Tintinek euskara eguneratu du
Zephyrum eta Trilita argitaletxeek 'Uharte beltza' komikia berrargitaratu eta Tintinteka –Tintinen fonoteka– sortu dute ikaskuntza eta murgiltzea errazteko
Tintin, Milu, Haddock kapitaina, Tournesol irakaslea edo Dupond eta Dupont-en eta hauek bizi dituzten abenturen zale izanez gero, adi. Izan ere, pertsonaia guztiek euren euskara eguneratu dute Zephyrum eta Trilita argitaletxeen eskutik 'Uharte beltza' komikian. Horretaz gain, Tintinteka –Tintinen fonoteka– sortu dute euskararen ikaskuntza eta murgiltzea errazteko.
2019an ekin zioten kazetari belgikarra eta haren fox-terrier zuria protagonista dituzten komikien eguneratze lanari Zephyrum eta Trilitak. Lehenik 'Castafioreren bitxiak' lana izan zen eta ostean 'Ilargia helburu' eta 'Ilargian oinez'.
Ez da, noski, Tintinen abenturak euskaraz irakurtzeko lehen aukera izan. Zorionez XX. Mendeko 60ko hamarkadan Etor argitaletxeak hiru lan eta ondorengo bi hamarkadetan Elkarrek bilduma osoa kaleratu zuen. Hala, guztira 24 izan dira euskarara itzulitako Tintinen abenturak. Lehena 'Tintin sobieten herrialdean' izan zen eta azkena 'Alpha-Art'.
'Uharte' beltza'
Egilea: Hergé
Itzultzailea: Inazio Mujika Iraola.
Argitaletxea: Zephyrum eta Trilita (koedizioa).
Prezioa: 18,5 euro.
Jatorrizko argitalpena: 1937.
Euskaraz lehen argitalpena: 1986 (Joxemari Azurmendi).
'Uharte beltza' komikiaren kasuan 1986an itzuli zuen Joxemari Azurmendik. Orain, 7 urtetik 77 urterako irakurleek itzulpen «eguneratu eta modernoagoa» gozatu ahalko dute. Horixe izan baita berrargitalpen hauen lehen motibazioa, bi argitaletxeek azaldu dutenez. «Orduz geroztik, euskarak bilakaera izan du, hizkuntza guztietan gertatzen den bezala, giza izaeraren isla diren heinean. Horregatik, edizio berri hau Inazio Mujika Iraola idazle, gidoilari, itzultzaile eta editoreari eman zaio, eta honek, aurreko albumetan bezala, frantses jatorrizkoari leial izan nahi izan dio, nahiz eta inoiz ez duen alde batera utzi euskal literatur tradizioaren ezagutza sakona», zehaztu dute.
Orotara 1929tik hona 116 hizkuntzara itzuli dira bildumak eta 250 milioi kopia baino gehiago saldu dira. Zinemara ere jauzia maiz eman du, zehazki hamahiru aldiz, azkena 2011n Steven Spielberg estatubatuarrak zuzendutako 'Tintinen abenturak'.