Musikari hasiberrien bilaketa, martxan
Urriaren 9an amaituko da 32. Gaztea Maketa Lehiaketara proposamenak aurkezteko epea
DV
Osteguna, 21 iraila 2023, 12:12
Euskal Herriko musikari hasiberri onenen bilaketa berriro ere martxan da. 2023koa hogeita hamabigarren edizioa da eta aurrekoetan bezala edonork har dezake parte, musika estilo eta hizkuntza mugarik gabe, betiere aurkeztutako bakarlari edo taldeak diskoetxe batekin kontraturik ez badu.
Talde edo bakarlariek gehienez hiru abesti bidali ahalko dituzte urriaren 9aren aurretik. Ostean, hilaren 23tik 30era, finalera igaroko den lehen talde edo bakarlaria erabakiko duen webguneko bozketa fasea jarriko da martxan. Azkenik, epaimahaikideen esku geldituko da beste finalisten hautaketa eta irabazleen izenak azaroaren 16an Bilboko Sala BBKn lehiatuko den final handiaren ostean jakingo dira. Zuzenean euren kantua eskainiko dute.
Maketa Lehiaketaren finalera iristen diren musikariek hiru sarigatik lehiatuko dute. Alde batetik, Epaimahaiaren Saria, hau da, 5.000 euro eta 2024ko Bilbao BBK Liven jotzeko aukera. Bestetik, GazteBizHitza Saria edo entzuleen saria. 2.500 euro, sari hau Gazteako entzuleek erabakiko dute, webguneko bozketan. Eta, azkenik, Harrobia Saria. Irabazleak Oso Polita diskoetxearekin lau abestiko EP bat grabatzeko aukera izango du. Epaimahaiak hala baderitzo, bi sarietakoren bat hutsik gera daiteke.
2022ko ekimenean epaimahaiak 20 artista aukeratu zituen bigarren faserako eta, azkenean, Julen Idigorasek, Izarok eta Lorea Argaratek osatutako epaimahaiak Xander, Txopet, Ttiritt eta Ithaka hautatu zituen Gasteizko Jimmy Jazz aretoan lehiatu zen azken finalerako. Txapelduna Txopet izan zen eta entzuleen saria Ithakak lortu zuen.