Uztapideren biografia nobelatuaren bigarren bizialdia
Zestoako Udalaren bultzadarekin berrargitaratu du Ereinek orain dela bi hamarkada Pako Aristik eta Jon Zabaletak osatu zuen 'Nire Uztapide'
NEREA AZURMENDI
Asteazkena, 11 maiatza 2022, 16:11
Manuel Olaizola Urbieta 'Uztapide' bertsolaria (Zestoa, 1909-Oiartzun, 1983) hil eta ia 40 urtera, haren ekarpena gazteenganaino helarazteko bigarren aukera izango du 'Nire Uztapide' liburuak, Pako Aristi idazlearen eta Jon Zabaleta ilustratzailearen lana berrargitaratu baitu Ereinek, Zestoako Udalaren bultzadarekin.
Aurrenekoa duela 22 urte izan zuen, Bertsozale Elkarteak bertsolaritza eta bertsolariak nerabeengana hurbiltzeko egin zuen ahaleginaren barruan. Fernando Amezketarraren, Txirritaren eta Uztapideren biografiak idatzi zituzten hurrenez hurren Koldo Izagirrek, Joxean Agirrek eta Pako Aristik. «Bertsolari zaharren biografiak gazteentzako erakargarri bihurtu nahi zirelako», ilustrazio alai eta koloretsuak zituzten deskatalogatuta eta agortuta dauden liburu haiek. Asteazken honetan Donostian egin duten aurkezpenean Pako Aristik gogoratu duenez, «aurreneko zatia ondo atera zen, baina bigarrenak ez zuen horren ondo funtzionatu, liburuak ez ziren institutuetan sartu».
Orain du bigarren aukera, Zestoako Udalaren ekimenez eta Erein argitaletxearen eskutik. Aurkezpenean Mikel Arregi Zestoako alkateak azaldu zuenez, ezustean deskubritu zuen liburua –hitzaldi batean izan zuen haren berri– lagungarri suerta daiteke Zestoako Udalak «hizkuntz ohiturekin eta kultur transmisioarekin» duen kezkari aurre egiteko.
Oharturik belaunaldi berriek ez zutela ezagutzen Uztapideren mailako erreferente bat -«hori ez da bakarrik Zestoan gertatzen», gogoratu du-, herriko Udalak erabaki du bere alea jartzea, eta herriko nerabe guztiei helaraziko die bestela liburu-dendetan salgai dagoen liburua. Horren inguruan zenbait jarduera ere antolatu dituzte datorren asterako. Maiatzaren 22an, esaterako, txapeldunen saioa egingo da, Lizaso, Egaña, Arzallus eta Lujanbio elkartuta. Bat-batekoa utzita badauka ere, Amurizak ere hartuko du parte saioan.
Liburua
-
Izenburua. Nire Uztapide.
-
Egilea. Pako Aristi.
-
Ilustratzailea. Jon Zabaleta.
-
Argitaletxea. Erein.
-
Orrialde kopurua. 156.
-
Salneurria. 16 euro.
Liburuak oso ondo eutsi dio denboraren joanari, bai alde literarioan, baita grafikoan ere. Uztapidek berak idatzitako 'Lengo egunak gogoan' liburua, Manuel Lasarteren 'Uztapide gogoan' –biak ere Auspoa liburutegikoak– eta zuzeneko testigantzak oinarri hartuta idatzi zuen Pako Aristik. «Hemen esaten den dena egia da», nabarmendu du gaurkoan.
Batzuetan gezurra ematen duena, baina, bizitzaren lehen erdia Zestoan eta bigarrena Oiartzunen igaro zituen bertsolariaren ibilbidea da. Harrigarria da jakitea, esate baterako, nola baserri oso apartatu batean jaiotako gazteak ikasi zuen bertsotan bertso-paperak buruz ikasiz; nola aurkeztu zen 1936ko Txapelketa Nagusira txapelketei buruz ezer jakin gabe, saio bakar batean, Tolosan, ikusi eta ikasitakoarekin; nola, ezustean, irabazi zuen txapela eta nola, eskuzabaltasunez, ondo iruditu zitzaion berak jantzi beharrean Txirritari ematea. Eta nola itzuli zen 60.ko hamarkadan, hiru txapel segidan jantzi eta mito bilakatzera.