«Historiak jaso egin behar ditu bertsolarien esanak»
Luzia Alberro historialariak sei bertsolariren bertsoak erabili ditu 1830-1936 epean Gipuzkoan gertatu ziren aldaketa sozialak aztertzeko
FELIX IBARGUTXI
DONOSTIA.
Osteguna, 8 otsaila 2018, 14:09
Luzia Alberro Goikoetxea (Ergobia-Astigarraga, 1975) Historian lizentziatu zen Deustuko Unibertsitatean. 2015ean doktore tesia defendatu zuen eta orain UPV/EHUk publikatu egin dio, izenburu honen pean: 'Bertsolarien ahoz. Modernizazio prozesua eta identitate bideak Gipuzkoan, 1830-1936)'.
Sei bertsolari aztertu ditu: Xenpelar (1835-1869), Bilintx (1831-1876), Pello Errota (1840-1919), Pedro Mari Otaño (1857-1910), Txirrita (1860-1936) eta Jose Mari Lopetegi (1875-1946).
- Liburuan ondorio nagusia aipatzen duzu: "Bertsolariek herri xeheari modernizazio prozesua 'ulertzen' lagundu zioten".
- 'Ulertzen' hitz horrekin ez dut esan nahi 'alde jarri'. Esan nahi dudana da hemeretzigarren mendeko eta hogeigarren mende hasierako jende hari, hitzen bidez, lagundu ziotela konprenitzen gertatzen ari ziren aldaketa handi haiek. Herri xehearen lagungarri gertatu ziren, eta jendeak estimatu egiten zituen.
- Bertsolariak gertu sentitu zituen jende hark.
- Hori da! Bertsolariek igual mezua ez zuten transmitituko diskurtso ordenatu eta arrazional baten bidez, baina askotan modu eraginkorragoa izan zen, jende xehearen kasuan bai behintzat.
- Eta nolatan gai hau?
- Uste dudalako historiak, Euskal Herriko edo Gipuzkoako historiak, jaso egin behar dituela bertsolarien esanak. Gainera, belaunaldi horri zor nion horrelako azterketa.
"Otaño eta Txirritak sarri erabili zuten 'amona xaharraren' irudia euskarari buruz ari zirela"
"Susmoa daukat bertsolari haiek ez ote zeuden bizitzaren errealitatetik gertuago gu baino"
- Bost bertsolari aukeratu dituzu. Nor izan zen eraginkorrena gizartean, bizi zen garaian?
- Segun eta non eta norentzat. Ezberdinak ziren landa giroa eta hiri giroa.
- Eta hiri giroan Otaño izan zen eraginkorrena?
- Bai. Pello Errota eta Txirritari gertatutakoa kontatzen dut liburuan. Joan bertso jaialdi antolatu batera eta orduan batek esaten dio han Gernikako arbola aipatu beharko duela, edo ez dakit zer hitz... Gipuzkoan garai hartan aldaketa handiak gertatzen ari ziren eta batzuek eta besteek era ezberdinean bizi zituzten gertaerak. Bertsolariek asmatu zuten publiko ezberdinei kantatzen, baina ez modu kontzientean, baizik eta beren baitatik hala atera zitzaielako. Momentu batean, aspaldi, lanari 'Zaharrak berri' izenburua ipintzea pentsatu nuen. Zergatik? Aztertu dudan aro horretan zaharraren eta berriaren arteko talka gertatu zelako. Bertsolari haietako batzuek bertsokera zaharra erabili zuten, eta ideiak ere zaharrak; beste batzuk saiatu ziren bertsokera zaharrean ideia berriak sartzen; eta besteek bertsokera berria jarri zuten abian eta beste publiko batengana heldu.
- Bertsokera zaharraren eta ideia zaharren adibide garbiena Pello Errota dugu, ezta?
- Bai. Batez ere Pello Errota, baina Txirrita ere bai. Modernizazioak ez zuen haiengan eraginik izan, ez zituen behartu diskurtso berriak egitera.
- Aukeratu dituzun bertsolari horietatik, nortzuk izan ziren 'kronistenak', nortzuk aipatu zituzten gehien orduko gertaerak?
- Txirrita, esango nuke. Nik bertsolaritza ez dut asko ezagutzen, nik egin dudana izan da bertsoen bidez gizarte hartara hurbiltzen saiatu. Hor beste ikerketa bat egin behar da, bertsopaperen eragin sozialaren ingurukoa. Polita litzateke jakitea komunikazioaen aldetik zer paper jokatu zuten bertsopaperek XIX. mendean eta XX.aren hasieran. Paper haien bitartez, gizatalde bat elikatzen ari zen eta nortasun bat hartzen ari zen. Oso inportante izango litzateke konparatzea Espainian egiten zen 'literatura de cordel' delakoarekin edo Ingalaterran eta Frantzian egiten zenarekin.
