Borrar

Trenean irakurtzen. Eguneroko bat

Ingurukoak mugikorraren leihotxo argiztatuari begira dauden artean izaro ote gara batzuk? Uharte bakartiak agian? Ez nuke nahi

Miren Billelabeitia

Astelehena, 17 azaroa 2025, 14:12

Comenta

Batzuen esanetan, Espainiako Kultura Ministerioko burua barne, ez irakurtzearen arrazoia astirik eza da. Zalantza dut. Nire lagun batek ez horrenbeste, hark dioenez irakurtzen ez duten askok ez omen dagite, ez astirik ez dutelako, nahi ez dutelako baino, begiratzea baino ez dagoela zenbat lagun doazen metroan eta trenean telefonoari begira jolasten edo bideoklipak ikusten, ez irakurtzen liburua zabaldu eta irakurtzeko asti adina izango zuten unean.

Iritziak ukitua egin zidan bihotzean, zeren ni, herritarrok, gazteek ere bai, gero eta gehiago irakurtzen dugula diogunen artekoa bainaiz. Inoiz ez dela orain beste irakurri, euskaraz behintzat. Arazoa da lagunaren usteak sumindua eragin zidala eta nahigabean buruan bueltaka nerabilela.

Urte honetan bestalde, ea astero joan natzaio izeko bati ikusi bat egiten trenez eta metroz. Lagunaren kezka entzun eta gutxira ere hala egin nuen. Igo bezain laster leku bila hasi zitzaizkidan begiak bizkor. Jesarri eta irakur liburua zabaldu nuen. Emakume gazte bat igaro zen nire ondotik eta pasabidearen bestaldean eseri, leiho ondoko tokian. Hark ere liburua atera zuela ikusi nuen betertzetik. Baginen bi. Eta nik lagunaren hitzak buruan. Hara! Elkartasun bitxia sumatu nuen bion artean, lotura gozoa sortzen. Ingurukoak mugikorrari adi dauden artean izaro ote gara batzuk, uharte bakartiak agian. Ez nuke nahi, bitxi samarrak ematen dugun arren, eta ez dut ukatuko trenean zein metroan noala ez dudanik ingurura begiratzen, nire antzera liburuak altzoan zabalik dutenen bila. Ahizpak aurkitu ditugu horrelakoetan.

Inoiz baino gehiagotan bidaiatu dut trenez, eta metroz. Autobusez ere bai zenbaitetan. Liburuak eraman ohi ditut beti horrelakoetan bidaldi tartea arintzeko. Udaberrian, Bilboko Zazpi Kaleak geltokiko nasan metroaren zain nengoela, beste helmuga bat zuten bagoiak igaro ziren neure aurretik. Zutik nintzen nire garraioaren zain, begiak norabiderik gabe, finko zabalik aurrean nituen leihoen bestaldean eserita ziren bidaiarietako batzuk liburu bat eskuartean zutela ikusi nuenean. Lehenengo bat, gero beste bat… Bost zenbatu nituen hamasei eserlekuko konpartimentuan. Zorion betea hedatu zitzaidan barrenean, eta bekaizkeria apur bat ere bai. Bagoi hartan bidaiatu nahi nuen nik ere, giro lasaian. Baina, nire helmugara zihoana izan ez arren eta bidaia luzatuta ere, bagoira igo eta geltoki pare baterainoko bidai luzapena egin nezakeela erabaki orduko, abian jarri zen bultzia eta alde egin zuten irakurleek astiro-astiro. Oroitu nintzen halakoan, trenean eta metroan irakurlerik ikusten ez zuela aipatu zidan adiskideaz eta bururatu zitzaidan, nire bidaietan irakurtzen ikusten nituen lagunak zenbatuko nituela; baietz guztietan baten bat izan!

2025-VI-09. 11:45. Barakaldorako metroan emakume batek irakurtzen du. Zer irakurtzen duen galdetzen ausartu naiz: Inma Rubialesen 'El arte de ser nosotros'. Gizon batek Javier Cercasen 'La velocidad de la luz' du eskuartean. Gogokoa omen du, ez da idazleari irakurtzen dion lehena. Pasabidearen bestaldean den emakumeak liburu elektronikoa du eskuetan, Javier Iriondoren 'La vida te está esperando', auto laguntza eta kontakizuna biltzen duen liburua. Nik Adam Kovacsicsen 'Acaece, sin embargo, lo verdadero' zabaldu dut:

«Recuerdo que me contabas que tu familia te transmitió ese inclinarse ante el espíritu y la escritura».

