«Idaztea erretzea da, eraldatzea, suntsitzea eta aldi berean beste energia bat ateratzea»

Miren Agur Meabe Donostian, 'Hezurren erretura' aurkeztu zuen egunean./LUSA
Miren Agur Meabe Donostian, 'Hezurren erretura' aurkeztu zuen egunean. / LUSA

'Hezurren erretura' narrazio bilduma argitaratu berritan, uste du heldu dela ordua «bestelako molderen bati ekiteko, erronka nahitaezko gisa»

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDIDONOSTIA.

Ia bi hamarkadaz, Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) gorputz-atalekin marraztu du esperientzia eta bizipen pertsonalei estuki lotutako ibilbide literario bikain baten mapa. Genero desberdinak baliatu ditu -poema-liburuak ekarri ditu, eleberri bat, narrazio bilduma...-, pintzelkada diferenteak antzematen dira marrazki zabal horretan. Hala ere, azken liburua duen eta Susaren eskutik argitaratu duen 'Hezurren erretura'-ren aurkezpenean azaldu zuenez, eta elkarrizketa honetan berresten duen moduan, bada 2000. urteko 'Azalaren kodea'; 2010eko 'Bitsa eskuetan'; 2013ko 'Kristakezko begi bat' eta argitaratu berri duena lotzen dituen hari bat. Azaletik hezurretaraino iritsi da, laster amaitzear edo norabidez aldatzear egon daitekeen bidaian. Puntu horretara heldu aurretik, baina, idazle bizkaitarrak sei urtez landu duen liburuak emango du hizketarako bidea.

- 'Hezurren erreturak'-en, zer dira hezurrak?

- Hezurrak izaten dira gure azken arrastoak, baita animalia basatienak ere, sarraskijaleek gorpuzkinak jan ondoren geratzen diren souvenir suntsigaitzak. Kasu honetan hezurrak ez dira aztarna fisikoak, baizik eta metaforikoak, aldean daramatzagun orotariko pisuen sinboloa.

«Kasu honetan hezurrak ez dira aztarna fisikoak, baizik aldean daramatzagun orotariko pisuen sinboloa»«Aurrekoan, idazkuntza baratzea lantzearekin konparatu nuen; oraingoan, erreturarekin»

- Eta zer da erretura?

- Liburuaren pasarte batean esaten da: «Aldian-aldian erretura egin beharra gertatzen zaigu, haizea zainduta, onuragarria behar lukeena kalterako izan ez dadin». Horrek esan nahi du oroitzapen, asmakeria, pasadizo, amets eta hausnarketa guztiek, edozein hezurrek, balio duela erreturarako. Idaztea erretzea da, eraldatzea, suntsitzea eta aldi berean beste energia bat ateratzea. Errekuntza hori errituala da, ezein idazkuntzak ezin du bizitza benetan erre eta.

- Beste pasarte batean pertsonaia nagusiak esaten du ingurua behar duela beti garbi eta ordenatu, gauza guztiak bere tokian. Badu behar horrekin zerikusirik 'Hezurren erreturak' lanak?

- Zerikusia dauka neure izaerarekin. Ordenatua naiz eguneroko bizimoduan, inguruan anabasa izateak eragotzi egiten didalako gustura egotea eta lan egitea. Alde horretatik, erretura egiteak badauka loturarik sobera dagoena, traba egiten duena garbitzearekin ere.

- Garbitasunerako eta ordenarako ere balio dizu hortaz idazteak.

- Idazteak, besteak beste, balio izaten dit pentsamenduak, emozioak eta sentipenak zehaztu eta ordenatzeko, baita gertaerei neurria hartzeko ere. Paperean islatu ahala, emozioak gogoeta bihurtzen dira eta egoeren jabeago sentitzen naiz; idazkuntza-prozesuak badu niretzat ahalduntzetik eta eragozpenak gainditzetik.

