2024ko martxoan «etenaldi luzea» hartuko du Liher taldeak
'Eta hutsa zen helmuga' bira amaierarekin batera izango da, donostiarrek sareetan jakinarazi duten bezala
Itzulera baterako atea erabat itxi gabe, Liher talde donostiarrak etenaldi bat hartuko duela jakinarazi du astearte honetan sare sozialen bitartez zabaldutako mezu batean. «Iritsi da 'Eta hutsa zen helmuga' agurtzeko unea. Ez goaz betirako; baina noiz arte ere, ez dakigu oso ondo. Zortzi urtez egon gara jo eta fuego gure bidea eraikitzen, eta oraingoan, agurra beste batzuetakoa baino apur bat garrantzitsuagoa izango da», dio komunikatuak.
Etenaldiaren iragarpena 'Hortzak' izeneko bigarren aurrerapen kantuaren aurkezpenarekin batera egin dute. Kantua hardcorea eta punka uztartzen dituen «pieza amorratu» gisa deskribatu dute taldekideek eta Sua taldeko Ane Barretxearekin batera grabatu dute.
Hori bai, «hibernazioa» martxoan hasiko dela jakinarazi dute eta haren aurretik urte amaiera artea hainbat kontzertu eta 2024ren hastapenetan zaleekin elkartzeko «hiru hitzordu berezi» eskainiko dituztela aurreratu dute: lehena, urtarrilaren 26an Gasteizko Jimmy Jazz aretoan; bigarrena, otsailaren 15ean Bilboko Kafe Antzokian; eta hirugarren eta azkena martxoaren 2an Donostian, oraindik zehazteko den aretoan.
Esan bezala, hemendik eta 2023 amaierara urrian Uztaritzen, Gernikan Innsbruck, Ulm-Hexenhaus, Karlsruhe – Alte Hackerei, Amurrio eta Zumaian (urriak 21); azaroan TBCn, MAdrilen, Bartzelonan eta AZpeitian (Sanagustin Kulturgunean azaroaren 25ean) izango dira. Egun zehatzak eta sarrerak lortzeko estekak taldearen webgunean daude eskura. «Etorriko zarete besarkada bat ematera 'gero arte' esan aurretik?», dio mezuak amaieran.
Zortzi urteko ibilbidea
Liher taldea 2015ean osatu zen, aurrez Lide Hernando kantariak bakarlari bezala hasiera eman ostean. «Hasieratik garbi zegoen hura ez zela Lide Hernandoren banda, baizik eta talde bat», adierazi zuten aurkezpenean. Lehen diskoa 2016ean plazaratu zuten, 'Hauts', «petatxoka» egin zutena.
Bigarren lana, 'Tenpluak erre', «aurrekoa baino rockeroagoa, astunagoa, afinazio grabe eta distortsio gehiagokoa; stoner kutsua» zuena, 2018an heldu zen. Honen bitartez «taldearen posizionamendua» azaldu zuten. «Santifikatu ditugu figura batzuk, iraganean egindako lanagatik, eta guk halakoak zalantzan jarri nahi ditugu». Bereziki 'Arrain hilak' delakoaren bitartez islatu zuten, «produktu kultural errazen kontrako» mezuarekin.
Bide honetatik jarraituz 2020an 'Hemen Herensugeak Daude' liburu-disko berezia aurkeztu zuten. 14 kantu zituen eta ia ordubeteko iraupena, ez han ohikoa egun. Musika, ilustrazioa, narrazioa eta ikus-entzunezkoak uztartuta maitasunari, indarkeriari eta bakardadeari buruzko fikziozko istorioa aurkeztu zuten. Baterian Ander Berzosa fitxatu zuten.
Orain arte kaleratutako azken diskoa 2021eko azaroko 'Eta Hutsa Zen Helmuga' zen. Pandemia garaian 35 kontzertu jotzeko aukeragatik pozik bazeuden ere, lanak itzuli zien osotasun sentsazioa. Aurreko lanaren zikloa garaia baino lehen amaitzea eta berriro «jaiotzearen» aldeko apustua egin zuten 11 abesti berrirekin. Abestiak aurrera joan ahala, dramaren erdigunean aurki daitekeen kolektibitatea pisua hartzen doa eta, azkenik, Jorge Oteiza maisuaren esaldiak eta ideiak erabiliz espazio hutsunea lantzen da azkenetan.
2023ko Durangoko Azokari begira maxi-singlea aurkeztuko du Liherrek, 'ERamaten' eta 'Hortzak' kantuekin.