Tafallako saioa Joanes Illarregirentzat eta finaleko zortzikoa osatua
Azaroaren 29an Nafarroa Arenan ariko dira kantuan lehen aldiz Nafarroako Bertsolari Txapelketa amaiera emateko
I. Mendia
Astelehena, 17 azaroa 2025, 14:12
Tafallako Kulturgunean osatu ziren 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak hirugarrena lehiatuta. Ia 300 lagunen aurrean aritu zen kantuan seikotea eta Joanes Illarregi Marzol 528 puntu erdietsita eta leitzarrarekin batera aritu ziren kantuan, puntuazioaren arabera, Xabat Illarregi Marzol (516.5), Josu Sanjurjo Alzuri (486.0), Xabi Maia Etxeberria (466.0), Amaia Elizagoien Varela (427) eta Ekain Alegre Gil (425.0). Zigor Gartzia 'Zian'-ek aurkeztu zuen saioa, eta epaile lanetan aritu ziren Cesar Etxeberria, Joseba Beltza, Mikel Beaumont, Nerea Bruño eta Patxi Barberena.
Hala, aurreko asteetan Agoizko eta Leitzako saioetan Eneko Lazkozek eta Julio Sotok lortu bezala, azaroaren 29an Nafarroa Arenan jokatuko den finalerako txartela lortu zuen Joanes Illarregik. Hirukoari puntuazioaren araberako beste bost bertsolari gehitu zaizkie: Xabat Illarregi Marzol, Saioa Alkaiza Guallar, Ekhiñe Zapiain Arlegi, Sarai Robles Vitas eta Eki Mateorena Zozaia.
Lehen aldia izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala Nafarroa Arenan jokatuko dena. Ainhoa Larretxea Agirrek eta Ander Aranburu Arriolak jarritako gaiei kantatu beharko diete bertsolariek ondorengo ariketetan: Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian; Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian; Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian; Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian eta Buruz-burukoa (9 bertso puntuagarri).
Ostean: Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte; Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean eta Ganbarako lana.
Azkenik, Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.