Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Markitos asto gainean, orain urte gutxi. ERNESTO PASTOR

Markitos da kulpantea

Diktadura garaian, zalduondarrak inauteriak berriro ospatzen hastera ausartu ziren. Orain, festa hori dute nortasun-ikur handiena

Igandea, 11 otsaila 2018, 10:45

Comenta

Inauteri-kontuetan badaude lehenengo dibisioko herriak eta bigarren maila batean jokatzen ari direnak. Zalduondo, adibidez, lehen-lehenengo mailako herria dugu. 1974an, Franco oraindik bizi-bizirik zegoela, berreskuratu zuen antigoaleko inauteria, eta harrezkero etenik gabe eta indar handiz berritu da liturgia.

Gipuzkoatik Gasteiz aldera goazela, Agurain baino pixka bat lehenago dago Zalduondo, N-1 errepidetik gertu. Gaur ospatuko da inauteria. Goizean aterako dute Markitos eta arratsaldeko 5etan egingo diote epaiketa, azkenean, urtero bezala, su emango diotelarik. Markitosek zorigaitza eta ezbeharra inkarnatzen du; hari su emanda, etorkizun hobe baten esperantza berritzen dute zalduondarrek.

Inauteri honen lehen albistea 1739koa da. Alkateak agindua eman zion aguazilari, atxilotzeko dantzan lizunkeriatan ari ziren mutil batzuk. Gazte haietako bat giltzapean eduki zuten gainera.

Lehengo garai zahar haietan, Markitos kondenatu aurretik halako sermoi bat egiten zuten herritarrek. Pertsonaia horri inon ziren gaitz eta kalte guztiak leporatzen zizkioten, eta ondorengo epaia jakinekoa zen: sua eta heriotza. Gordetzen den sermoirik zaharrena 1898koa da, Blas Arratibelek bere etxeko ganbaran aurkitutakoa 1920an.

Historian zehar, behin baino gehiagotan etorri zaie debekua inauteriei. Azkena, frankismo-garaian. Herri batzuek asmatu zuten saihesbidea. Arabari dagokionez, adibidez, Koartangon Santa Ageda bezperan mozorrotzen ziren lagun batzuk, eta Okarizko herritarrek ezkutuan, isilpean egiten zuten festa. Baina adibiderik ezagunena Tolosakoa da, non "udaberriko festak" deiturarekin bataiatuz jakin izan baitzuten agintariei izkin egiten.

Zalduondora itzuliz, Blas Arratibel eta Martiniano Martinez de Ordoñana izan ziren inauteria berreskuratzeko giltzarri. Biek ala biek ezaguna zuten lehengo inauteria, eta 1974an baimena eskatu zieten agintariei. Ez zuten erantzunik jaso eta ez ziren pausorik ematera ausartu. Baina, hainbesteko gogoa zeukatenez, maiatzeko arratsalde batean Markitos eta atsoa ("La vieja") atera zituzten herriko kaleetan barrena, eta jendeak izugarrizko harrera ona egin zien. Lehenengo aldi hartan, Markitosek bestelako heriotza izan zuen: barruan petardoa zeramanez, lehertuta bukatu zuen.

Hurrengo urtean ere baimena eskatu zuten. Diotenez, herritar batzuk joan ziren gobernadore zibilarengana, esan zioten Zalduondon bazegoela aspaldi-aspaldiko ohitura bat, gaitza sinbolizatzen zuen txorimalo-moduko bat erretzearena. Ez zioten ‘inauteri’ hitza aipatu. Gobernadoreak ez zuen ez baimenik ez debekurik eman. Iritsi zen 1975eko inauteri-garaia eta orduan bai, orduan erabateko inauteria egin zen. Artean Franco bizirik zegoen; azaroan hil zen. Guardia zibil parea agertu zen festaren erdian, baina ez zen istilurik gertatu.

"Esan behar da hasiera hartan herritar denek ez zutela berotasun bera agertu. Batzuentzat, txoro gutxi batzuen ekimena baino ez zen izan, eta hasierako urteetan artifizialtasun pixka bat nabari zen, baina segituan herriak bere egin zuen inauteri berria", dio Lurdes Lekuona Laburuk, ‘Inauteriak. Zalduondo. Sermoiak’ liburuxkan.

Hain izan da arrakastatsua inauterien pizkundea, egun Zalduondoko herriaren nortasun-ikur printzipaletakoa –printzipalena ez bada– bilakatu da.

"Bai, horretan ez dago zalantzarik. Inauteriak dira gure nortasunaren parte handi bat –dio Gustavo Fernandez Villate alkateak–. Bereziak sentitzen gara, Araban lehenengoak izan baikinen inauteria berreskuratzen. Bereziak gara, baita ere, herri bakarreko udalerria garelako; Araban ez da batere ohikoa. 1960ko hamarkada arte Zalduondo kondepeko herria zen, Lazarragatarren ondorengoak ziren nagusi, baina orduan hiru herritar animatu ziren kondeari lurra eta etxea erostera, eta egoera guztiz aldatzen hasi zen".

Gaur egun 193 biztanle ditu herriak. Azken hogei urteotan biztanleria haziz eta haziz joan da –1988n 122, 1998an 132–, baina urruti geratzen dira XX. mendeko zenbakiak, jakina. 1900ean 252 biztanle ziren.

Egun, udatiarrak ere ez dira gutxi, eta uda-partean 250eraino hazi daiteke biztanle kopurua. Ohikoa denez, lehen sektoreari lotutako herritarrak gero eta gutxiago dira; gaur egun, bi familia bizi dira nekazaritzatik erabat, eta beste bi –erdizka– abeltzaintzatik.

Javier Ruiz de Egino –Kultur elkartekoa– eta Gustavo Fernandez Villate alkatea, inauteriko protagonista batekin, ‘La vieja’. F.I.

Zalduondon bigarren bizitza dutenak asko dira, batzuk giputzak eta sonatu askoak. Lehenengo, Jose Mª Aycart aipatu behar, Real Sociedad Bascongada de Amigos del Paíseko zuzendari izandakoa, 2010ean hila. Bertako etnografi museoaren bultzatzaile handia izan zen. Beste bizilagun ospetsu batzuk: Bernardo Atxaga idazleak egonaldi luzeak egiten ditu Andoin-Luzuriaga jauregian; Mariano Ferrer kazetariak ere aspaldi hartu zuen bertan etxea, Iñaki Ruiz de Pinedo politikari eta soziologoak bezala. Txemi Apaolaza EHUko Antropologia-irakasleak beste hainbeste. Hauek denak izan dira ‘sermolari’ Zalduondo inauterietan.

Adibide gisa, hona hemen Bernardo Atxagaren 1997ko sermoi-zatia: "Y después del cuento, amigos, / vienen las preguntas: ¿Por qué desafina nuestra charanga? / ¿Por qué bajó el precio de las patatas? / ¿Por qué no tocó la lotería? / ¿Por qué no crece este frontón? ¿Por qué se acaba tan pronto el vino? / ¿Por qué siempre hay barro junto al arcón o papelera? / Y en la carretera, / ¿por qué no hay una indicación / con el nombre de este pueblo?/ Pues la respuesta, señores, / es que de todo tiene Markitos la culpa; / de todo, menos de lo de la patata, / no vayamos a meter la pata".

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Markitos da kulpantea

Markitos da kulpantea