

Secciones
Servicios
Destacamos
Datorren larunbatean, hilaren 29an, noiz arima guztiak hasita izango diren bizidunon mundurako bidean. Amaiurren. 500 urte bete baitira. Nafarroako Erreinuaren suntsitzearena. Baita bertako gazteluarena ere.
Urriaren azken larunbatean. Baztanen. Amaiurko Gaztelu Elkarteko egoitzan. Aterpean. Goizeko 10etatik ilunabarra sartu arte. Elkartuko gara. Angulemako Margaritaren oroimenez. Abestuko dugu. Margotzen ere ederki dakien Ziburuko Xabier Soubelet eta NAT musikarien konpainian. XVI.mendean Nafarroako erregina izan zen emakume agurgarriaren laudoriotan.
Elkartuko gara. Abestuko dugu. Irakurketa txit berezi baten entzule eta partaide izango gara. Orleanseko zein Alençoneko Andrea izan zenaren omenez. Bazkalduko dugu (…. 'Ez gaztanberak hezurrik'…). Poeta garaikideek Valoiseko Perlatzat hartzen zuten haren alabantzetan egingo dugu topa.. Kafea hartu ostean ekingo diogu berriro irakurketari. Latinez, frantsesez, gaztelaniaz, hebreeraz eta italieraz zekien emakume presto haren gorespenetan. Gautu arte. Bueltarako bidean hartu arte.
Bikaina, aparta, Nafar Ateneoak eta Booktegi Elkarteak bultzaturiko, eraginiko juntazio horretarako zioa: Margarita Andre berdingabearen testu funtsezkoenaren itzulpen ahaleginaren bigarren pausoaren berri ematea eta gu lekuko izatea.
Zein izkribuz ari gara? Arestik lapurtera klasikora ekarritako Boccaccioren Dekameronari eta Chaucerren Canterburyko ipuinei buelta eta errebuelta emanez, bien parekoa den Heptameronaz. Frantsesez idatzi zuen Margueritek. Badira bertsio onak gaztelaniaz. Ez ordea euskarazkorik. Oraintxe arte.
Pandemia garaian sortu zitzaion hainbat euskaltzaleri gogoa. Beharra. Itzaletan zen mundu ezezagun baten ur sakonetara jauzi egiteko premia. Tentazio gozoan murgiltzeko desira. Eta ekin zioten desafioari.
Sendoa da liburua. Hizkera, edukiera eta sintaxia aldetik itzultzaileak probatzen dituzten horietakoa. Beraz, urtero atal baten itzulpena egitea erabaki zuten. Lasai ibiliz. Amore eman barik.
Iaz burutu zuten lehenbizikoa (Xabier Artolak eta Fito Rodriguezek hartu zuten ardura bizigarri hori). Hemen duzue igota. Deskargatzeko moduan. Bertan aurkituko dituzu ikusgai, irakurgai, entzungai Albreteko Juanaren ama izandakoaren inguruko hainbat gogoeta, hainbat istorio, hainbat ikerketa. Bilatuko duzue bertan ere donaziorik egiteko modua. Pentsa ezazue Leizarragari Ebanjelioak euskaratzeko agindua luzatu zion Albreteko Juanaren amaren hizkuntza antzinakoa gurera ekartzea erronka sekulakoa dela. Don Kixotek berak ez zuen bezalako lehiakiderik topatu bere abenturetan. Bide batez, Cervantes hasita zen Don Quijote idazten Margaritak bere fartsak, auto-sakramentalak, poemak eta dialogoak izkiriatzen zituen egun eta urte bertsuetan…
Dirulaguntzak ailegatuko dira baina donazioak ere ezinbestekoak dira. Ez esan Heptameronaren berreskuratze-prozesuaren partaide izatea ez dela zure buruak zugandik espero dezakeen erregalurik onena.
Bada Valoiseko, Nafarroako, Alençoneko, Orleanseko Margarita munduko lehen emakume modernoa izan zela ahots lodiz eta saiakera serioetan aldarrikatzen duenik. Forogatua da, berriz, Amodio galduen afanak izeneko komedian Shakespearek 'Nafarroak mundua txundituko du' idazterakoan, Margarita Nafarrokoa zuela pentsamenduetan. Garai haietako pentsalari, filosofo, politikari, erlijio-polemista guztiek adoratzen baitzuten kalbinista bizkor hura, Nafarroako Enrike IIa esposatu zuena.
Gure garai aldrebestu eta eder hauetako irakurlearentzat, Margueriten lanak sorpresaz gainezka dira. Eta ustekabean harrapatuko dute behin baino gehiagotan. Antigoalean bazen mundua kezkatzen zuen galdera… zenbat ote balio, zenbat ei merezi dute emakumezkoek? Valoisekoak erantzuna bazuen, gizonezkoek hainbat. Are, gehiago. Frogarik beharrez gero, irakur ezazue, frantsesez edo gaztelaniaz bere 72 ipuinetako edozein. Euskaraz,momentuz, hasierako lehenak. Urriaren 29an, Amaiurren ekingo diote askok bigarren atalean agertzen direnak leitzen eta entzuten. Egina baita itzulpena, Xabier Artola Zubillagaren balentria halakoa. Eta webera igo aurretik, jendearen aurrean, jendearekin, jendearentzat irakurriko dituzte. Datorren larunbatean. Baztanen. Bitartean… zer doinu du euskaratutako Margaritak ? Irakur ezazue goraki hor doakizuen pasartea. Istorioa batelari batena da. Bi fraidek bortxatu nahi izan zuten baina neskak, zuhurra eta prestua izanik, merezi zuten eta bi bueltatu zien. Uharte bitan abandonatu zituen bata eta bestea eta txalupan zela, honela mintzo, «Itxaron jaunak, Jainkoaren aingeruak dauzkazue kontsolatzeko. Nigandik behintzat inolako kontsolamendurik lortuko ez baituzue eta!»
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
La víctima del crimen de Viana recibió una veintena de puñaladas
El Norte de Castilla
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.