«Tsunamia bezala kanpotik» heldu zen gerrari Orizarrek nola erantzun zion
Gerra Zibilari buruz herritarrek kontatutako lekukotzak oinarri, «literatura» bidez osatu ditu Iñaki Iturain zazpi ipuineko 'Denboraren zubia' ontzeko
Beste etxe askotan ez bezala, non Gerra Zibila eta haren bueltako gaiak «erabateko tabua» ziren, Iñaki Iturainen (Orio, 1956) aitak atsegin zuen istorioak elkarbanatzea. «Han ibili zen eta zorionez tiro bakar bat jo gabe itzuli zen etxera. Tarteka orduetan gerrako kontuak gogora ekartzea gustatzen zitzaion», azaldu zuen kazetari eta idazle oriotarrak aurkezpenean. Horrek Iturain erakartzen zuen «atmosfera» sortu zuen eta urte batzuk geroago ikertzeari ekin zion. «Liburutegi, artxibo, hemeroteka eta batik bat herriko adineko jendearekin izan nintzen». Lehenik 2014an 'Gerra bat barruan degula' liburua kaleratu zuen, baina ez zuen lana biribildua ikusi hainbat kontu kanpoan geratu zirelako. Arantza hori atera du 'Denboraren zubia' (Erein) ipuin-bildumarekin, kaleratutako fikziozko lehen lana.
«Informazio eta gogoeta jaso nuen. Gerrak nolako eragina, nolako ubera izan zuen eta utzi zituen ondorioak», azaldu zuen agerraldian. Horrekin alegiazko Orizar sortu du, kostaldeko herri txikia, eta zazpi istorioren atrezzoa. Inazio Mujika Ereingo editoreak kontatu bezala «gerra eta gerra ondorena da protagonista», hitzaren bi adieretan, «bai denboraz eta bai kontsekuentziak pairatzen dituztelako pertsonaiek». Hauen artean dira etxean zeukaten irratia balkoira ateratzen zuten etxeko andre-gizonak, etxepean biltzen ziren herritarrek bazetorkien gerraren albisteak entzun ahal zitzaten; Faxisten aurrerakada gelditzeko gorriek dinamitaz lehertutako ibaiaren gaineko zubia berreraikitzen ibilitako presoaren istorioa; bi mutil gazte, bataren eta bestearen aita kontrako bandokoak izanik, itsaslabarrean adiskidetu zirenak; Gerra bukatu berritan Frantziatik Orizarrera misio sekretuan etorritako neska antropologo eta argazkilaria edota Gerran gudari ibilitako gizonaren alaba kementsua.
Zazpietatik sei Gerrako hiru urteetan eta gerraostean kokatu ditu Iturainek eta azkena «60ko urteetan sortzen ari zen gerra atarian». Kasu guztietan nabari da Orizarrera gerra «kanpotik» etorri zela, «tsunami» bat bailitzan. «Bakoitzak nola erantzun zuen da lantzen eta azaltzen dudana, oso ezberdinak izan zirelako: erreketeak Igeldotik sartu aurretik iparraldera joan zirenak arrantzale barkuetan, herrian bertan geratu zirenak seguru zirelako egoera berria haientzat hobea izango zela edo ustez ezer gertatuko ez zitzaielakoan geratu eta nola bat fusilatu zuten», jarri zuen adibide bezala.
Erantzuna, literaturan
Kontu horiei, lehen liburutik kanpo geratu zirenei, erantzuteko modu bakarra «literaturan» aurkitu zuela onartu zuen idazleak. «Herrian askok kontatu zidaten halako kanpamentura eraman zutenean haren emaztea bila joan zela eta bizirik ekarri zuela etxera. Baina inork ez zekien han goia zer arraio gertatu zen, nola ekarri zuen». Era berean, gerrak eztanda egitean osaba batek Iparraldera alde egin zuela kontatu zuen eta ez zela inoiz itzuli. «Ez nuen ezagutu». Horrelakoen aurrean «fikzioak, istorio asmatuak» ondu ditu. «Bide horretan abiatu nintzen, nire baitan zubitxo bat sortu nuen kazetaritzatik literaturara egiteko».
'Denboraren zubia'
-
Egilea: Iñaki Iturain.
-
Argitaletxea: Elkar.
-
Prezioa: 17,5 euro.
-
Orrialdeak: 136.
Mujikak esan bezala «1936-1939ko gerra gai kuttuna» du. Ipuin-bilduma ez da «gerrako beste teoria bat», azaldu zuenez, eta gatazka «atzeko oihala, antzeztokia» da, bertan pertsonaiak askatzeko. «Pertsonen jokabidea jakiteko lekurik onena da gerra, han ikusten da bakoitzaren onena eta txarrena», iritzi zuen Mujikak. Hala, zazpi kontakizunetako protagonisten «nahiak, desirak, maitasunak, gorrotoak, minak...» gerran dute sustrai. Emaitza eskuan, narrazioek girotzeko Iturainen gaitasuna goraipatu zuen «bai lekuz, garaiz zein pertsonaien harremanetan. Gertatzen den guztiari sinesgarritasuna ematen dio, fidagarria da. Bestela bezala ari da kontatzen, suabe-suabe, transzendentzia handirik gabeko istorioa balitz bezala, nahiz eta oso transzendenteak diren». Eta zergatia ere oso argi duela nabaritu zen, «asko irakurritako eta batez ere asko entzundako pertsona» delako. «Ahozkotasunarenganako arreta hori nabari zaio», amaitu zuen.
Memoria Historikoaren esparruko 2014ko 'Gerra bat barruan degula' liburua mintzagai, aditzaren erabilera gipuzkoarraren aldeko apustua azaldu zuen. «Anjel Lertxundik proposatu zidan Benito Lertxundiren kantu batek hala diolako». Ez da idazle oriotarrarekin izandako hartu-eman bakarra, 'Denboraren zubia' ipuin-bildumari begira ere alboan izan baitu, Juan Luis Zabala, Lander Garro, Beñat Sarasola edo Joseba Sarrionandiarekin batera. Guztientzako esker on hitzak izan zituen errealitatetik fikziorako jauzia ez zaiolako erraza egin. «Kostatu zait. Ez dira berdinak kazetaritza eta literatura, historia eta istorioak, pertsona eta pertsonaiak, egia eta egiantza».