'17 segundo', Kirmen Uribek 17 urtez ondu duen poemarioa
Idazle ondarroarrak liburuaren batasuna nabarmendu zuen, «hari ikusezinekin lotuta» baitaude zazpi ataletan banatu dituen 90 poemak
Gauza asko kabitzen dira 168 orrialdeko liburu batean: 17 urtez idatzitako poemak; bizitzaren aroak; lurralde asko, geografikoak -Ondarroa, Berlin, Japonia, Gasteiz, New York...- zein bestelakoak (kartzela, kasu); gai eta kezka unibertsalak eta partikularren batzuk ere bai; poemak osatzeko era desberdinak...
Horiek guztiak, eta zenbait gauza gehiago, bildu Kirmen Uribek (Ondarroa, 1970) '17 segundo' liburuak dituen 168 orrialdeetan. 2001eko 'Bitartean esku heldutik' haren ondoren, bigarrena du. Hura bezala, Susak argitaratu du. Atzo bideokonferentziaz eman zuen hiru nobela argitaratu ostean berriro poesiara ekarri duen liburuaren berri, New York eta Donostia lotuz.
Durangoko Azokarako itzuliko da Euskal Herrira, eta liburuaren bi aurkezpen musikatu ere egingo ditu abenduan zehar -Donostiakoa abenduaren 19an izango da, Antzoki Zaharrean, konpainia oso onean-, baina Columbia University-n dituen egitekoen kontura urrutiko aurkezpena izan zen atzokoa, lehena.
Behin baino gehiagotan esan zuen oso gustura dagoela emaitzarekin. Izenburuaren jatorria ere argitu zuen. Izan ere, Metropolitan Museum-eko gida batek behin esan zion batez beste bisitariek 17 segundo baino ez dituztela igarotzen artelan baten aurrean. Gure garai azeleratu hauen ezaugarri eta ondorio, «kontzentratzeko gaitasuna galdu» baitugu. Poesiak, berriz, «abiadura horretatik ateratzen gaitu» eta beste norabait eraman.
Pello Irazuren azalak biltzen duen liburuak, esan bezala, toki askotara eramaten du irakurlea, leku eta momentu askotatik ekarri baititu Kirmen Uribek zazpi ataletan banatu dituen 90 poemak. Izan ere, Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak atariko hitzetan adierazi zuenez, «dibertsitatea» da liburuaren ezaugarri nagusia, bai funtsaren aldetik, baita formarenetik ere. «Idazlearen begirada» da batasuna ematen diona.
Idazleak, hain zuzen, berebiziko garrantzia eman zion batasun horri. Horrexegatik da poemario bat, eta ez poema bilduma bat, badaudelako poema guztiak elkarren artean lotzen dituzten «ezkutuko hariak». Horregatik gelditu dira liburutik kanpo hari ikusezin horiekin josi den logikatik at zeuden poemak.
Belaunaldi baten erretratua
Orain arteko Kirmen Uribe denak edo gehienak daude liburuan. Etxeko emakumeek antxoak garbitzen zituzten bitartean mahaiaren azpian jolasten zuen haur lotsatia. Intsumiso izateagatik kartzelan zortzi hilabete igaro zituen gaztea, orain arte itxialdi hura kontatzeko gai izan ez dena eta haiku bidez berreskuratu duena. Ingurukoak zahartzen eta joaten ikusten ari dena. Mundua korritu duena. New Yorken dabilena.
Oso liburu pertsonala da alde horretatik, baina bada baita ere «gure belaunaldiaren erretratua». «Haurrak txikiak eta gurasoak helduak» dituzten eta aurretik dutena atzean utzitakoa baino laburragoa dela hautematen hasi diren horiena. Hartara, «bizitzaren kolpeak nabaritzen dira poemetan, eta nire beldurrak ere bai, modu gordinean».
Batasuna bezainbeste zaindu du Uribek forma: formen aniztasuna, eta horien eta edukien arteko korrespondentzia. Era askotako poemak daude, prosa ere bai, egilea horren gustura utzi duen liburu aberatsean.
(50586737)============
17 segundo
Idazlea: Kirmen Uribe
Generoa: Poesia
Argitaletxea: Susa
Orrialdeak: 168
Salneurria: 17,10 euro.