Tere Irastortza idazlearen poesia antologiaren katalanerako itzulpena nabarmendu dute
Zaldibiarraren 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du Manel Rodriguez-Castellók itzulitako 'Glosak·Glossar el món' (Ediciones Contrabando) lanak
Manel Rodriguez-Castellók (Alkoi, 1958) eskuratu du 2025eko Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Saria 'Glosak·Glossar el món', Tere Irastortza idazleak 1980. eta 2023. urteen artean sortutako poemen hautaketa, katalanera itzultzeko egindako lanagatik. Valentziako Ediciones Contrabando zigiluak eman zuen argitara iaz, katalana-euskara edizio elebidunean eta epaimahaiak nabarmendu du itzulpena «bikaina eta jatorrizko testuarekiko leiala» dela. 4.000 euroko sari bakarra jaso dute itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu dezaten. Halaber, 2.000 euroko laguntza gehigarria jasoko dute irabazleek literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.
Liburuak Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasotzen du. Bere lehen poesia-liburua, 'Gabeziak', 1980an argitaratu zen, eta ordutik hamar titulu gehiago plazaratu ditu. 'Glosak·Glossar el món' bilduman, irakurleak aurreko lanetako poemen aukeraketa zabala aurkituko du, baita Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osatzen duten testu argitaragabeak ere.
'Glosak·Glossar el Món' liburuari buruz epaimahaiak nabarmendu du «bikaina» dela itzulpena, «hizkuntzari dagokionez akatsik gabea, arin irakurtzekoa eta jatorrizko testuaren estiloarekiko leiala». Horrekin batera, «idazleak proposatutako forma poetikoak errespetatzen» dituela gaineratu du, eta «euskaraz poemak duen espirituari erantzuteko katalanezko irtenbide naturalak bilatzeko egindako ahalegina» azpimarratu. Halaber, aintzat hartu du, besteak beste, «edizio zaindua eta elebiduna» izatea.
Itzultzaileak eta argitaletxeak Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza eta LABORAL Kutxaren ordezkari Jokin Gorritiren eskutik jaso dute saria, ostegun honetan Bidebarrietako Liburutegi Nagusian (Bilbo) egin den ekitaldian. Tere Irastortzak berak eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak ere hartu dute parte sari banaketan.
Izen handiko zerrenda
Era honetara, aurreko urteetako sarituetara batzen dira. Bertan dira 2024an Estibaliz Lizaso eta Pol·len edicions Uxue Alberdiren 'Kontrako eztarritik' (Susa) saiakera katalanera itzultzeko; 2023an Amaia Gabantxo eta Parthian Books Miren Agur Meaberen 'Hezurren erretura' (Susa) eleberria ingelesera eramateko; 2022an Mariolein Sabarte eta Zirimiri Press Katixa Agirreren 'Amek ez dute' (Elkar) nederlandera itzultzeko; 2021ean Nami Kaneko eta Shinchosha Bernardo Atxagaren 'Soinujolearen semea' (Pamiela) japonierara eramateko; 2020an Eider Rodriguez, Lander Garro eta Literatura Random House lehenaren 'Bihotz handiegia' (Susa) ipuin-bilduma gaztelaniara eramateko; 2019an Ainara Munt eta Pol·len edicions Joseba Sarrionandiaren 'Hilda dago poesia?' poesia katalanera itzultzeko; 2018an Amaia Gabantxo eta Center for Basque Studies Gabriel Arestiren bi poesia, 'Harri eta Herri' eta 'Maldan Behera', ingelesera eramateko; 2017an Yaroslav Gubarev eta Anetta Antonenko Bernado Atxagaren 'Behi euskaldun baten memoriak' (Pamiela) ukrainerara itzultzeko; 2016an Nami Kaneko eta Hakusuisha Kirmen Uriberen 'Mussche' (Elkar) japonierara eramateko eta zerrenda ireki zuen 2015ekoa, Isaac Xubín eta Kalandrakak Joseba Sarrionandiaren 'Tempo de exilio' galegora itzuli zutenekoa.