- Bertsopaperen aldetik, zein izan zen bertsolari produktiboena?
- Txirrita, esango nuke. Alde dezentearekin, gainera. Besteek ere beharbada egin zituzten bertsopaper asko eta ez dira jaso.
- Eta Txirritaren atzetik, bigarrena?
- Pedro Mari Otaño, uste dut.
- Liburuan beste gauza bat ere egin duzu, deigarria: bertsolarien hitzen maiztasuna neurtu. 'Aita' eta 'ama' hitzak oso sarri ageri dira sei bertsolarion ahotan.
- Historiaren alderditik ez hainbeste, baina soziologiaren eta gizarte-zientzien alderditik maiz egiten da horrelako 'eduki-azterketa'. Ni formazioz historialaria naiz etra ez dut hainbeste menperatzen metodologia hau. Erronka moduan hartu dut lan hori, izan ere bide posible batzuk erakusten saiatu naiz nire doktore tesi honekin.
- Esadazu hitzen aldetik ikusi dituzun gauza deigarri batzuk.
- Ahaidetasunaren inguruko hitzak sarri agertzen dira bertsolarien ahotan. Batzuek esanahi berriak eransten dizkiete horrelako hitzei. Adibidez, ikuspegi tradizionaletik oso gertu dagoen Pello Errotarentzat, 'aita' eta 'ama' aita eta ama besterik ez dira -salbuespenak Ama Birjina eta Jainko aita lirateke-, baina beste bertsolariak hasi ziren hitz horien esanahia zabaltzen eta lotura berriak egiten. Adibidez, Otaño eta Txirritak sarri erabili zuten 'amona xaharraren' irudia euskarari buruz ari zirelarik.
- Zer pena Bilintxen bertso politikorik agertu ez izana.
- Bai, pena da. Haren bertso sozialak baditugu gutxi batzuk, politikorik bat bera ere ez. Egia esan nik ez dut artxibo-lanik egin. Publikatutako sortak bakarrik arakatu ditut. Beste lan bat egiteko dagoena: garaiko prentsa hobeto ustiatu, eta ikusi bertsolariei buruz zer esaten duten, edo bertsoak bilatzen jarraitu.
- Bertsolari abertzaleena, berriz, Pedro Mari Otaño, dudarik gabe.
- Bai. Edukia eman nahi izan zion euskal nazioari. Identitateaz gogoeta asko egin zuen. Nor gera gu?, galdetu zion bere buruari.
- Eta 1900. urtean aldaketa gertatzen da, liburuan diozunez. Ordu arte Euskal Herria Espainiarekin lotua ikusten du; handik aurrera bereizi egiten ditu.
- Aldaketa gertatzen da, bai. Faktoreetako bat emigrazioa da. Otaño hiru aldiz joan zen Ameriketara. Uste dut izugarrizko abiaduran bizi izan zituela aldaketa haiek. Ezagutu zituen Ameriketako nazioen independentzia prozesua, eta mugimendu haiek hona ekarri nahi ditu. Gainera, bazuen Sabino Aranaren ideien berri. Pello Errotarentzat, euskara gauza inportantea zen, baina berak eztabaidatua ikusten ez zuenez, etaazken batean hizkuntza arnastu egiten zuenez, ez zuen euskarari buruzko bertsorik egin. Aldiz, Otañok aldaketa sozial handiak ezagutu zituen eta gogoeta egin zuen.
- Bertsolari haiek denak pobreak izan zirela azpimarratu duzu.
- Beraiek ere esaten dute pobreak direla. Ez naiz ezer asmatzen ari. Hala ere, ez dira eskekoak, ez dira mixerableak. Xehetasun hori jaso baldin badut, izan da zoritxarrez ahaztu egiten zaigulako. Ahaztu egiten zaigu Gipuzkoa garai batean pobrea izan zela, eta ez genuke ahaztu behar pobretasun horretatik gatozela. Ez dakit hau esan daitekeen: susmoa daukat bertsolari haiek ez ote zeuden bizitzaren errealitatetik gertuago gu baino. Askotan esaten da: gehiegiak hondatu egiten du; eta ez dakit ez ote dugun normaltzat jotzen normala ez den bizitzeko forma bat. Ez dut esaten gizabanako moduan soilik, herri bezala ere bai.