Aresti omentzeko bi kontzertu antolatu ditu Euskaltzaindiak
Abenduaren 4an BBK Aretoan eta abenduaren 10ean Arriaga Antzokian izango dira
J. A.
Asteazkena, 26 azaroa 2025, 13:54
Gabriel Aresti idazle eta euskaltzain urgazlea hil zela 50 urte betetzen direla baliatu du Euskaltzaindiak «haren hirian», Bilbon, egitarau oparoa osatzeko eta asteazken honetan aurkeztu du ekimen berri bat. Edo hobe esan bi kontzertu, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatuak. Aurkezpenean parte hartu dute Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Carmen Martínez Guerra Bilboko Koral Elkarteko kudeatzaileak, Joxan Goikoetxea musikariak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Lehenengo kontzertua (Gabriel Aresti Mug(H)arri) abenduaren 4an izango da, BBK Aretoan (19:00etan). Joxan Goikoetxea musikariak Aresti omentzeko beren-beregi sortutako ikuskizuna da 'Gabriel Aresti Mug(H)arri'. «Sorkuntza eszenikoan hitzen eta melodien arteko elkarrizketa garaikidea emango da, Gabrielen pentsamendua, estetika eta iruditeria ideologikoa biziberritzeko asmoz», aurreratu du musikari gipuzkoarrak. Goikoetxeak EusKameratako kideekin (Beñat Egiarte, Amaia Azkue, Xabier de Felipe eta Xabi Paya) batera jardungo du oholtza gainean.
Bigarren kontzertua abenduaren 10ean izango da, Arriaga Antzokian, 19:30ean. Bertan, euskal kantutegiko abesti ugari interpretatuko dira; tartean, Arestik berak idatzitako batzuk. Oholtza gainean izango dira Jon Maia bertsolaria, Rafa Rueda musikaria eta Bilboko Koral Elkarteko Euskeria Abesbatza. Maiak Nire aitaren etxean inspiratutako bertsoa botako du eta Euskeria abesbatzak euskal kantutegiko abesti ezagunak interpretatuko ditu; tartean, 'Zeruan eder ilargia' (Aita Donostia), 'Maitia nun zira' (José Uruñuela), 'Aitarik ez dut' (Errobi) edo 'Lau teilatu' (Juan Carlos Pérez). Azkenik, Rafa Rueda musikariak Arestiren hitzekin eginiko lau kanta joko ditu: 'Preso gaudenon ahoetatik', 'Nire izena', 'Bilbaoko kaleak' eta 'Egia bat esateagatik'.
Ekainean estreinatu zen egitaraua Bilboko Txistularien Bandaren kontzertu eder batekin, eta harrezkero jardunaldi, liburu-aurkezpen eta bestelako musika-emanaldiak izan dira poeta bilbotarraren omenez.