Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

Umoretik jo du Goizalde Landabasok minaz eta beldurraz aritzeko

Aurreneko eleberria ekarri du idazle bizkaitarrak, Ereinek argitaratu duen 'Krakovia'

nerea azurmendi

Asteazkena, 24 azaroa 2021, 13:34

Comenta

2000. urteaz geroztik argitaratu dituen bost liburuetan kronika, ipuingintza, poesia eta saiakera landu ondoren, seigarrenarekin aurreneko nobela ekarri du Goizalde Landabaso-Etcheverry idazle eta kazetari bilbotarrak. Ereineko editore Inazio Mujika Iraolak gogoratu duen bezala, orain dela 21 urte Alberdaniarekin argitaratu zuen 'Korte bat, mesedez'-en «laneko kontuak kontatzen zituen umoretik, eta orain ere umorearen bidetik ekin dio», gaia oso bestelakoa bada ere.

Ez da, alegia, hasiera batean umorearekin lotuko genukeen egoera Landabasok 'Krakovia'-ren orrialdeetan jaso duena, ospitale batean ingresatuta dagoen pertsona baten bizipen eta gogoetei erreparatu baitie, beraxek orain dela hamar urte bizitako esperientzian oinarriturik: «Liseriketa behar izan dut, hamar urte behar izan ditut ordenatzeko eta kontatzeko, eta horretarako asmatu dut unibertso paralelo bat, zeinetan ni ez naizen ni, eta beste unibertso horretako nire ahizpari pasatzen zaizkion niri pasatutako zenbait gauza, eta niri pasatu ez zitzaizkidan beste zenbait».

Idazlearekin gauza asko konpartitzen dituen «eta beste asko ez» ahizpa hori jatorrizkoa baino ausartagoa omen da, «denbora horren poderioz eta literaturak ematen dituen tresnei esker», eta agian horregatik ausartu da dramarako eta batzuetan tragediarako ematen duten gaiak umoretik lantzen. Besteak beste, «umoreari permititu egiten zaiolako bestela konta ezin daitezkeen gauzak kontatzea». Umore beltza baliatu nahi izan du zehazki idazleak «pertsonaia honek bizi duen errealitatea irensgarriagoa egiteko» eta «egiaren batzuk esateko, batzuk zuzenean eta beste batzuk lerroartean».

Protagonista ospitale batean agertuko da, izterrean haragi bizitan daukan zauri larri batekin. Egileak berak onartu du eleberria hasieran «apur bat nahasgarria» dela. «Ez da esplikatzen zer gertatzen den, nire asmoa bazelako protagonistaren noraeza sentiaraztea», adierazi du. Hartara, sarbidea errazteko «kontrazalean pista bat ematen da», baina pistari uko egitea ere badago, esperientzia idazleak proposatutako eran bizitzeko.

Esperientzia gogor bat da, azken batean, eleberriak kontatzen duena. Egiturari dagokionez, 'Krakovia'-k «bi plano ditu. Batean, hasieratik amaierara abiadura bizian pasatzen dira gauzak. Bestea eleberriaren gorputzean gertatzen da, ospitaleko 'tempoa' du, hor bizitza etenda dago».

Beldurra, mina, isiltasuna

Inazio Mujikaren hitzetan, «ospitalean zaudenean, edo ospitalean dagoen norbait zaintzen, sentitzen duzu mundua badabilela eta zu gelditu egin zarela, alboko trenbide batera bideratu gaituztela eta han gertatu garela, lau pareta horien artean akotatutako errealitate batean». Goizalde Landabaso-Etcheverryren nobelako protagonistak badu sentsazio hori, baina baditu halaber bere osasun egoerari lotutako sentsazio muturrekoagoak. Horietako bat da beldurra. «Beldur asko ditugu. Nagusia da heriotzari beldurra. Urte asko ez dituzunean gutxi dituzunean gutxitan pentsatzen duzu heriotzan, baina horrelako egoera batean zaudenean izoztuta, ez dakizunean irtengo zaren edo ez, ezta nola irtengo zaren are, lotaratzean pentsatzen duzu hori izan daitekeela azken loa. Protagonista lotara doa, eta ez dakit hurrengo goizik egongo ote den». Beste belduz guztiei hartzen die gaina beldur horrek, baina ez dira beldur bakarra.

«Protagonistak eta biok konpartitzen dugun beste gauza bat da mina, min fisikoa», esan du idazleak. «Bisita egiten duzunean ez duzu ikusten mina, ematen du dela ospitaleko beharginen eta hor daudenen arteko sekretu bat. Protagonistak bisitan doazenei ez die esaten minik duenik, eta haiek ez dute ikusten minik pairatzen duenik, baina zauriaren garbiketa bera sufrikario bat da eta saiatu naiz erakusten min hori». Egileak «konszienteki ahaztuta» dauka bere mina, baina saiatu da lortzen irakurleak protagonistaren mina «ikustea eta sentitzea, gorputzak pairatzen duen errealitate hori ere kontatu behar zen».

Bizitzen ari den egoerari lotutako sentimendu, sentsazio eta emozio asko beretzat gordetzen ditu protagonistak, bere gogoetetarako, eta isiltasunean aurkitzen du aterpe. Jendea gora eta behera dabilen gela batean zauden bitartean, «zure bizitza publikoa da, eta isiltasunean aurkitzen du pribatutasuna, hori da berak seguru sentitzeko aurkitu edo aukeratu duen lekua».

Eta Krakovia, zertara dator? Batetik, nobela «'Kra' baten kronika da. Denok egiten dugu 'kra' momenturen batean, baina superbibentzia gailentzen da. Egon daiteke mina, egon daiteke beldurra, baina guzti horien gainetik superbibentzia dago, eta protagonistak erabakitzen du bizirik aterako dela». Krakovia da, azken batean, «egoera dramatiko batean pertsona batek aurkituko duen itxaropenerako helduleku bakarra».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Umoretik jo du Goizalde Landabasok minaz eta beldurraz aritzeko

Umoretik jo du Goizalde Landabasok minaz eta beldurraz aritzeko