Borrar
Elixabete Garmendia, Josu Martinez eta Joseba Sarrionandia, gaur aurkezpenean. Jose Mari López
'Joseba Sarrionandiaren zinema paperak 1977-1980'

Zinema eta filmen kritika bidez «gizartea ikusteko» modu bat

Josu Martinezek Joseba Sarrionandiak 1977tik 1980ra 'Zeruko Argia' eta 'Anaitasuna' aldizkarietan idatzitakoak jaso eta apailatu ditu liburuan

Jon Agirre

Donostia

Osteguna, 25 iraila 2025, 17:21

Comenta

'Star Wars' edo 'Superman' pelikulak ikusita «inperialismoa» edo «inperioaren kritika» egiteko gaitasuna, baina horien aldean 'Apocalypse Now' filmaren «bertuteak» zein diren ere; destapea eta zinema erotikoa boladan zirenean 'Azken tangoa Parisen' edo 'Zentzumenen inperioa' gustatu zitzaizkiola, baina 'Emmanuelle' «pornografia merkea» zela. Antzekoak aurkituko ditu irakurleak Josu Martinezek (Bilbo, 1986) ondu duen 'Joseba Sarrionandiaren zinema paperak 1977-1980' (Pamiela) liburuan. Hiru urte horietan 'Zeruko Argia' eta 'Anaitasuna' aldizkarietan idatzi zituen Joseba Sarrionandiak (Iurreta, 1958), baita egileei buruzko testu luzeagoren bat, eta horiek bildu, apailatu eta egungo euskarara moldatu ditu Martinezek. Den-denak ez, egileak esan bezala 'Zinekologoaren bulegoa' deituriko sailean zeuden «testu umoristikoagoak» kanpoan geratu baitira «beren -eregi zinemari buruzkoak» sartzeko. Agerraldian izan da, baita Elixabete Garmendia, Sarrionandiak kritikak idatzi zituen aroan 'Zeruko Argia' aldizkariko zuzendari zena.

'Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980)'

'Joseba Sarrionandiaren zinema paperak (1977-1980)'
  • Egilea: Josu Martinez.

  • Argitaletxea: Pamiela.

  • Orrialdeak: 180.

  • Prezioa: 20 euro.

Martinezek Sarrionandiak «gure kultura zinematografikoari» egindako ekarpena goratu du, baita haien bitartez idazleak «gizartea ikusteko» eta islatzeko erakutsi zuen gaitasuna «garaiko kronika» modura. «Bere testu guztiak zeharkatzen ditu, gero bihurtuko zen idazlearen ezaugarri nagusiak bezala: erudizioa, umorea, kritikotasuna, eta poesia eta filosofiarako joera», aurreratu du. Aurkezpenean oroitu duten bezala, garai horretan hasi ziren ikusten Hego Euskal Herrian ordura arte ikusi ahal ezin ziren pelikula mordoa: Buñuel, Kubrick, Chaplin, Bertolucci, Eisenstein, Pasolini, Bergman, Fassbinder, Woody Allen... Sarrionandiak oroitu duenez «leherketa modukoa» izan zen gazteek bizi zuten «une konfliktibo eta aldakorrean. Nerabezaroan ez genekien nor ginen ez nora gindoazen». Horri gehitu du ordura arteko zinema, batik bat, «besteei pasatzen zaizkien gauza arraroak» zirela eta, heldu ziren lan berriekin, «gure burua ikusteko baino gizarte endredatua ulertzeko» joaten zirela. «Guri gertatzen zitzaiguna ikusteko ispilu modukoa izan zen, ikuspegi utopiko batekin irtenbide bat behar genuelako. Mila gauza: independentzia, sexua, sozialismoa... Zinemak leiho hori ematen zigun».

Hala, bere meritu bakarra «hor egotea eta leiho horri buruz zerbait esatea» izan zela esan du. Apal eta «lotsatuta», Sarrionandiak hainbatetan ukatu du 'aitzindari' etiketa, batez ere «oso gazte» zela idatzitako testuak direla argudiatuta. «Testuak ikustean oso arraro egiten zait. Aitzindari bezala jartzen nau Josuk [Martinez], eta esan behar dut ni gauzak egiten saiatu nintzela, baina benetako aitzindariak beste batzuk zirela», erantzun du, zerrendan jarriz Garmendia bera, harekin jardun ziren «Pilar, Lurdes, Ermiñe» edota Ramon Saizarbitoriak eta Koldo Izagirrek 'Oh! Euzkadi' aldizkarian egindakoa.

Hiru urteko lana

1977ko apirilean heldu zen lehena eta, ordutik, asteroko karta ia akontezimendua omen zen erredakzioan, Garmendiak azaldu zuenez. «Irrikaz egoten ginen zain beti ematen zuelako sorpresaren bat. Ez bazen hizkera aldetik, istorioaren aldetik, antipodetako zerbait kontatzen zuen. Beti zen zerbait berria». Hala, Garmendiak alderatu du haiek «kazetari soilak» ziren bitartean, segituan ikusi zutela Sarrionandia «ezberdina» zela. «Idazlea zen, beste genero bat lantzen zuen», goraipatu du.

Kuriositate modura azaldu du jaso zen lehena Tom Castro izenarekin heldu zela eta geroago, oso ondo jakin gabe nola, enteratu zirela Durangotik «norbaitek» bidalitako artikuluak Sarrionandiak idatziak zirela, ez gutun ez azalean ez baitzegon haren izenik. Zalantza izpirik, hala ere, ez zuten izan. «Oso onak iruditzen zitzaizkigun, laster erabaki genuen fitxatu behar genuela. Modernoak ziren, oso ondo idatziak» eta «gehienetan baina ez beti» zinemari buruz zirenak. «Literaturari edo gai soziopolitikoei buruz ere idazten zuen, beti ezkerretik begiratuta».

Ez da espresuki Martinezek hasitako ekimena izan, euskal zinemaren historia ikertzen ari zela -harekin idatzi zuen 'Irudiz eta euskaraz' (UEU, 2022) liburua- «sorpresa handi» batekin, Sarrik idatzitako kritikekin, egin baitzuen topo. «Ordura arte Koldo Mitxelenak 50eko hamarkadan 'Egan'-en idatzitakoez gain ez zen ezer», azaldu du, zeuden «hutsetako baten» adibide. «Are gutxiago astez aste eta sakontasun nahi batekin.», azpimarratu du. Aurkikuntza hura urte batzuk lehenago, 2006an, Kubako zinema eskolan ikasten ari zenekoaz oroitu zen. «Aste-bukaeretan Habanara jaisten ginen eta han, ordu erdi batez ere, nor zen jakin gabe gizon batekin zinemaz aritu nintzen. Asko zekien», kontatu du umorez.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Zinema eta filmen kritika bidez «gizartea ikusteko» modu bat

Zinema eta filmen kritika bidez «gizartea ikusteko» modu bat