- Bi eratara irakur daiteke liburua: narrazio denak segidan eta zeuk proposatutako ordenan, edo batetik bestera saltoka, aurrera eta atzera. Aukera bat egin edo bestea, aldatzen da emaitza? Norainoko lotura dago, edo zenbat lotura mota daude, bilduma osatzen duten 21 ipuinen artean?

- Ipuinak beregainak dira, eta soltean irakur daitezke, nahi den hurrenkeran. Hala ere, logikoagoa da liburuan ageri diren ordenan leitzea, alde batetik, badelako hari kronologiko xingle bat protagonistaren bizitzan, eta bestetik, hainbat item errepikatzen direlako: testuinguruko erreferentziak, amalgama sozialeko datuak, pertsonaia batzuk... Item horien bitartez oihartzun sare bat eratu nahi izan dut, obrari kohesioa eta fidagarritasun itxura emateko.

Lan korapilatsua

- Egitura eta izaera berezi hori kontuan hartuta, nolakoa izan da liburuaren idazketa?

- Liburu guztietan bezala, lan neketsu eta korapilatsua. Istorioak iraganaren eta orainaren ardatzak txandakatuz eman dira, protagonistaren haurtzaroa, nerabezaroa eta helduaroa korrituz. Zentzu horretan, ipuin sorta izan arren, nobela bat balitz legez ere irakur daiteke liburua. Batasun hori lortzeko, atzerabuelta asko egin ditut. Gainera, ipuin batzuetan aipatutako gertaerak beste batzuetan ere jasotzen dira, edota iragartzen, eta hori zentzuz egitea zorabiatzekoa izan da tarteka.

- Eta pertsonaiaren osaketa? Nor da? Nortzuk dira?

- Pertsonaia bakarra da ipuin guztietako protagonista nagusia. Dena den, adoregabetzailea litzateke 'ni' hiperprotagonista horren atzean egilea edo soilik egilea ikustea, belaunaldi jakin bateko beste neskatxo eta nerabe batzuen pertsonifikazioa ere badelako.

- Aurkezpenean esan zenuen 'Kristalezko begi bat'-en segidatzat har daitekeela 'Hezurren erretura', eta aurreko beste lan batzuekin ere harremantzen dela. Loturak lotura, zerbaitetan egin duzu urratsen bat aurrera? Gainditu duzu iraganeko oztoporen bat?

- Ez da jarraipena, loturak daude bien artean: intertestualitatea, errealitatearen eta fikzioaren arteko bana-lerroarekin jolastea, eduki metaliterarioa... Diptiko moduko bat osatzen dute. Lehengo gai batzuk agertzen dira (desamodioaren mina, etsipena eta horien ondorio fisikoak; menopausiaostea; familiaren ondare motak; adiskidetasunaren balioa...), baina beste ikuspuntu batzuetatik, eta gai berrien ondoan: aurrekoan, idazkuntza baratzea lantzearekin konparatu nuen; oraingoan, erreturarekin.

- Bide horrek izango du segida, edo besteren bat hartzeko gogoz zabiltza?

- Hezurrek, semantikoki, jarraipena ematen diote aspadian abiatutako bideari, azalean hasi ('Azalaren kodea'), eskuetatik jarraitu ('Bitsa eskuetan'), begian gediunea egin ('Kristalezko begi bat') eta gorputzaren barrenengoetara jotzen duen miaketaren eskeman. Nire ustez, 2020an kaleratuko dudan poema-liburuarekin emango diot amaiera bide horri. Heldu da ordua bestelako molderen bati ekiteko, erronka nahitaezko gisa.

- Liburuak, aurkezpenei-eta dagokienez, hasi baino ez du egin bidea. Alde horretatik, baduzu planik?

- Zarauzko Literaturian izan zen lehen aurkezpena, elkarrizketa formatuan. Arriaga antzokian irakurketa musikatua egin genuen, Eraul taldearekin. Espero dut udazkenetik aurrera irakurle taldeen gonbitak heltzea liburuaz zuzenean eta hurbiletik jarduteko.

Temas

Euskera