Oztopoak behin eta berriro gaindituz, «aurrera» egitearen istorioa
Juan Kruz Igerabidek Breda Smolnikar idazle esloveniararren 'Han goian urkiak hostoberritzen direnean' eleberria euskarara ekarri du Alberdania argitaletxearentzat
Aurrean jarritako oztopo guztiei aurre egiten duen emakumearen istorioa kontatzen du 'Han goian urkiak hostoberritzen direnean' eleberriak, Breda Smolnikar idazle esloveniararren liburua Juan Kruz Igerabidek euskarara ekarri duena Alberdania argitaletxearentzat. «Batez ere ekin egiten du, ekin eta jarrai», laburtu zuen Jorge Giménez Bech editoreak. Jardun horretan, zehaztu zuenez, bi baliok zehazten dute bere sistema: «bere burua eta bereak zaintzea eta, ostean, ahal izanez gero, besteak laguntzea». Hori bai, bigarren hori «bideak dakarkion zerbait da».
Abiapuntua Eslovenian kokatzen da Lehen Mundu Gerraren aurreko urteetan. Protagonista Rozina da, «emakume bizi eta aktiboa», senarrarekin batera Estatu Batuetara lekualdatuko dena herrikide asko bezala etorkizun hobe baten bila. Lehen oztopoei aurre eginda Lege Lehor betean patarra egiteko eta saltzeko negozio oparo bat aurrera aterako du. Baina Gerren arteko garaian dena atzean utziko du bikoteak, alaba familiarekin geratuko da, eta osteko gertakariak honekin batzea ezingo dute: Bigarren Mundu Gerra edo sozialismoaren iritsiera, esaterako. Noski, bigarren oztopo honi ere aurre egingo dio Rozinak eta bigarrenez familia pobreziatik aterako du. «Harreman komertzialean disfrutatzen duela nabari da eta dirua ez zaiola hainbeste inporta. Emakume egoista dirudi, bere familian soilik pentsatzen duena, baina laguntza eske joaten zaizkionean ez du zalantzarik egiten», aurreratu zuen Igerabidek.
Itzultzaileak azaldu zuenez Eslovenian izan zen batean Smolnikar ezagutzeko aukera izan zuen eta «segituan konexio bat sortu zen». Topaketa haren ostean agindu zion bere eleberria euskarara ekarriko zuela eta, tarteak urte batzuk igaro badira ere, pozik azaldu da «azkenean lortu dugulako». Are gehiago, agerraldian aipatu zuenez, idazle esloveniarra ere bi itzulpenekin gustura azaldu denean.
Han goian urkiak hostoberritzen direnean

-
Egilea: Breda Smolnikar.
-
Itzultzailea: Juan Kruz Igerabide.
-
Argitaletxea: Alberdania.
-
Estiloa: Eleberria
-
Orrialdeak: 98.
-
Prezioa: 14,50 euro.
Liburua euskarara ekartzeak eman dizkio lanak Igerabideri, izan ere lan originala punturik gabe idatzi zegoen eta «itzultzean dena segidan oso latza geratzen zen». Hori dela-eta, eta «esperimentalismoaren aroa amaituta» dagoela iritzita, egilearen halako akordioa lortu zuten testua zatitzeko, beti «irakurlearen mesedetan». Hala, ere, aldaketa kontu estetikoa da gehiago, Igerabidek argi utzi bezala «testuaren izaera bizian» ez baitu inolako eraginik.
Hori bai, itzultzaile zein editorearen aburuz liburua eder askoa da, «oso bizia eta arrapaladan bezala irakurtzen dena», Igerabidek nabarmendu zuenez. Giménez Bechen aburuz «XX. mendea izan denaren lagin tragikoa» da 'Han goian urkiak hostoberritzen direnean', bata bestearen segidan «garai latz batzuk kateatzen» dituena, hori bai inolako «gogoeta moralik» gabe. Kontatzeko modua, gainera, «gordina da, inolako apaingarririk gabe».
Euskarazko bertsioaz gain, Alberdaniak gaztelaniara ere ekarri du Smolnikarren lana. Kasu horretan 'Cuando allí arriba los abedules reverdecen' izenburupean eta Barbara Pregelj eta David Heredero Zorzoren itzulpenaren eskutik.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.