Durangoko Azokaren soinu banda, entzungai
Momentuz 60 abesti entzun daitezke, eta azoka heldu bitartean zerrenda eguneratzen joango da
2023ko abenduaren 6tik 10era izango den 58. Durangoko Azokan musika protagonista nagusienetako bat izango da. Disko aurkezpenak, zuzenekoak, hitzaldiak, protagonistekin egoteko aukera... Duela gutxi jakinarazi zuen antolakuntzak Ahotsenean 49 emanaldi eskainiko direla guztira eta 17 musika taldek lehen aldiz joko dutela zuzenean, besteak beste Akaleia, Eider, Eire, Etxepe, Haira, Haize-arrosa, Ithaka, Kadira, Karma, Ke lepo, Lilo, Mamu, Muare, Nakar, TRB, Txopet eta Zatibi.
Orain euskararen plazan 'Fantasia Da!' lelopean izango den azokako soinu banda plazaratu du hainbat euskarritan. Momentuz 60 abesti entzun daitezke, eta azoka heldu bitartean zerrenda eguneratzen joango da. «Euskal musika talde eta bakarlarien nobedade horiek ezagutzen hasteko aukera paregabea», aurreratu dute.
Zerrendako abesti guztiak euskara hutsean dira. Abesti berrien fantasiaz gozatzeko playlist hori Badok atarian dago eskura, bigarren urtez. Gainera, www.durangokoazoka.eus webgunean eta Spotifyn ere topatuko dute musikazaleek. Zerrendako diskoak Landako Guneko erakusmahaietan egongo dira salgai, eta horietatik 70 zuzenean entzuteko aukera egongo da Ahotsenean. Disko berrietako zenbait QR kode bitartez ere entzun ahalko dira azokan bertan.
'Beterano' modura izango dira Ahotsenean Amorante, Arima, Braulio, EKG, Esanezin, Ezezez, Feline, Ibil Bedi, Intza, Jabi Patxon eta Kofradia Rock, Kemaronte, Konpost, Kuma No Motor, Leihotikan, Lotura, Marlik, Miren eta Roberto Etxebarria, Modus Operandi, Moxal, Murgi, Muzak, Nøgen, Otoi, Postal Kolekzionistak, Rukula, Sara Zozaya, Silitia, Toc, Yogurinha Borova, Xabi San Sebastian, Zeker eta Zukan.