Sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko egunak, azaroaren 28an eta 29an
Lehen eguna familia ikuskizunen proposamenak plazaratzekoa izango da; bigarrenean helduko da musikarien txanda Plateruenan
Abenduko zubiaren bueltan Durango 58. aldiz euskal kulturaren plaza izango da, ibilbide ia pentsaezina izan duen Azoka sortzaileek amets hura izan zutenetik, eta edizio honek duen 'fantasia' kutsuari jarraipena emanez musikaren eta familia ikuskizunen sektoreetako sortzaileen, profesionalen eta programatzaileen artean lankidetza sustatzeko helburuarekin DA! PRO topaketa antolatuko da azaroaren 28an eta 29an. Bertan parte hartzeko inskripzioa martxan dago www.durangokoazoka.eus webgunean; sortzaileek urriaren 31ra arteko epea dute, eta programatzaileek azaroaren 27ra artekoa.
Horixe baita Gerediaga elkartearen «ametsa edo fantasia, euskal kultura sendo eta osasuntsu egotea». Hala, DA! PRO topaketaren bosgarren edizioan sortzaileek euren lanak erakutsi ahalko dituzte sektoreko programatzaileen, teknikarien eta bestelako profesionalen aurrean
Azaroaren 28an, familia ikuskizunen proposamenak plazaratuko dituzte Bizenta Mogel udal bibliotekan; biblioteka bera eta Berbaro euskara elkartea ekintza horren laguntzaile dira. 29an musikarien txanda izango da, Musika Bulegoarekin batera antolaturiko ekimenean, eta kasu honetan Plateruena kultur aterpean. Jardunaldi biak 09:00etatik 14:00etara garatuko dira. Topaketari esker, urtean zehar Euskal Herriko kultur aretoetan ekintzak prestatzen dituzten programatzaileek bertatik bertara ezagutuko dituzte sortzaileen lanak.
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak MusikaGaz Fest jaialdia antolatuko du urtarrilean eta, nobedade modura, nabarmentzekoa da kontzerturako zenbait talde DA! PRO topaketan parte hartuko duten musikarien artean hautatuko dituela.
Gainera, topaketan izena emango duten sortzaileen proposamenak katalogo banatan -musika eta familia ikuskizunak- jasoko dira. Katalogo hori teknikarien eta programatzaileen eskura ipiniko da eta urtean zehar kontratazioak egiteko erabilgarri izango dute. Topaketara etorri ezin duten programatzaileek, izena emanez gero katalogoa jasoko dute.