Sarrionandiak liburu batean bildu ditu bere aurtengo gogoeta intimoak

Lipus, Moya, Iturralde eta Irigaray, Donostiako KM Kulturunean./
Lipus, Moya, Iturralde eta Irigaray, Donostiako KM Kulturunean.

Egunerokoaren tankera eman dio, eta 'Habanako gaukaria' ipini dio azpititulu. Literatura eta politika dira ardatz nagusiak

Felix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Saiakera liburua plazaratu du Joseba Sarrionandiak: 'Bizitzea ez al da oso arriskutsua?' Azpititulua 'Habanako gaukaria' da eta horrek ongi adierazten du barruko edukia: egunerokoaren egitura du eta Habanan gauez idatzitako artikulu laburren bilduma da, azken batean.

Bai Jose Angel Irigaray Pamiela etxeko editoreak bai atzokoan aurkezpen lanak egin zituen Joxe Mari Iturraldek adierazi zutenez, liburu honek antza du Sarrionandiak 1985ean atera zuen 'Ni ez naiz hemengoa'-rekin. Baina alde handi bat badago: oraingo liburuak egungo Sarrionandiaren barrua erakusten digula, gaurkotasunari nahiko estu lotutako gogoeta bilduma baita. Testuak editatzen, oraingoan, Asun Garikano jardun da.

Gainera, Iturraldek azpimarratu zuen bezala, Sarrionandia intimoago bat ageri zaigu, orain arte kontatzerik izan ez dituen gauza batzuk kontatzen dituelako. Hasteko, azpitituluan aipatzen du Habanan idatzitako testuak direla, eta lehenbiziko aldia da liburu batean halako aitorpena egiten duena, alegia, Habanan bizi dela. Jakina denez, hango unibertsitatean ari da lanean, euskara eta euskal kultura irakasten, Etxepare Institutuarekin harremanetan.

Halaber, Sarrionandiak aipatzen du ihesi ibili zenean lehenbizi Pragan bizi izan zela, eta gero Habanara egin zuela ihes. Eta bi seme-alaba dituela, Ainhoa (lau urtekoa) eta Mikel (hamabostekoa). Gainera, zehazten du zenbat egunez izan zen torturatua: zortzi egunez. Herriminik ere agertzen du inoiz; apirilak 6ko atala: «Erreka. Ai, nire sorterriko erreka. Neure zainetako odolean jarraitzen duen ibaia».

Iturralderen esanetan, «irakurle aktiboa» eskatzen du liburuak, baina ez testuak zailak direlako, baizik eta «irakurleak osatu behar dituelako, gauza batzuk erdi esanda daudelako».

Artefaktu erdi hutsa

Sarrionandiak berak ere antzeko ideia darabil liburuko hitzaurrean: «Obra literario hau artefaktu erdi hutsa da, nik neure bizitzaren zati bat sartu dut bertan, baina beste bizitza zati batzuk behar ditu. Halakoak izaten dira maitasun edo politika kontuak ere, bakoitzak bere eran konprenitu eta bere gisan bizitzekoak. Testu honen hutsune eta koskek irakurle itzartu eta aktiboa eskatzen dute».

Iturralderi deigarri egin zaio Sarrionandiak azkenaldian galderadun liburu-izenburuak egiteko daukan joera. 2010ean 'Moroak gara behelaino artean?' plazaratu zuen, eta 1016an 'Hilda dago poesia?'

Bestalde, Tolosako idazleak adierazi du «orain ere politika eta soziopolitika asko dagoela. Sarrik gertutik jarraitzen du hemengoa, adibidez Altsasukoez idatzi du». Hau dio Iurretako idazleak maiatzaren 3ko atalean: «Lehen esaten zuten biolentziarik gabe dena zela posible. Biolentziarekin, inposiblea zen dena. Biolentziarik gabe, nagusien biolentziaren monopolioa geratzen da, eta benetako aldaketa politikorik ez da posible. Biolentziarik gabe dena posible dela, gezur hori bera ere apenas entzuten da ja». Eta beste gogoeta batzuk: «Nazioa ez da zer garen, baizik zer egiten dugun»; «Kontua ez da irabaztea edo galtzea, baizik eta zer egiten dugun irabaztean eta zer egiten dugun galtzean».

Literaturaz ere maiz egiten du gogoeta. Maiatzaren 15eko atal laburra: «Literatura. Norberaren baitan errefuxiatutako mamuak beste batzuen barrura pasarazteko ahalegina da literatura». Izenburuari dagokionez, esaldi hori Brasilgo idazle bati hartu dio Iurretako idazleak, Joao Guimaraes Rosa-ri. Atzoko aurkezpenean , Ander Lipus aktoreak liburuko pasarte batzuk irakurri zituen, eta Dana Moya kubatar abeslariak kantu batzuk eskaini.

Bestalde, Joseba Sarrionandiak 'Kokuioak' aldizkaria jarri du abian, 'Euskal-kubatar ikerketa aldizkaria'. Habanako Unibertsitatetik kudeatzen du. Lehenengo alea paperezkoa izango da -kalean da-, eta handik aurrera bertsio elektronikoa baino ez da egongo.

Sarrionandiaren proiektu guztiz pertsonala da aldizkaria. «Bere aurkezpen-txartela izatea nahi du», adierazi du Pamiela etxeko bozeramaile batek. Izan ere, argitaletxe nafar honen bidez atera du paperezko lehenengo zenbaki hau.

Temas

Euskera