«Ziurtzat jotzen ditugun gauza asko jartzen ditu zalantzan 'Sapiens'-ek»

Sagarna, eskuinean, Kintanarekin batera liburua aurkeztu zuen egunean/Usoz
Sagarna, eskuinean, Kintanarekin batera liburua aurkeztu zuen egunean / Usoz

Xabier Kintanaren eraginez, eta harekin erdibana, Yuval Noa Harari historialariaren saiakera entzutetsua ekarri du euskarara

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDIDonostia

Gizadiaren historia bera bezala, hori argitzen saiatzen den 'Sapiens'-ek euskararaino egin duen bidea bihurri samarra da. Yuval Noah Harari historialari eta idazle israeldarraren saiakera 2011 urtean argitaratu zen hebreeraz. Nazioarteko jauzia 2014an egin zuen, ingelesezko bertsioarekin. Urte berekoa da gaztelaniazkoa. Milaka irakurlek bezala, huraxe irakurri zuen Alberto Albaizarrek, Toti Martinez de Lezearen senarrak. Xabier Kintana laguna izaki, gomendioa pasa zion. Hor nonbait abiatu zen 45 hizkuntzatara itzulia izan den lana euskaraz irakurtzeko aukera ekarri digun bidaia. Itzulpena erdibana egin dute Xabier Kintana (Bilbo, 1946) eta Andoni Sagarna (Donostia, 1947) euskaltzainek, eta Elkar argitaletxeak jarri du liburua plazan.

- Itzultzaileek ezinbestekoak dituzuen tresnen sorreran ekarpen handiak egin badituzu ere, itzulpengintza ez duzu asko landu. Nolatan hartu zenuen 'Sapiens' euskaratzearen ardura partekatua?

- Liburuaren aurkezpenean azaldu nuen moduan, Xabier Kintanaren bitartez. Euskaltzaindiko bileretan ikusten dugu elkar, eta komentatu zidan lagun bat ari zitzaiola esan eta esan bazegoela euskaratu behar zen liburu bat. Ondo iruditu zitzaidan proposamena, baina esan nion alferrik zela lanean hastea gero ez bazegoen hori publikatzeko interesa zeukan argitaletxeren bat. Han lan egindakoa nintzenez, Elkarren galdetu nuen ea zer iruditzen zitzaien. Handik urtebetera esan ziguten baietz, asko interesatzen zitzaiela, eta orduan hasi ginen itzultzen.

- Luze jardun zenuten?

- Ezin dizut esan. Hilabeteak seguru. Biok jubilatuta gaude, Euskaltzaindiko kontuekin badugu lana, baina bestelakoetan ere ibiltzen gara. Nik arratsaldean egiten ditut estilo honetako lanak, eta itzulpenari igual emango nizkion pare bat ordu egunero, hilabetetan.

- Irakurrita zeneukan liburua itzultzen hasi aurretik?

- Ez, esango nuke joan nintzela deskubritzen itzuli ahala. Ariketa hori asko gustatzen zait. Itzultzen ari zarenean oso zehatz ibili behar duzunez, errazagoa da irakurketan sakontzea.

- Modu nahiko argian idatzitako liburua da, publiko zabalari zuzendua. Hala ere, diziplina asko ukitzen ditu. Jakintzen aldetik duen aniztasunak konplikatu dizue lana itzultzaileoi?

- Ez dugu izan aparteko zailtasunik. Konplikazioak ohikoak izan dira. Itzultzean beti daude erabaki beharreko kontuak. Fin ibili behar duzu, ahal den dena dokumentatu, hiztegietan ibili argitu arte zer esan nahi duen gauza bakoitzak... Ni, gainera, 'matxaka' samarra nahiz horretan. Asko begiratzen dut, buelta asko ematen dizkiot, astun samarra naizela ere esango nuke. Dena den, nik uste dut gaur egun ez dagoela arazorik hizkuntzaren aldetik tankera honetako saiakera bat euskarara ekartzeko. Hizkuntza ez da arazoa, arazoa izan daiteke agian hiztuna.

