Palindromoak euskaraz. Historia laburra
'Abere ba, palindromo ilustratuen piztegia' liburuaren aurkezpen-txostenetik hitzez hitz hartutako testu honek erakusten du lehendik ere landu direla palindromoak euskaraz
Igandea, 2 otsaila 2020, 08:20
«Palindromoekin hizkuntzaren materialtasuna jartzen zaigu aurrean, eta munduko errealitateari hitzen errealitatea kontrajartzen zaio» dio Iñaki Arranzek.
Euskara berezko hitz palindromo eta erretrogradotan aberatsa da inguruko hizkuntzekin alderatuz, hots: ama, ere, erre, aisia, ustetsu, zurrumurruz.
Atzekoz aurrerako hurrenkeran zentzudun perpausa osatzeko potentzialitatea duen arren, ez da oso oparoa edo ezaguna palindromo sorkuntza euskaraz. Hona hemen azti hitza den horri hurbilketa bat.
Kirikiño idazle bizkaitarrak palindromorik luzeenaren bila lehiaketa deitu zuen 'Euzkadi' egunkarian 1923ko abenduaren 16an. Irakurleek 150etik gora esaldi palindromo baino gehiago bidali zizkioten hilabete pare batean, Otxolua idazleak horietako 134 aurkeztu zituen. 1924ko otsailaren 29ko zenbakian irabazlea argitaratu zen, Txadin ezizeneko neska bat izan zen hurrengo palindromoarekin:
AKITIKA ARUAT ANUDUNA, NEUREKIN TA ORRA ZELAN AMA MAITIA GAITI AMAMAN ALEZ ARRO AT NIK ERUEN ANUDUNA TA URA AKITIKA.
Baditugu bestela, euskarazko palindromo eredu bakan batzu, adibidez:
NIK ENARA NERAMAN AMAREN ARANEKIN. Teresa Igeregi 1992.
AI AMA, ARI DIRA AMAIA! Iñigo Aranbarri, 2001.
INOREN ERO NI musika taldearen izena 2002tik.
ATARA ZARATA antzerki taldea edo kultur elkartea.
AKAUZAZTE eta ETZAZUAKA musika taldeak.
Markos Gimeno ermuatarra izan da euskal palindromogintzako maisua, azken hamarkadan zerorajasoa.com webgunean astero erronkak plazaratuz, eta ikastaro bidez palindromo, hitzezperimentu edo hitz jokoekiko zaletasuna zabalduz. 2014an '131 AZA Palindromo ariketak' liburua argitaratu zuen erronkekin. Ekarpen nabarmen eta ederra, atsotitz tankera hartzen dutenak bereziki:
ESANIK ERRUZ EGI BAT ETA BI GEZURREKIN ASE
Zoritxarrez, Markus autore erotua 2018ko abenduaren 7an 44 urterekin, ziztuan ona utziz hil zen eta palindromo bihurtu.
Arrasate Euskaldun Dezagun AED elkarteak Gimenoren laguntzarekin, euskarazko palindromo lehiaketa martxan jarri zuen 2011an, lau urtez.
2011an, Euskarazko palindromo lehiaketaren 1. edizioko Euskal Herriko Palindromo onena Juan Mari Agirreurreta aretxabaletarrak osaturikoa da:
UTZI PENAK ANE; PIZTU!
2012an, Euskarazko palindromo lehiaketaren 2. edizioko Euskal Herriko Palindromo onena, Aretxabaletan bizi den Juan Mari Agirreurreta Elosegik egindakoa da:
ANIMATUTA BAZEN, EZABATUTA MINA!
2013an, Euskarazko palindromo lehiaketaren 3. edizioko Euskal Herriko Palindromo onena Xabi Lasa Zumarragarrak egindakoa da:
IRUDIAK ULUKA IDURI
2014an, Euskarazko palindromo lehiaketaren 4. edizioko Euskal Herriko Palindromo onena Miguel Angel Barrero olaztiarrak egindakoa da:
AUZI AURREAN, AMAREN ZAIN, IAZ NERAMANA: ERRUA, IZUA