Musika estiloen estiketetatik inoiz baino askeago, Belakok Dabadaba beteko du larunbatean
Bosgarren diskoa, 'Sigo regando', aurkeztuko du Donostian. Oholtzan izango da haiekin Tijuana Bibles taldea
Pandemiak 'Plastic Drama' diskoaren bira eta kontzertuak baldintzatu zituen eta zapore gazi-gozo hura kentzeko asmoz indarrarekin ekin dio Belako taldeak proiektu berriari, 'Sigo regando' (BMG), hiru urte zailen ostean «musika berriro ere protagonista» izateko asmoarekin.
Mungiako laukoteak 'White Lies', 'Sangre Total' edo 'Orein Orain' singleekin aurreratu zituen lan berriaren trazak -retro estetika berritua eta grabazio gordina zinta analogikoan-, Boga Boga Festibalaren baitan Miramarren argitu zirenak eta larunbat honetan Dabadaban berretsiko direnak. Ateak 20:00etan irekiko dira eta kontzertua 20:30ean hasiko da, sarrerak agortuak direlarik. Haiekin izango da oholtzan Tijuana Bibles taldea.
Kontzertua
-
Taldeak: Belako eta Tijuana Bibles
-
Lekua: Dabadaba (Donostia).
-
Eguna eta ordua: Larunbata, 20:30ean. Ateak 20:00etan.
-
Sarrerak: Agortuak.
Inoiz baino gehiago urrundu da Belako edozein ildo estilistikotik: rocka, indie, pop, elektronika, biolinak, 'talk box', koruak, disonantziak eta amalgama erritmoak, denetarik du azken diskoak. «Bisitatu ez genituen lekuetan egon gara, hala nola ahapaldietako 7-4ko konpasetan, jazza gogorarazten duten akorde disonanteetan, eta poperoegiak entzuten bazitzaizkigun baxua distortsionatzen genuen zatietan...», azaldu dute. 'Beldur naiz ez zaidan gustatuko, baina nahiago dut ez aspertu', abesten du Cris Lizarragak 'Sangre Total' kantuan, albumaren zortzigarrena eta gaztelaniaz idazten duten lehena.
Eta ildo beretik doaz haien zuzenekoak. Bertan, mikrofonoei protagonismo handiagoa ematen dieten lau kideak entzun daitezke. «Hor nabaritzen da ABBA eta ahotsen harmoniekiko dugun gustua».