Mexikoko muga Azpeitian «zainduko» dute Plazaola eta Garmendiak
Mugei buruz, pertsonalak zein fisikoak, hausnartzen duen obra Soreasun (Azpeitia) izango da irailaren 28an 19:00etan
«Nagusiaren» aginduak itsu-itsuan jarraitzen dituzten Margareth (Aitziber Garmendia) eta George (Jon Plazaola) Euskal Herria aste-bukaeraro ari dira bihurtzen 'Arizona'. Txalo konpainiaren antzezlanarekin Mexikorekin muga «zaintzen» ari dira herriz herri, antzerkiz antzerki, umore dosi handiekin eta parodia mugaraino eramanez hausnarketak bultzatu eta, batez ere, oihartzuna utzi eta ikusleak etxera zer pentsa eraman dezan. Hurrengo bigilantzia gaua Azpeitian izango dute irailaren 28an, 19:00etan, Soreasu Antzokian. Sarrerak eskura dira leihatilan zein webgunean 16 euroko prezioan.
«Georgek eta Margaretek beren mugak defendatu behar dituzte. Bizilagunak hor daude, zelatan, ahalik eta deskuidurik handienean gurutzatzeko zain. Baina, Margaret galdera gehiegi egiten hasten denean, komedia musikala, bere bizitza zena, tragedia basati bihurtzen da. Arizona ez dago hain urruti. Arizona hemen dago, Ceutan, Melillan, gure hiri bakoitzean, gizaki batek bizitza hobea lortzea eragozteko altxatzen den harresi bakoitzean», aurreratzen du Esteban Roel eta Kepa Errastik zuzendutako lanaren sinopsiak.
Testu originala Juan Carlos Rubiorena da, duela hamarkadatik gora idatzia, eta oinarrian George W. Bushen garaietako 'Minuteman' proiektua du, 2000 urtearen bueltan Jim Gilchrist aktibista estatubatuarrak Mexikotik heldutako migratzaileei mugak ixtea ardatz zuen diskurtsoa berrabiarazteko sortu zuena. «Antzerkiak bere ibilbidea izan zuen, biran ere ibili zen eta bertsio bat baino gehiago egon zen», oroitzen du Plazaolak. Hura euskaratu du Kepa Errastik, George eta Margaret protagonistak mantenduz, baina bestelako aldaketak ere gehituz.
George [Plazaola] «sartu dioten ideologia eta mezuekin itsu-itsuan konbentzitua» dago, baina Margaretek [Garmendia] «galdera asko» botatzen ditu. Kontraste horrek eta, batez ere sortzen dituen isiltasun uneek, joko handia ematen dute. Ez da ohikoena eta hasieran aktoreei ere «pisutsu» egin zitzaizkien, baina argi dute «funtsezkoak» direla. «Hasieran gogorra egiten zitzaigun, isilik geratzean ez delako ezer gertatzen eta zulo handi bat sentitzen duzulako. Baina beharrezkoak dira, batez ere nire pertsonaiak hausnarketara bideratutako galderak egiten dituenean, zer erantzun ez dakienean». Esaterako 'zergatik hegoaldekoek ezin dute gurutzatu baina iparraldekoek bai?'. Hausnarketa une horiez gain, txisteen erremateak finagoak izan daitezen ere laguntzen du. «Komedia erritmoa da, musikalitatea, zehatza izan behar da. 'Arizona'-n bereziki ondo neurtuak egon behar direla konturatu gara», dio Plazaolak.