentsatu behar du». Martinek dioenez «plazan eskarmentu» gehiago dutenek hobe baliatu dute orain arte eta ikustekoa izango da finalean ea norbait ez duen gain hartzen. Batik bat ganbara lana deitua denean. Lehia aldetik, era berean, saioak ikusi dituenak nabaritu duen bezala, azpimarratzen du «helburua norbera ahalik eta ondoen jardutea» dela helburua, ez rapeko frestyle modalitatean bezala «elkarren aurka jardutea».
Azken finalaurrekoa lehiatu eta final arteko egunetan «kudeaketa emozionalaren» garrantzia azpimarratzen du oiartzuarrak, bai ahots berri zein beteranoagoen kasuan. «Bisualizazioak egitea, norbere burua halako oholtzan imajinatzea», esaterako. Izan ere, lehenen kasuan «jende kopuruak eta lekuak liluratu edo mozkortu» ditzaketela iritzi du eta, beraz «saioan oso berandu» sarrarazi. Horrek «finalean oholtzan kantatzen zauden bitartean ohoreaz konturatzea eta oroitzapenak pilatzea» ezintzen baitu.
Ifrentzuan, ez du hain argi kantatzerakoan bertsolariak oso kontziente direnik epaimahaiak puntuazioa ematerakoan zer duen kontuan. Aurrez agian bai, baina behin mikrofono aurrean direnean «publikoarentzat kantatzen» dutela uste du. Hala, txapelketan plazarekiko gauza batzuk alda daitezkeela dio, esaterako «bertso bat ona balitz plazan beldurrik gabe poto egingo genuke, txapelketan ez badakizulako ez duela konpentsatzen». Funtsean, bertsolari bakoitza bere estilora «ahalik eta fidelen» ariko dela aurreikusten du.
Oholtza gainean bertsolari bezala bildutako esperientziari hedabidetatik saioetan sortzaileek duten jarduna aztertzen pilatutakoa gehitu dio Jon Martinek. 2003an egin zuen debuta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan eta sorpresa emanez heldu zen buruz burukora, Irungo Artalekun lehiatu zen finalean. Lau urte beranduago berdina egin zuen Beñat Gaztelumendik. «[Esperientzia] askoz politagoa da sorpresa zarenean», oroitzen du hartatik eta gaurkoari begira hiru ahots berriei onena opa die, «ea gozatzen duten, baina aldi berean lehiatzeaz gogoratzen diren». Noski, beste bost bertsolariak ez ditu ahazten. Kiniela ere ematera animatzen da. «Ez dut inongo arazorik nira faboritoa Alaia dela esateko, nik uste oso ondo ulertzen dela». Era berean, uste du «txapeldunorde izateko aukerak» hor daudela dio. Hein batean, prentsaurrekoan Artetxe, Peritz eta Rekondok esandakoarekin lotzen du hori, ezarritako langa gainditu zutela aspaldi. «Hurrengo urteetarako plazak hein batean segurtatu dituzte gehienek, baina finalaren traszendentzia beste bat da. Bertsoaldi oso on bat egiteak hurrengo bi urteak baldintzatuko dizkie, plazaz plaza aritzeko aukera zabaldu».
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela birritan jantzita (1995, 2007), Aitor Mendiluzek «final anitza» espero du, «gauza politak» ikusteko esperantzaz, «sorpresaren» batekin, «agian ez emaitzan, baina bai bertsokeran». Izan ere, dena ez dago bertsolariaren esku eta «egunak, saioaren pisuak, unean uneko aspirazioek» asko eragiten dute. Finala bera gaur goizean baino dezente lehenago hasia dela dio. «Egunak irauten ditu eta egin beharreko lanak ere. Prentsaurrekoa bera ere tentsio momentua da, aretoa ikusi... Konbentzitu behar da norbere burua bertso bat bertso bat dela eta botatzerakoan amaitzen dela. Denek balio dutela berdin. Sinplea eta logikoa dirudi, baina emozio, aspirazio eta beldurrak pilatzen direnean ez dago formula magikorik».