«Gure espeziearen #izen zuzena 'Homo sapiens etxekalte' izan beharko litzateke»

- Eta biren artean itzultzea izan da oztopo? Nola banatu duzue lana?

-Bi atal egin genituen. Nirea da lehenengo erdia eta Xabierrena bigarrena, nolabait esateko, baina irakurleak ez du diferentzia handirik nabarituko. Hori bai izan zitekeela zailagoa orain dela urte batzuk, biren artean egitea. Bakoitzak berea egingo zuen, eta behar bada ez ziren bat etorriko baten eta bestearen irizpide eta jokabideak. Kasu honetan, berriz, ez dugu beste munduko arazorik izan bi itzultzaile ibiltzeagatik lan berean. Horrek asko esaten du euskararen heldutasunaren eta euskaraz garatu diren tresnen alde.

Ia dena zalantzan

- Zu zeu -ingeniari, letretan doktore, hainbat ekimenetan eragile eta kudeatzaile...- arlo desberdinetan ibilitakoa zara. Alde horretatik, ez zitzaizun arrotza egingo Yuval Noah Harariren ikuspegi zabala. Historialaria bada ere, jakintzaren arlo gehienak hartu zituen aintzat liburuan. Irakurle bezala, zer eskaini dizu ikuspegi horrek?

- Konturatu naiz gauza asko eta asko dauzkagula buruan pentsatuz hala direla, baina batere sakondu gabe. Adibidez, badirudi gehienok eduki dugula argi gu, sapiensok, gatozela cromagnonen eta neanderthalen eta horien atzetik, kate batean bezala, hauek direla gure arbasoak. Hori ez da egia. Haiek ere gizakiak ziren, desagertu ziren baina gure genoman badira haien arrastoak... Liburu honek egiten duen beste ekarpen handi bat da zalantzan jartzea gauzak. Askok pentsatu izan dugu, hala esan digutelako, gizadiaren historia beti aurrerapenari lotua egon dela, eta aurrerapena beti gauza ona izan dela. Liburu honek hori, eta ziurtzat jotzen ditugun beste gauza asko, jartzen ditu zalantzan, adibide ugari erabilita. Inoiz okurritu ez zaizkizun gauza asko jartzen dizkizu begien aurrean Harariren liburuak. Zer ekarri zigun tente jartzeak, noiz eta nola ezarri zen ordutegi bateratua... Gai asko eta asko aipa nitzake.

- Hori guztia, aurkezpenean Xabier Kintanak nabarmendu bezala, mundu osoa eta zibilizazio denak aintzat hartuta, ez bakarrik gurea.

- Diziplinartekotasunarekin batera, horixe da 'Sapiens'-en ezaugarrietako bat: gizadiaren historia egiteko orduan, eurozentrismoa gainditu eta besteak ere kontuan hartzea.

- Bi alderdi horietatik, ez du zerikusi handirik Hararik erakusten duenak guk ikasi dugunarekin.

- Ez, aurkezpenean ere aipatu nuen hori. Guri filosofiako klaseetan zer erakusten ziguten? Platonek, Aristotelesek, Kantek eta gainerakoek esandakoa buruz ikasten genuen, eta kito. Beste ikasgaietan ere berdintsu. 'Sapiens'-ek modu oso desberdinean kontatzen ditu gauzak. Historiako liburutzat har daiteke, baita Filosofiako edo Psikologiako liburu bezala ere. Gauzak esplikatzeko duen moduagatik, nik esango nuke gogoeta liburu bat dela, asko insistitzen duena 'sapiens'-ok gauza imaginarioak sortzeko daukagun gaitasunean eta horren ondorioetan.

- Irakurleak ez du zertan izan kultura izugarri handikoa liburuaz gozatzeko. Azken batean, dibulgazio lan bat da.

- Nik etxekoekin egin dut proba; emaztearekin, alabekin, 13 urteko bilobarekin... Helduek batere zailtasunik gabe irakurri dute. Egon daitezke begiratu behar diren kontzeptu ezezagunak, baina denentzako liburua da. 13-14 urteko gazteek ere irakur dezakete laguntza pixka batekin. Agian ez modu sekuentzialean, hasi eta bukatu, baina bai kontsulta liburu bezala.

