Poetandreen «hitz galduak», euskaraz berreskuratuak
Antzinate klasikoan grekoz eta latinez idatzi zuten 24 emakumeren poemak jaso eta itzuli ditu Maite López las Herasek Balea Zuriak argitaratu duen 'Poetandreak' libururako
n. azurmendi
Igandea, 9 urria 2022, 13:59
Hitz bat sortu behar izan du Maite López las Heras irakasle, itzultzaile eta idazle azkoitiarrak bere azkeneko proiektua izendatzeko: poetandre, mende asko eztutuan eta isilpean igaro dituzten emakume poetek berariaz sortutako deitura merezi zutelakoan. «Asmatutako hitza da. Ez nuen nahi izenburu ortodoxoa eta gramatikalki zuzena sortzea, hitz elkartu bat ere ez», azaldu zuen Balea Zuriak argitaratu duen 'Poetandreak literatura greko-latindarrean' antologia aurkeztean.
Oinarri filologiko eta estetiko sendoak dituen hitz berri horren pean, Filologia Klasikoa ikasi zuen López las Herasek antzinate klasikoko 14 mendetan zehar arrasto poetikoa utzi zuten 24 poetandreren hitzak bildu ditu. K.a. VII. mendetik K.o. V. mendera bitartean poesia idatzi zuten emakume haiek gure egunotara ekarriz, «hiru osagai –euskara, emakumea eta antzinate klasikoa– lokarri berean» lotu nahi izan ditu. Hartara, euskal literaturaren esparrua zabaldu eta osatu du; ezkutuan zeuden emakueak azaleratu ditu, beraien ahotsarekin, eta erakutsi du antzinate klasikoa «ez dela aspaldikeria, ez dagoela hilda».
Safo eta haren oinordekoak
«Eskaintza ukaezin» horrekin joan zitzaien Balea Zuria-ko kideei, 2020an argitaratu zioten Saforen poesia guztiaren segida egokia izango zelakoan. Aste honetan Donostian egin den aurkezpenean argitaletxearen izenean mintzatu zen Aritz Gorrotxategiren hitzetan, liburu haren ibilbidea «oso pozgarria izan da, eta hasierako harri edo sustrai haren bidetik etorri da bigarren hau ere».
Izan ere, Kristo aurreko VII. mendean Lesbosen bizitako Safo izan zen «aurrenekoa, emakume poesiaren abiarazlea», eta haren ondotik etorri ziren beste asko. Antologia honetarako 24 aukeratu ditu, Safo barne, «iritsi zaigunaren arabera» aukeratu ere, askotan izenak gorde baitira soilik, ez ordea poemak.
1.400 urteko tarte zabal horrek hartzen dituen garai guztietako ordezkariak daude antologian, garai arkaikoetatik hasi eta Grezia helenistikora arte, latinez idatzi zuten poetandreak barne. Gutxi dira azken horiek, hiru baino ez, gizarte ereduaren aldaketaren isla. «Oraingoan poesia paganoa hartu dut aintzat, poetandre kristauak beste baterako...» esaldiarekin, hirugarren entrega bat iradoki zuen.
24 poetandreen izen ederrak ozen irakurri zituen, «hizkuntza jasoa erabiltzen zuten eta literaturara berrikuntza asko ekarri zituzten emakume kultu» haien omenez-edo. Ezkutatuak izan diren haien bizitzen berri ere eman du antologian, non ikusten den «ez zituztela bakarrik maitasun poemak idazten, ez zirela mugatzen gai pertsonaletara». Denek, hori bai, «poesia lirikoa idazten zuten, epika gizonezkoentzat uzten zuten». Lana burutzeko baliatu dituen iturriak ere aipatzen ditu, baina batez ere egin duena izan da «hitz galduak jaso, gehiago gal ez daitezen».