Nafarroan bertsolaritza bultzatzeko txapelketa
Aurre-kanporaketen ostean 24 bertsolarik ekingo diote ibilbideari urriaren 2an Izaban. Finala azaroaren 28an izango da Iruñean
Bertsolaritzarentzako bultzada izan nahi duen Nafarroako Bertsolari Txapelketa aurkeztu du gaur Nafarroako Bertsozale Elkarteak. «Izurriak erabat moteldu du bertso plaza, eta agerian utzi du kulturgintzaren hauskortasuna» eta, horregatik, bertsogintzaren eta kultur sorkuntzaren defentsan «aldarri» egin nahi dute. «Kultura, erantzukizunez, segurua da» adierazi dute.
Euskara Nafarroan barrena bertsoaren bitartez barreiatzeko txapelketa izango da 45. ekitaldia, Pandemia dela-eta uste eta nahi baino beranduago ospatuko dena. Azaroaren 28an ospatuko den finala janzteko 29 hautagaik eman dute izena eta aurre-kanporaketen ostean 24k ekingo diote urriaren 2an Izaban abiatuko den ibilbideari. Lau final-laurden izango dira aipatutako Izabakoa eta urriaren 9an Tafallan, 10ean Zangozan eta 16an Donezteben. Ostean, hiru finalaurreko azaroaren 1ean Altsasun, 6an Berriozarren eta 14an Leitzan.
Zortzi saioen ostean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian finen arituko diren zortzi bertsolariak 2019an Julio Sotok irabazitako txapela erdiestea bilatuko dute. Hauek dira hautagai guztiak: Alazne Untxalo, Aitor Irastortza, Egoitz Gorosterrazu,Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez, Erika Lagoma, Idoia Granizo, Iker Gorosterrazu, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julen Zelaieta, Julio Soto, Mikel Lasarte, Oier Lakuntza, Patxi Castillo, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Urko Gartzia, Xabat Illarregi eta Xabier Silveira.
Txapelketako sarrera guztiak jada salgai daude, eta aurrez amaitzen ez badira saioen egunean bertan leihatilan salduko dira arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Finalaren kasuan ere, 15:00etan irekita salmenta. Covid-19aren eraginezko agertokia dela-eta, antolatzaileek argitu dute edukierak mugatuak izango direla eta beharrezkoa izango dela musukoa erabiltzea eta distantziak mantentzea.