Poesiari behar duen denbora eta espazioa eskaintzen dion jaialdia Lekeitiora itzuliko da
Hirugarrenez antolatuko du Euskaltzaindiak, irailaren 26tik 28ra, eta orduan aurkeztuko dira xehetasunak
J. A.
Jueves, 12 de junio 2025, 14:57
Iaz Itsasu (Lapurdi) bisitatu ostean, Lekeitiora bueltatuko da 'Irailekoak', Euskaltzaindiak iteraturari dion atxikimendua adierazte aldera antolaturiko poesia-jaialdia. Hala, Euskal Herriko olerkarien eta beste bazter batzuetako poeten lanak hauspotu eta aztertuko dira jaialdiaren aurtengo edizioan irailaren 26tik 28ra. Egitarauaren zehaztasunak irailean agertuko dira, baina aurreratu dutenez poesiarekin batera, beste kultura-adierazpide batzuk uztartuko dira, hala nola musika eta artelanak.
Lekeition poesiari presentzia handiagoa emateko, garai eta geografia askotako egileen bertso-lerroz jantziko dira herriko erakusleihoak udaldian. Tartean, Forugh Farrokhzad, Anne Sexton, José Luis Otamendi, Miren Agur Meabe, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Raymond Carver, Angel Erro, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Jon Gerediaga edo Alejandra Pizarnik-en bertsoak erakutsiko dira, merkatarien Kitto elkartearen laguntzaz. Recreativa elkarte ezagunaren laguntza ere izango du Euskaltzaindiak, beraien egoitzan egingo direlako ekitaldi nagusiak.
Gainera, eta iraileko egun horietan egindakoaren lekukotza jasotzeko, Iraileko paperak aldizkaria plazaratuko da, oroigarri intelektual-poetiko gisa. Jaialdian parte-hartuko duten olerkari eta ikusleen artean banatuko da aldizkaria.
Estreinako edizioa 2023an antolatu zen «Euskal Herri osoarentzat», literatura jardunaldien egutegia osatzeko eta, batik bat, «poesiak bere toki-denborak izan ditzan gure artean» euskal poeten lana gizarteratuz, dela hitzaldien edo irakurraldien eskutik, dela errezitaldien bidez. Noski, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartzen dute.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.