Borrar
Fermin Muguruza, Elkarreko Andres Camio 'Jitu' eta Maite Arroitajauregi 'Mursego', aurkezpenean. sara santos

Irudien aurretik heldu da 'Black is Beltza II. Ainhoa' filmaren musika

Maite Arroitajauregi 'Mursego' musikariak sortu duen soinu bandan beste hogeita bat talde eta bakarlariren kantak txertatzen dira

m. imaz

Osteguna, 15 iraila 2022, 19:08

Comenta

Iragarri zenetik, jakin-min handia sortu du Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' proiektu transmediaren bigarren atalak: 'Black is Beltza II. Ainhoa'-ren inguruan euskarri desberdinetan plazaratzen joango diren hurbilketa osagarriek, alegia. Ikusmina datorren astean asebete ahal izango da lehen aldiz, Fermin Muguruzak zuzendu duen animaziozko film berriaren mundu mailako estreinaldia Donostia Zinemaldiaren barruan egingo baita, Belodromoan. Irailaren 23ko lehen emanaldi guztiz berezi horretarako salgai jarri ziren sarrera denak agortuta daude, baina izango da azken aukeraren bat leihatilan. Bestela, astebete luzatuko da itxaronaldia, irailaren 30ean estreinatuko baita zinema aretoetan.

2018ko Zinemaldian aurkeztu zen eta urte hartako urrian estreinatu zen 'Black is Beltza'-rekin lotura zuzen eta sakona duen proiektua, baina, hasi da lehen emaitzak helarazten, musikak hartu diolarik aurrera irudiari. Izan ere, salgai dago gaurtik aurrera filmaren soinu banda. Elkar etxeak argitaratu du, eta bi formatutan eskura daiteke: biniloan, 2 LPtan, eta 2 CDtan.

Funtsezko osagaia

Baliteke filmak izatea Fermin Muguruza aspaldi lantzen hasi zen proiektuaren ikur nagusiak, baina musikak blaitzen ditu ezinbestean, funtsezko osagaia da. Donostian aurkeztu den soinu banda, gainera, musikari irundarrak elkarlanari eta sorkuntza partekatuari ematen dion garrantziaren islatzat ere jo daiteke, Maite Arroitajauregi 'Mursego'-ren esku egon baita egiteko hori.

Muguruzak aurkezpenean adierazi duenez, beti izan da 'Mursegoren' fan handia, aurretik elkarrekin arituak dira, baina oraingo honetan «konponente emozionala» ere hartu behar da aintzat. Maiz esan du Fermin Muguruzak filma zein festa girokoa nahi duen estreinaldia, Broken Brothers Brass Band taldearen zuzeneko presentzia izango duena, orain hiru urte hil zen Iñigo anaiaren omenezkoak direla. Bada, aurkezpenean gogoratu duen moduan, anaiarekin batera ikusi zuen azkeneko kontzertua 'Mursego'-ren emanaldi bat izan zen.

80ko hamarkadako azken urteetan girotuta dago filma, eta protagonista edo gidari nagusia lehen filmeko Manexen alaba Ainhoa da. Aitaren herria ezagutzera etorriko da, urte oso zailetan, eta bidaiak beste esperientzia gogor batzuk ezagutzera ere eramango du. Kontakizunaren zati da musika, bai 'Mursego'-k berariaz sortu duena, baina hor txertatzen diren kantak ere, beste hogeita bat bakarlari eta talderenak. Horien artean daude, besteak beste, Kortatu, The Pogues, Benny Moré, Barricada, Cicatriz, Bakht Zamina, Negu Gorriak, Tania Saleh, Brenda Navarrete, Joseba Tapia, Imanol, Zebda edota Massilia Sound System.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Irudien aurretik heldu da 'Black is Beltza II. Ainhoa' filmaren musika

Irudien aurretik heldu da 'Black is Beltza II. Ainhoa' filmaren musika