Musikal bilakatuko dute Toti Martinez de Lezearen 'Bretxa' eleberria
Euskarara ekarri berri duten nobela historikoaren oholtzarako egokitzapena arlo horretan eskarmentu handia daukaten Bergarako Antzerki Musikal Elkarteak eta Bergarako Musika Eskolak egingo dute, beste hainbat eragileren laguntzaz, eta datorren urtean estreinatuko da
Modu gordin eta zehatzean deskribatu zuen Toti Martínez de Lezea idazleak 1813an Donostia setiatu eta suntsitu zutenekoa orain dela 16 urte argitaratu zen 'La Brecha' eleberrian. Berriki Ereinek eman du argitara eleberri berrikusia Toti Martínez de Lezea bibliotekaren baitan, «azken urteetan ikasi dudanari esker hobetua, orain orduan baino hobeto idazten baitut», egileak berak gaur goizean Donostian egin den aurkezpenean esan bezala.
'Bretxa' euskarazko itzulpena ere Ereinek ekarri du, Miren Arratibelen eskutik. Toti Martínez de Lezeak azaldu du beretzat opari bat dela euskaraz kaleratzen dioten liburu bakoitza, euskara delako bere hizkuntza, nahiz eta ez izan euskaraz idazteko gai.
LIBURUA
-
Izenburua: Bretxa.
-
Egilea: Toti Martínez de Lezea.
-
Itzultzailea: Miren Arratibel.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Orrialde kopurua: 336.
-
Salneurria: 21 euro.
-
Informazio gehiago: Argitaletxearen webgunean
Aurkezpen berean eman dituzte proiektu handi baten lehen zertzeladak, oholtzara helduko baita 'Bretxa', formatu handiko musikal bilakatuta, Bergara Antzerki Musikala Elkartea eta Bergarako Musika Eskolaren eskutik, Donostia, Lasarte-Oria, Zarautz edota Irungo zenbait elkarteren eta garaiko Donostiaz asko dakiten adituen laguntzarekin. Oihan Vegak eta Valen Moñuxek eman dute 2023ko urtarrilaren 13an Victoria Eugenia antzokian estreinatuko den ikuskizunaren berri.
Herri xehea protagonista
'La Brecha/Bretxa' eleberria oso ezaguna da. Oinarritzen den pasarte historikoa ere bai: 1813ko abuztuko 31ko triskantza, hain zuzen, non frantsesek setiatuta zeuzkaten donostiar haiek kalera irten ziren 'askatzaile' ingeles eta portugaldarrei harrera egiteko asmoz, eta oso bestelako erantzuna izan zuten: hilketak, lapurretak, bortxaketak eta, azkenean, kale bat izan ezik hiribildu osoa suntsitu zuen sutea.
Uxue Razkin Ereineko editoreak nabarmendu duenez, Toti Martínez de Lezearen eleberri gehienak historikoak dira, baina idazle arabarrak giza emozioei erreparatzen die bereziki, eta herri xehearen bizipenei. 'Bretxa'-ko protagonista, esaterako, ez da militar bat, ez da agintari bat, Maritxu Altuna txokolategi baten jabearen alaba baizik. «Nobela historikoetan badira jeneralak, badira gerrako pasarteak, baina herritarrak ez gara ia azaltzen Historia handian, eta nire asmoa zen donostiarrek beraiek kontatzea historiaren zati bat, batez ere emakumeek», adierazi du idazleak.
«Nire asmoa en donostiarrek beraiek kontatzea historiaren zati bat, batez ere emakumeek»
toti Martínez de lezea
«Ez da bakarrik izango nobela bat taularatzea. Drama hura kontatu nahi dugu gaur arte kontatu ez den bezala»
oihan vega eta valen moñux
Musikalaren sortzaile eta zuzendariak
Dagoeneko nahikoa aurreratuta dagoen musikala ere -libretoak datorren astean banatuko dituztela aurreratu dute- ildo horretatik joango da, egokitzapenaren egile eta zuzendari diren Oihan Vega -bereak dira musika eta kanten hitzak, propio ikuskizunerako sortuak- eta Valen Moñuxek nabarmendu dutenez. «Herritarren bizitzan zentratuko da», alegia, Toti Martínez de Lezeari orain dela bospasei urte aurkeztu zioten proiektua, jada errealitate izateko zorian dena. «Zoratuta zaudete, baina etxe honetan ongi-etorriak dira zoroak», erantzun omen zien idazleak beren asmoen berri emateko bisitan joan zitzaizkionean.
MUSIKALA
-
Egokitzapena, libretoa eta zuzendaritza eszenikoa: Oihan Vega eta Valen Moñux.
-
Musika eta abestien letrak: Oihan Vega.
-
Eszenografia eta dekoratuak: Valen Moñux.
-
Orkestrazioa: Mikel Markiegi.
-
Orkestra zuzendaria: Txemi Etxebarria.
-
Abeslari eta abesbatzen zuzendaria: Marije Ugalde.
-
Koreografiak eta dantzarien zuzendaria: Carol Gómez.
-
Zuzendari laguntzailea: Ander Arruti.
Ikuskizuna askoren arteko ekimena izango da, eta oinarrian izango du bergararrek munta handiko musikalak ekoizten daukaten 30 urteko eskarmentua. Argi daukate nola egin nahi duten. «Ez da bakarrik izango nobela bat taularatzea. Drama hura kontatu nahi dugu gaur arte kontatu ez den bezala», adierazi du Vegak. Azaldu du, halaber, bi irizpide nagusi izan dituztela eleberria oholtzarako egokitzean: «Badaude kontzesio artiskikoren batzuk, baina erabat errespetatu ditugu eleberria, gertakizunak eta protagonistak. Kronologikoki eta historikoki gauzak izan ziren bezala errespetatu ditugu».
Alde horretatik, eta gaiak berak horrelako hurbilketa eskatzen duelako, oso errealista izango da eszenografiaren, jantzien eta giroketaren aldetik. Errealismoa indartzeko, garai hartako Donostia ikusi ahal izango da 3Dn pantaila handi batzuen bidez, «inoiz ikusi ez den bezala», eta «%85a euskaraz izango bada ere, pertsonaia bakoitza bere hizkuntzan ariko da: euskaraz herritarrak, ingelesez, frantsesez edo portugesez militarrek, eta gazteaniaz elkarren artean hitz egiten dutenean».