Borrar
Eztanda egin du pozak 57. edizioaren aurkezpenean. durangoko azoka

Pandemiaren aurreko moldera itzuliko da Durangoko Azoka

Abenduaren 7tik 11ra egingo da, murrizketarik gabe eta ohikoak zituen osagai denak berreskuratuta

m. imaz

Asteartea, 11 urria 2022, 12:51

Comenta

Azken bi edizioetan covid-19ak eragindako egoera zail eta ezegonkorrari aurre egiteko gaitasun handia erakutsi du Durangoko Azokak. Unerik larrienean arriskuan egon zen Azoka bera, baina azkenean hutsik egin gabe zeharkatu du pandemia, eta heldu zaio horren aurreko eredura itzultzeko garaia.

Abenduaren 7tik 11ra, 'eztanDA!' lelopean, murrizketarik gabeko Azoka itzultzeak ekarriko duen poza nabarmendu dute, alegia, astearte honetan egin den 57. edizioaren aurkezpenean. «Aurtengoa mugarik gabeko Azoka izango da, maskaren atzean ezkutatzen ziren irribarreen itzulera, topalekua, giroa, egun osoko kultur eskaintza, jaia, haurrak, gazteak eta ez hain gazteak, fansak, ospakizuna… Eztanda!», adierazi du Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak, eta hori bera adierazten du Ruben Ramosen kartelak.

«Big Bangaren moduan -esan du Mujikak-, aurtengo Azokaren unibertso osoa birsortuko da: aspaldiko lagunekin topatu eta besarkatzea, goizeko hamar terdietan ikasleak Landakogunera korrika sartzea, zure sortzaile gustokoenaren sinadura lortzea, kuadrilarekin eguneko eta gaueko plana egitea…». Era berean, eskertu nahi izan du azken bi urte zailetan Azokari babesa eman dioten sortzaile, kulturzale, eragile eta babesleei: «Egoera zaila izan arren Azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da!».

Nerea Mujika eta Ruben Ramos diseinatzailea, aurtengo kartelarekin. durangoko azoka

Aurtengo ildo nagusiak aurkezteaz batera, edizio honetako irudia ere aurkeztu da. Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du, eta, azaldu duenez, bere ilustrazioak «unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da». Ramosek azaldu duenez, gazteak izango ditu jomugan kartel garaikide honen sorkuntzan: «Kolore paletak eta ikonografiak sintetizadore retroetatik edaten dute, eskuz landutako tipografia psikodelikoarekin». Kartelagaz batera, egileak ikono berri bat sortu du aurtengo ediziorako, «DA!» irudi korporatiboagaz batera zabalduko dena. «Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena».

Ikasle Goiz presentziala

Jarduerei dagokienez, Ikasle Goiz presentziala itzuliko da eta, ohi zenez, lehen egunean milaka ikasle izango dira Landakon Azokaz gozatuko duten aurreneko bisitariak. Azokak hainbat jarduera antolatu ditu eurentzat: komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra... Horrez gain, hirugarren urtez 'PortaDA!' erronka antolatu da Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Berrikuntza gisa, aurten hezitzaileentzat ere tailerrak antolatuko dira lehen aldiz: hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia izango dira.

Azken urteetan Azokaren eskaintza osatzen eta aberasten joan diren gune desberdinak (Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@, Saguganbara eta Szenatokia) ere ari dira egitaraua prestatzen. Kulturaren plazan parte hartu nahi duten argitaletxe, diskoetxe, ekoiztetxe, elkarte, erakunde, banatzaile nahiz autoekoizleek irailaren 30era arte zuten horretarako epea. Egitaraurako proposamenak aurkezteko, aldiz, urriaren 15era arteko epea izango dute. Ikasle Goizeko tailerretan izena emateko epea ere egun horretan itxiko da.

Gauzak lehengoratu badira ere, pandemiari aurre egin izan beharrak ekarri zituen berritasunen batzuk mantenduko dira. Hala, Azoka presentziala ezinezkoa edo oso mugatua izan zen edizioetan ezinbestekoa izan zen online dendak jarraipena izango du, eta aurtengoan ere erakusmahaia alokatzen duten eragile guztiek, modu presentzial eta digitalean parte hartuko dute Durangoko Azokan.

Horrez gain, behin Azoka amaituta, kulturaren plazak jarraipena izango du aurten ere 'Zu non, han DA!' egitasmoaren bidez. Euskal Herriko hamaika liburudendatan Azokan eskuragarri egon diren nobedadeak erosteko aukera egongo da, hirugarren urtez (izen-ematea zabalik dago kasu honetan ere). Aurten, lehengo aldiz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira liburudendetan.

Aurkezpenean, Gerediagako presidente Nerea Mujikaz gain, Durangoko Azokari babesa ematen dioten hainbat erakundeetako ordezkariak egon dira: Andoni Iturbe (Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburuordea), Xabier Arauzo (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia), Ima Garrastatxu (Durangoko alkatea), Lexuri Ugarte (Arabako Foru Aldundiko Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendaria), Hasier Morrás (Euskarabidea) eta BBK, Euskaltel eta Eroskiko ordezkariak, Durangoko Azokako guneetako arduradunekin batera.

.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pandemiaren aurreko moldera itzuliko da Durangoko Azoka

Pandemiaren aurreko moldera itzuliko da Durangoko Azoka