Miruak kantautoreen letrek musika elektronikoarekin batera arrakasta izan dezaketela berretsi du
Talde tolosarrak disko berriaren aurkezpena egingo du Durangoko Azokan abenduaren 9an eta bertan egongo da erosgai
Mirua musika talde tolosarrak disko berria argitaratu du. Maitane Iruiñ eta Malentxo Zeberiok betidanik abestu izan dute batera, eta Mattin Zeberioren musika elektronikoarekin orain dela bi urte nahastu ziren. Haien etxeetako logeletan sortutako proiektu hau genero batekin deskribatzea zaila dela diote taldekideek, «kantu bakoitzak bere izaera propioa duelako». 2021ean Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten eta urtebete beranduago taldearen lehen «umetxoa» kaleratu dute. Abesti, bideoklip eta lan askoren ondoren, hirukotea Durangoko Azokan izango da taldearen izen bera duen diskoa aurkeztu eta saltzeko.
'Koloreek' abestiarekin estreinatu zen Miruak. Lan horrek izandako harrera onaren inertziaz, Maitane eta Malentxok 'Arnasten Du Hemen' kantu akustikoa argitaratu zuten handik gutxira. Bi kantu horien ostean, 'Egunak Usten Ez Didatenean' kaleratu zuten. «Abesti honek kantautore kutsua du baina aldi berean pixkanaka Miruaren izaeran sartzen da», dio Maitanek. Geroago, `Txintxin´ abestiarekin taldeak «beste kolore bat hartu zuen». Lan honetan musika elektronikoa eta erritmo desberdinak landu dituzte.
Eta jauzi indartsuena 'Basakabi' kantarekin eman dute. Kiliki Frexko Chill Mafiako kidearekin egindako kolaborazio honek taldeari «puntxa» eman dio. Abeslari nafarrak zerbait berezia ikusten zuen hirukote tolosarrarengan eta barrutik frogatzeko aukera izan du. «Beñatek (Kiliki) bere abesti eta bideoetan itxura jakin bat ematen duen arren, gu bere alde 'cute-a' ustiatzen saiatu gara». Abestiaren eta bideokliparen grabazioak etxea, parranda eta momentuak partekatzen egin ziren.
Merkatura salto
Lehen diskoa argitaratzeko bide sutsua egin dute tolosarrek. Orain dela urtebete Gaztea Maketa Lehiaketan aurkeztu eta finalerako sailkatu ziren. Bilboko Kafe Antzokian 'Koloreek' abestiarekin entzuleen ileak harrotu zituzten eta Harrobia Saria etxera eraman zuten. Ondorioz, lau abestiko EP (disko txikia) bat grabatzeko aukera izan dute. «Orduan hasi ginen gure lana ordenatzen, musika kaleratzeko helburu batzuk jartzen eta Miruaren garapenean pentsatzen», azaltzen du Maitanek. Hala ere, EP berria kaleratzeko lanean ibili diren urte honetan ez dituzte beste aukerak alferrik galdu. Abestiak grabatu, bideoklip berriak egin edo udan hainbat kontzertu eskaini dituzte, Donostiako Aste Nagusian, Iruñean edo Tolosan entzungai izan dira, besteak beste.
Kameren eta erreprodukzio zenbakien atzean dagoen lan guztia ezinezkoa litzateke Miruako kideentzat «lagun artista handien laguntzarik gabe». Produkzioa ez da erraza izan «banandurik bizi garelako eta bakoitzak zeregin ugari dituelako». Hiru artista hauek beti errepikatu dute «sortzen duguna geuk entzungo genuena dela». Momentuz premisa betetzen ari dira.
Mirua ezagutu nahi dutenek, Durangoko Azokan aukera paregabea izango dute. Abenduaren 9an, ostirala, tolosarrek ordu bi eta erdietan Ahotsenea plazan EP berria aurkeztuko dute. Gainera, egun guztian zehar Oso Polita ekoiztetxearen postuan izango dute diskoa salgai. «Gure lehenengo umetxoa kaleratu izanaren sentsazioa dugu», adierazten du Maitanek. Oraindik ere proiektu txikia da, partaideentzat «etxekoa», eta mimo eta lan askoren emaitza da Durangoko Azokan egotea. «Mirua pixkana hasi da fruituak ematen eta forma hartzen ari da».