«Laguntza pixka batekin 13-14 urteko gazteek ere erabil dezakete, kontsulta liburu gisa»

-Asko lagunduko die horretan aurkibide alfabetikoak. Jatorrizkoak ere badu?

- Ez, hori nire ekimena izan da, neuk egindako lana. Estimatu izan ditut erabili ditudan obretan horrelako aurkibideak. Izan ere, askotan gogoan duzu halako irakurri duzula halako liburutan, baina ez daukazu lokalizatuta. Aurkibide analitikoa tresna oso baliagarria da horretarako, eta liburuaren bizitza lizatzeko ere bai.

- Zerbait badu bestela ere argitaratu eta hainbeste urtera salduenen zerrendetan jarraitzeko.

- Bai, liburu honekin gertatzen ari dena ez da batere normala. Nik nire lanean gai hori segitzen nuen nahiko ondo, eta ia kasu guztietan, onenean, liburu batek punta egiten du aurkeztu eta hogei egunetan. Gero joaten da desagertzen, eta sei hilabetean gehienak desagertuta daude. Honi ez zaio horrelakorik gertatu. Gure gizartean zer gertatuko den ez dakit. Gaztelaniaz ere egin du hemen bere bidea, eta hor daude euskal hiztunok irakurtzeko ditugun trabak eta ohitura falta... Ez dakit ze ibilbide egingo duen euskaraz, baina orain arte beste hizkuntza batzuetan egin duena harrigarria da.

- Liburua hain aberatsa da edukien aldetik, non ezinezkoak diren laburpenak. Egingarriagoa da zuri galdetzea zein den 'Sapiens' irakurri eta itzuli ondoren atera duzun ondorio nagusia.

- Ondorioetako bat hauxe da: esaten ari gara klimaren krisiak akaso gizadia suntsituko duela, baina nire ustez natura ez du suntsituko. Naturak badu gaitasuna guk guztiok mundu honetatik alde eginda ere segitzeko bere bidean. Gu anekdota hutsa gara. Lurraren historia hartzen baduzu, azaldu gara, egin ditugu egin ditugunak, baina hori guztia hondar-ale txiki bat baino ez da, itsaso handi batean. Oso harroak gara eta gure buruari 'sapiens' jarri diogu izena. Horren 'sapiens' ote gara? Hori bera ere zalantzan jartzen du Hararik.

- Talenturen bat badugu. Gainerako giza espezieei gaina hartu genien, eta orain guk geuk eramango dugu gure espeziea galbidera. Ez da meritu makala.

- Bai, nik uste dut taxonomian asmatu beharko litzatekeela izena ondo, eta orain artekoa aldatu. Gure espeziearen izen zuzena izan beharko litzateke 'Homo sapiens etxekalte'.

- 'Sapiens' ez da euskaratu duzun mota honetako liburu bakarra. Baduzu beste bat itzulia, oso kutuna.

- Bai, Jared Diamonden 'Su-armak, germenak, eta altzairua' ['Guns, Germs, and Steel' du jatorrizko izenburua, eta 1997an argitaratu zen], Pulitzer saria jaso zuena. Diziplinartekotasunari eta munduaren ikuskeraren aldetik, badu antza 'Sapiens'-ekin. Harago daramala esango nuke. Zibilizazio desberdinen garapena eta Europaren usteko nagusitasunaren arrazoiak aztertzen ditu Diamondek. Ez dakit ba ote duten Diamonden eta Hararik harremanik, baina elkar aipatzen dute. Klasikoak bilduman argitaratu zen 2009an, baina bilduma hura amaitu zen [130 liburuko bilduman 126. izan zen] eta euskaraz ez zuen hedapen handirik izan.

- Honen arrimura harekiko interesa berpiztuko balitz, gustura?

- Dudarik gabe. Oso liburu ederra da.

Temas

Euskera