Martinek aipatutako «lan psikologikoa» funtsezkotzat du, baina prestakuntza bezala ikusi beharrean «autokonbentzimendu ariketa» bezala enfokatuta. «Behar izaten da norbera lasai egotea». Behin oholtzan egonda ondo kudeatzeko modurik ez dela dio, «oso extremo eta gogorra» baita bertsolariek bizi dutena. «Ospakizun eguna da, baina norberak jokatzen du urteko lana, ez hainbeste sari edo emaitza baten baitan, baizik norbere onena eskaintzeko aukeraren baitan». Atal honetan esperientziak «gradu bat edo bi» ematen dituela dio, baina baita «karga emozional eta ardura kolektiboa», hau da, saioarekikoa, taldearekikoa. «Eszenatokia egin», laburtzen du.
Bertan direla ez du uste epaimahaiak eragiten duenik. «Bertsolaria bertsotan egitera doa, disfrutatzera. Haientzat kantatzera joatea akatsa da niretzat». Gainera, osatzen duten kideen aniztasuna kontuan izanda asmatzea zaila litzatekeela argi du. «Bakoitzak bere bertsokera ahalik eta ondoen erakutsi, garatu eta batez ere gozatzea da kontua, hori ere trasladatzen delako eta iristen da».
Era berean, ariketaren batean eroriz gero fokua azkar «hurrengoan» jartzea gomendatzen die. Azpimarratuz, gainera, finala ez dela leku aproposena bertsolariek «onena eman dezaten, bere bertsokera onena erakuts dezaten». Nolabait txapelketak bat lotu egiten duela dio. «Plazan, jendearen aurrean, zure buruari lizentziak ematen dizkiozu. Txapelketan ez eta hori baldintza da». Horretaz gain, finalaren «handitasunak» bertsolariak «zertxobait irentsi edo txikiarazi ditzake, finalaurrekoetan ikusi den bezala».
Bertsolaritza «norberaren etengabeko mugak» gainditzea dela dio Jon Maiak, «bereziki lehen finalean», eta bederatzitan kantatu izanak diagnosiari beste pisu bat ematen dio. «Ez dakizu inoiz lortuko duzun, baina behin igota egin beharra dago. Eta normalean lortzen da». Prentsaurrekoan zerbait bertsolarik esan bezala, finalera nekatuta heltzeaz ohartarazten du. «Txapelketa luze egiten da eta neke psikologikoa izan daiteke, formaz pasata». Beste punta ere ez da gomendagarria, lotuta amai dezakeelako eta «jario naturala eten». Ertz anitzeko oreka.
Bat dator azken egun hauei begira lanketa zaila dela, «oso politak» direlako, eta, batik bat «zurrunbilotsuak» direlako. «Lehen aldiz sailkatzen denarentzat jauzi bat da, ingurua aztoratzen duen gertakaria dela ikusten du, jendeak kaletik geratu edo animatzen zaitu, familian ere giro berezia sortzen da eta norberarengan ezagutzen ez en sentsazio bat piztu. Mugarri bat da».
Lehen aldi hori «inpresionante samarra» suertatzen dela kontatzen du eta ondorengoetan ere, behinik behin berak bizitakoan, beti dela zerbait «ez dakizulako berriro itzuliko zaren». Hori dela eta, aitortzen du, «alferrik ez pasatzeko» nahia sortzen zaio bati oholtzan. «Arrastoa utzi nahi duzu, barrenean desiatzen duzuna da bizitzako egun inspiratuena, sekulako etorria, tokatzen zaizkizun gai eta bertsolari onenak egokitzea. Baina batez ere alferrik ez pasatzea plazatik».
Horri erantzuteko «oreka puntu psikologikoa» mantentzea funtsezkoa da, bertsolariarentzat «ia obsesioa». Formula magikorik, aldiz, ez da eta bakoitzak berea bilatu behar duela dio: «mendi bueltak eman, egunerokotasuna mantendu, kirola egin, kontzentratzeko erretiratu, meditazioa...», dio umorez.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.