Ines Osinagak 'Itsasoa da bide bakarra' proiektua irailaren 2an aurkeztuko du Itziarren
202ko Joseba Jaka bekarekin garatutako ekimenean Euskadi eta Kuba uztartu ditu artista arrasatearrak
Euskadi eta Kubako kulturen arteko zubi-lana egiteko asmoz sortu eta proposatu zuen Ines Osinaga musikariak 'Itsasoa da bide bakarra' eta datorren irailaren 2an Itziarren egingo duen aurkezpenean ildo beretik segituko du. «2022ko martxoan hasi genuen bidaiak aurrera jarraitzen du», aurreratu du arrasatearrak. Zuzeneko aurkezpena izango da, azken urteetan bizitakotik sortutakoa elkarbanatzeko proposatutako bi saioetako lehena. Bigarrena urriaren 6an izango da, Habanan.
Osinagak 2022an jaso zuen Joseba Jaka bekari esker garatu du 'Itsasoa da bide bakarra' proiektua. Gose taldearekin izandako ibilbide oparoaren ostean bakarlari bezala aurkeztutako lehen diskoa izan zen, Durangoko Azokan plazaratutakoa. Orain, bigarren pausu bat emango du abeslari arrasatearrak eta zuzenean aurkeztuko du irailaren 2an Itziarren. Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina edukiera mugatua denez antolakuntzatik aurrez izena ematea beharrezkoa izango dela adierazi dute.
Aurreratu duenez, ez da bakarrik izango oholtza gainean, Osinagarekin batera izango baitira Kubako eta Euskal Herriko musikariak: Naile Sosa (perkusioa), Irina Gonzalez (gitarra) eta Yaima Orozco (guiroa, klabea eta mood guajiroa). Gainera, beste hainbat musikarik ere kolaboratuko dutela azaldu du, hala nola Olatz Salvadorrek, Miren Amurizak, Garazi Egigurenek eta Janire Etxabek.
Abuztuaren 6an aurrerapen bat ikusgai izango da EITBn, Gasteizen grabatutako 'Lau teilatu' zuzeneko emanaldia hain zuzen ere. Horretaz gain, jada teaser bat ikusgai da.