«Pello Errotaren garaiko bertsolariak eta gaurkoak ezin dira konparatu»

Bernardo Atxaga, Asteasuko udaletxean./JOSÉ MARI LÓPEZ
Bernardo Atxaga, Asteasuko udaletxean. / JOSÉ MARI LÓPEZ

Asteasuko bertsolariaren heriotzaren mendeurrena dela eta eman zuen hitzaldian, garai hartako eta gaurko bertsolariak ezin direla konparatu esan zuen Bernardo Atxagak

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDIAsteasu

Asteasuko Udalak Pedro Jose Elizegi (1840-1919) 'Pello Errota' bertsolariaren heriotzaren mendeurrena ospatzeko antolatu duen egitarau joriaren baitan, hari buruzko hitzaldia eskaini zuen ostiralean Bernardo Atxagak. Xabi Paya, aspaldian kultur kudeaketari emana eta oholtzatik urrun dabilen bertsolari bizkaitarra ere iragarrita zegoen, baina azkenean ez zuenez izan bertaratzeko modurik, bakarrik aritu zen Atxaga. Kantatu ere egin zuen.

Orain dela 100 urte hildako Pello Errotaren eta duela 150 jaiotako Mikela Elizegi haren alabaren inguruko hizketaldian, iraganari erreparatzeko daukagun moduari eta ikuspegi horrek eragiten dituen ondorioei buruzko ariketa egin zuen idazle asteasuarrak. «Iraganean gelditutako jendeak ez du gure hizkuntza egiten», ohartarazi zuen aita-alabei buruz aritzerakoan. Hori kontuan ez izateak garamatza, Atxagaren ustez, «iraganeko jendea gogoan hartzen dugunean» haiek gaizki ulertzera, aspaldikoei gaurkoak balira bezala begiratzera, eta egokiak ez diren konparazioak egitera.

Ahotsa haiei ematea denez hori ekiditeko modua, saioan zehar Mikela Elizegiren 'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua' liburuko pasarteak eta zenbait bertso baliatu zituen iraganekoei hitza emateko. Zaila delako, zuzeneko testigantza horiek gabe, irudikatzea nolakoak ziren eta «zer nolako pentsamendua sortzen zuten» ahaztuta dauzkagun giro eta baldintzetan bizitako haiek.

Erlijioa eta superstizioa

Baldintza gogorrak, jendea erlijiora bultzatzen zutenak, «kontsolamendu bila». Horrenbestez, «bi iturritatik edaten zuten: erlijiotik zuzenean, eta sineskeria eta superstizioetatik, erlijioaren inguruan sortutako azalpen magikoetatik». Horren lekuko, Mikela Elizegiren kontakizunetan gora eta behera dabiltzan sorgin ugariak...

Hori guztia «idazkirik, letrarik eta eskolarik gabeko mundu batean» gertatzen zen. Pello Errotak bazekien idazten eta irakurtzen, baina hori ez zen ohikoa «mendialdeko Euskal Herrian». Gehien-gehienak, bertsolariak barne, «ahozkotasunaren unibertsoan» bizi ziren, eta baliatzen zituzten, bertsoak berak bezalaxe, ahozkotasunari lotutako tresnak, batez ere memoria. Mikelak berak entzundakoa gogoratzeko gaitasun ikarragarria omen zeukan.

Giro horretan sortu ziren Pello Errota eta bere garaiko bertsolariak; Txirrita, Udarregi eta beste hainbat. Aritu, eremu geografiko mugatu samarrean aritu ziren, Atxagaren ustez ezin baita esan garai hartan bertsolaritza Euskal Herri osoko fenomenoa zenik. «Gaur bai, orduan ez horrenbeste. Asteasu erdian jarriko bagenu, 60 kilometro karratuko eremuan ibili eta hiltzen ziren».

«Bertsolari haiek eta BECera joaten direnek oso funtzio desberdinak betetzen dituzte»

Zergatik? Eremu horretan sagardotegi eta benta dentsitate izugarri handia zegoelako eta, profesionalak izaki, horiek zirelako haien lantokiak. Bizkaian ere baziren bertsolariak, Enbeitatarren saga ekarri zuen gogora Atxagak, «baina bertsolari bakanak ziren, ezin ziren profesionalizatu». Pello Errota eta Txirrita, berriz, «profesionaletan profesionalenak» ziren. Eta, profesionaltasunaren ondorioz, ordaintzen zienak nahi zuena emateko prest zeuden, baita iritzi politikoei dagokienean ere, bertso-paperen kasuan batik bat. Txirritak, adibidez, «batzuetan gauza bat esaten zuen, bestetan beste bat, ordaintzen zionaren arabera».

Hori bai, ordaintzaile kaskarrek bertso salatariak entzuteko prest egon behar zuten, bertsolariek, kasu horretan eta beste zenbaitetan, «gaizki egina umore bidez salatzeko» gaitasuna baitzuten, «zentsura morala» ezartzekoa. Hortik tiraka nabarmendu zuen beste nahasketa bat: «Orduko bertsolariak eta gaurkoak ez dira berdinak. Egongo dira loturak eta hariak, baina bertsolari haiek eta BECera joaten direnek oso funtzio desberdinak betetzen dituzte».

Bertsolaritzaren politizazioa

Marra gerra aurreko urteetan jarri zuen Atxagak, Pizkundearen garaian, euskaltzale abertzaleek bertsolaritza jo zutenean euskal kulturaren altxortzat, eraiki nahi zuten aberriaren ardatzetako bat bilakatuz. «Hor markatzen da lerroa, hor hartu zuen lehenengo aldiz bertsolaritzak aurretik ez zeukan jite politikoa», nahiz eta garai zaharretako bertsolariak ez izan politikari serio, zuzen eta garbizaleen oso gustukoak, «gordinkeriak eta esan behar ez ziren gauzak esaten zituztelako». Euskara sabindarretik oso urrun zegoen hizkeran, gainera.

«Gerra aurreko urteetan hartu zuen lehen aldiz bertsolaritzak aurretik ez zeukan jite politikoa»

Garai bereko idazleek idatzitakoa –Txomin Agirre (1864-1920) jarri zuen adibide gisa– eta bertsolariek kantatzen zutena konparatuta, argi gelditzen omen da euskal literatura ortodoxia ideologiko estuari lotu zitzaiola erabat. Bertsolariak, berriz, heterodoxoak ziren, «eskubidea zuten beren tokitik edozer gauza esateko. Umorearen eta satiraren bidez kargu hartzen zuten, zentsura moralarekin lotua zegoen haien egitekoa, onerako edo txarererako». «Funtzio morala zuten Pello Errotaren garaiko bertsolariek», alegia.

Hori «osasungarria zen gizartearentzat», eta «egiazko jendea nolakoa zen ikusteko» ere orduko literatura baino egokiagoa da Arestik poeta sozialekin alderatu zituen bertsolarien lana. Satira lanak, baina, beti izan ditu ondorio arriskutsuak, eta harrikadak jasotzeko prest egon behar zuten bertsolariek.

Aspaldikoengandik horren diferente ikusten dituen gaurko bertsolarien inguruan ez zen asko luzatu Atxaga: «Idazleok bezala dabiltza, Altsasu aipatu-eta...».

Temas

Euskera