2025-VI-11. Nire lagun Nin-en urtebetetzea. Etxetik atera aurretik lagunei urtebetetzeetan egiten diedan ohiko oparia egin diot, wasapez poema bat irakurrita zoriondu: Luis Alberto de Cuencaren 'Ala de Cisne' liburuko 'Lady Crypton':

«Hay algo tan ardiente y tan explícito

en tu mirada que hasta las estrellas

se rinden ante el brillo de tus ojos»

11:00etan Bilborako autobusa hartu dut. Ez dago jende handirik. Ez dut inor ikusi irakurtzen pasabidean eserleku bila igaro naizenean. Gizon bat bere telefonoaren leihotxoari begira dago. Ilse Aitchinger-en 'El Atado' hartu dut nik poltsatik:

«Se despertó bajo el sol. La luz se proyectaba sobre su cara de tal modo que tuvo que volver a cerrar los ojos».

14:00etan Barakaldotik Bilborako metroan ez dago esertzeko tokirik. Nire aurrean den gizonak liburu lodi gorria du zabalik, Ulrich Woelk-en 'Ocho días de mayo. Desde la muerte de Hitler al final del Tercer Reich', baina nirekin batera igo den bidaiari batek agurtu egin du eta aspaldiko kontuez eta senideez hitz egiten hasi zaio irakurketa asmoak itoz. Apur bat urrunago, zutik hura ere, liburu lodia irakurtzen ari den emakume gaztea dago, baina ezin dut izenbururik ikusi, eta urrunegi da ozenki galdetzen hasteko; zutik bidaiatzeko tartea eta bagoien arteko gune artikulatua jendez beterik daude. Artean, Sarrikoko geltokian jaitsi den neska gaztea igaro da nire aurretik 'La vida es más dulce sin azucar' besapean duela. Gogoko omen du.

2025-VI-20. 12:15. Moyuako geltokian hartu dut gaur Barakaldorako garraioa. Nire aurrean emakume batek Arturo Pérez -Reverteren 'El Italiano' du magalean. Ni Josune de Goñi Garcíaren 'Ahizpa beltza' irakurtzen jarri naiz:

«urrunetik begiratzen dut

nire gorputza izan zena»

14:22 Barakaldotik Bilborako metroan, andre gazte batek liburu lodi bat irakurtzen du, adi-adi. Dolores Redondoren 'Ofrenda en la tormenta' da, metrorako irakurgai arina diost.

Inork ez du irakurtzen 14:50etan Zazpi Kaleak geltokitik Lezamara doan trenean. Ez da lagun handirik sasoi honetan eta dauden bidaiari apurrek hizketan ari dira edo telefono eramangarriei begira. Pablo García Casadoren azken poema liburua atera dut, 'Cada uno es mucha gente' eta «This land is your land» irakurri:

«esta tierra es mía y es tuya. Ni a ti ni a mí nos pertenece»

2025-VI-30, 11:56 Bilborako trena hartu dut Sondikako geltokian. Bero itzela da gaur. Izekorentzat herriko azokan erositako Bakioko tomateak, Fruizko piper berdeak eta etxeko loreak daramatzat. Ez da bidaiari handirik trenean. Ez du inork irakurtzen. Baina, halako batean, nire aurreko neska gazteak Ana Iris Simónen 'Feria' atera du, eta gogoko zaio aidanez aho-ertzean nabari zaion irribarre lotsatiak erakusten duenez. Nik Jon Gerediagaren 'Izena eta izana' atera dut:

«Poemak, une eta aldarte bakoitzaren irakurketa bat proposatuz,

zentzu bat eskaintzen dio errealitateari. Edo, hobeto esanda,

errealitateari giza hitzez hitz eginaraziko dio hitz poetikoak.»

Duela aste pare bat Verinesen izan naiz, Asturiasen, urtero Salamancako Unibertsitateak eta Espainiako Kultura Ministeritzako 'Dirección General del Libro' erakundeak antolatzen dituzten idazle, sortzaile eta kritikoen topaketan. 'Creación y Lectura', sormena eta irakurketa izan da han gaia. Idazleetako batek bere kezka agertu du argi irakurzaletasunaz. Bere ustez gutxi irakurtzen da, oso gutxi, Madrileko metroan dabiltzan bidaiariei begiratzea baino ez dagoela azpimarratu du. Ez dakit. Hau ez da Madril. Agian, ni pozten nauenak, Bilboko metroan eta Bizkaiko tren bidai batzuetan bidaiariak liburua eskutan dutela ikusteak gutxi da beste toki batzuetan. Edo agian, hazte geldoko gurbitz zuhaixka horren hazkuntza itxaropentsu da gurean.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Trenean irakurtzen. Eguneroko bat

Trenean irakurtzen. Eguneroko bat